Azaroaren 4ra arte ikusgai egongo da Irungo Martindozenea Gaztelekuan Miriam Loidi artistaren erakusketa. “Jaizkibel bidea eginez” izenburuaren barnean liho bitartez sortutako gofratuak eta laten bidez egindako estanpak biltzen ditu erakusketa. Jaizkibel mendiko zabor bilketa prozesu parte-hartzaile baten bitartez gauzatu zen eta 31 pertsonek parte hartu zuten bertan. Gainera, erakusketaren inaugurazio egunean gazteei zuzenduriko tailer bat antolatu zen ere.
Nola lortu zenuen gazte-lekuan erakusketa egiteko aukera?
Gaztelekuko arduradunekin harremanetan jarri nintzen nire lana erakusteko interesa nuelako eta haiek lagundu zidaten erakusketa antolatzeko prozesua aurrera eramaten. Hasiera batean erakusketa udara hasieran egitea adostu genuen, baina, arazo batzuengatik, inaugurazio data atzeratu behar izan genuen.
Nolakoa izan da esperientzia?
Oso esperientzia polita izan da eta zalantzarik gabe errepikatuko nuke. Gaztelekuan egindako harrera onaz gain, gazteei nire lana erakusteko aukera izan dut erakusketa honi esker eta jasotako erantzuna positiboa izan da.
Zer nolako obrak ikus daitezke erakusketan?
Serie desberdinak daude. Alde batetik, linoleozko mapen bitartez mendia garbitzen egindako bideak irudikatu nahi izan dut. Bestetik, bildutako zaborraren artean, berriz, lata zanpatuak erabili ditut estanpak sortzeko.
Erraza izan da material mota horrekin lan egitea?
Ez egia esan, material gehiena zahartuta eta zikina zegoelako. Ironikoa diruen arren, zaborra garbitu eta materiala aukeratzen denbora asko eman behar izan dut. Horren ostean, zaborrarekin froga ezberdinak egin behar izan ditut , esperotako emaitza lortu dudan arte.
Zein izan da erakusketa honen bitartez transmititu nahi izan duzun mezua?
Proiektu honek bi helburu nagusi dauzka. Batetik, jendeak mendia gehiago ezagutzea eta, bestetik, mendia garbitzearekin batera, bildutako zaborra eraldatuz zerbait berria sortzeko gai garela jendeari erakustea. Bigarren helburu hori lantzeko gaztelekuko gazteekin egindako tailerra oso interesgarria izan zen.
Zein izan da emaitzaren inguruan jaso duzun balorazioa?
Hasieran senideak eta jende ezaguna hurbildu zen batez ere erakusketara. Hala ere, zabor bilketan parte hartu zuen jende asko sortutako lanarekiko poztasuna erakutsi dit, prozesuaren parte sentitu direlako. Orain kanpoan ikasten ari naizenez Irunen egotea gustatuko litzaidake , erakusketa interesa erakusten dutenekin bisitatzeko.
Zeintzuk izango dira zure hurrengo proiektuak?
Etorkizunean ingurumenaren gaia lantzen jarraitzea gustatuko litzaidake. Hortaz gain, bidaiekin loturiko beste proiektu bat daukat buruan, bidaiak egiterako orduan jendearen motibazioak eta esperientziak ezagutzera emateko.