Mintzalaguna: euskaraz hitz egin beldurrik gabe

Mintzalaguna egitasmoari esker, aurten ere hainbat irundarrek euskara ikasgelatik kanpo erabili ahal izango dute. Mintzapraktikak egiteko formula arrakastatsua bueltan da.

@A3 mintzalaguna-2013

Irunen ehunka lagun aritu dira, eta ari dira euskara ikasten. Hainbeste urte eta lanen ondoren, horietako askok ez dute norekin hitz egin, edota, beldurrak eraginda, ez dira euskaltegitik kanpo euskaraz hitz bakar bat ere esatera ausartzen. Eta erabiltzen ez den hizkuntza… Horrenbestez, aurten ere  Irungo Udalak Mintzalaguna egitasmoa antolatu du, Irungo  euskaltegien laguntzaz.
Euskaraz hitz egin nahi duen horri (“MINTZAKIDEA”) euskaldun oso bat (“MINTZALAGUNA”) bilatzen zaio, astean behin elkartzeko eta euskaraz aritzeko. Ez dira klaseak, eta mintzalagunak ez dira irakasleak, mintzatzeko lagunak baizik. Mintzakide bezala parte hartzeko gutxieneko maila eskatzen da: B1 mailari dagokiona, alegia.
Parte-hartzaileen zaletasunak, adina eta, batez ere, ordutegia kontuan hartuta, hiru, lau edo bost laguneko talde-txoak osatzen dira. Ondoren, taldetxo bakoitzak erabakitzen du zer egin: taberna batean elkar daitezke, edota ibiltzera joan, edota erosketak egin, edota… hau da, berdin dio non, noiz eta zertarako elkartzen diren, baina helburua euskaraz hitz egitea izango da.
IZENEMATEA
Urriaren 14tik 19ra HAZ/SACen (astelehenetik ostiralera, 8:30-14:00 eta 16:00-19:00, eta larunbatetan 9:30-13:00), edo www.irun.org/euskara atarian urriaren 20a arte.

EKINTZA OSAGARRIAK
Asteroko hitzorduaz gain, euskaraz aritzeko aukera gehiago izatearren, ekintza osagarriak antolatzen dira.

EKINTZAK
• Mendi irteerak, bestelako irteerak (Abbadia, Artikutza, Plaiaundi, Txokolate Museoa, Done Jakue bidea Irunen barrena, Gazta Museoa, Su Eskola, itsasontziz arrantzara, bisita txakolindegi edo sagardotegira…).

TAILERRAK
• Ardo-dastapena, kanta ikastaroa, dantza, talogintza, aromaterapia, sukaldaritza, antzerkigintza, argazkilaritza…
BESTELAKOAK
• Bazkariak/afariak (kantu bazkari edo afariak, bertso bazkari edo afariak, afari-meriendak…).
• Kultur emankizunak (hitzaldiak, antzerkiak, ipuin kontalariak…).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude