Berezia izan da aurtengo martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Mundu mailako emakumeen greba deitu mugimendu feministak, zaintzan, kontsumoan, ikastetxeetan eta lan-arloan. Emakumeek planto eginez, sistema geldiaraztea eta ondorengo hausnarketa bultzatzea izan da asmoa. Deialdiak arrakasta izan du, eta leku askotan inoiz ikusi gabeko mobilizazioak eragin ditu. Mugarria ezarri dezake aurtengo martxoaren 8ak.
Behe Bidasoa eskualdean, erakundeekin loturarik ez duten zenbait eragilek antolatu dituzte mobilizazioak. Eguerdiko manifestazioan 8.000 lagun bildu dira, udaltzainen arabera. Adin, lanbide, ideologia eta jatorri ezberdinetako jendea bildu da, berdintasunaren aldeko aldarriarekin bat egitera. Irungo San Juan plazan hasita, hiri erdia zeharkatu du manifestazio jendetsuak. Emakumeek bizitzako hainbat arlotan jasan behar izaten duten diskriminazioa salatu dute antolatzaileak: “Emakumeok zapaltzen eta menderatzen gaituen sistema heteropatriarkala irauli behar dugu”.
Aurtengo martxoaren 8ra iristeko egindako lana azpimarratu dute: “Prozesua modu ireki eta deszentralizatu batean egin dugu, aniztasuna oinarri, talde eta norbanako askorekin elkarlanean: belaunaldi, jatorri edota kultura politiko ezberdinetakoak, talde feminista zein eragile sozial edo sindikaletakoak”. Aurtengo martxoaren 8an arnas berria lortu du mugimendu feministak, eta aurrekaririk gabeko olatu more erraldoia eragin du. Martxoaren 9tik aurrera hura elikatzen jarraitzeko lana beharrezkoa izango da, hemendik aurrera.