Moskuko Jaiak nagusi abuztuaren 9tik 15era

Moskuko jaiak abuztuaren 9tik 15era bitarte ospatu dira aurten hiritarren artean izen berdinarekin ezaguna den plazaren ignuruan. Aurtengo jaiak girotzeko hautatutako gaia G7 bilkura izan da “G7, ez hemen ez inon” tituluaren azpian. Hortaz gain, aurreko urteetako jaien egitarauarekin antzekotasun handiak dauzkan ekitaldien zerrenda osatzea lortu du jaien asanblada antolataileak aurten ere, kontzertu zerrenda indartsuarekin eta zenbait berrikuntzekin.

Ohikoa den moduan aurten ere kontzertu eskaintza zabala izan da Moskuko Jaien barruan. Besteak beste, zazpi jaiegunetan zehar oholtza gainean talde hauek ikusteko aukera izan dute Urdanibia plazara hurbildu direnek: Nuevo Catecismo, Catolico, Lisabö, Fusible, Doble Capa, Oskar, Benas Instro Combo, Ainara Legardon, Mursego, Yogurinha Borova, Sara IC, gonbidatu sorpresa, Velozet eta King Kong Blues.

Aurtengo jaietako egitarauak aurreko urteetan izandako egitarauaren egitura mantendu du, jai hauetan jada ezinbesteko bihurtu diren hitzorduak, hala nola, tortilla txapelketa, mus txapelketa, haur jolasak edo Kemen dantza taldearen emanaldiak errepikatu dira beste urte batez. Gainera, jai-giro artean, formakuntzarako tartea izan da ere ahulduntzen feminista, ohialezko konpresen tailerra, potota tailerra, G7a eta KM0 inguruan antolatu diren hitzaldi eta tailerrekin.

Abuztuaren 10an antolatu zen bazkaria, kontzertuekin batera, jende gehien erakartzea lortu duten ekitaldiak izan dira. Bestetik, aurten bi bertsolaritza saio izan dira, bata abuztuaren 18:00an Egoitz Zelaia, Maddi Ane Txoperena eta Manu Goioganarekin. Beste, berriz, igandean, abuztuaren 11ean, mikrofono aurrean Miren Amuriza, Irati Alcantarilla, Aitor Sarriegi eta Igo Elortza aritu zirelarik.

Jaiak asanbladan eta elkarlanean
Orain arte egin bezala, Moskuko Jaien antolaketaz asanblada arduratu da. Horretarako, otsailaren 13tik aurrera, asteazkenero arratsaldeko 20:00etan plazan jaien antolakuntzako asanblan parte hartzeko asmoa zuten pertsonak bildu dira zereginak banatu eta, beste urte batez, elkarlanean oinarritutako jai hauek aurrera ateratzeko. Beste gauza batzuen artean, asanbladak ekainaren 11ra arte, G7aren gaia ardatz hartuta, jasotako kamiseta diseinuen artean 2019ko Moskuko Jaietako kaminesa aukeratzeko ardura izan du ere.

Elkarlana alde batera utzi gabe, plazako txosna ireki ahal izateko txanda ezberdinak betetzeko deialdi kolektiboa egin zen, txosnako barran edo sukaldean laguntzeko prest zegoen edonor bere txanda betetzeko aukera izan zezan.

Erasoen kontrako protokoloa
Beste urte batez, jai-giroan gertatu daitezkeen erasoak saihesteko helburuarekin Erasoen Kontrako Protokola martxan jarri da. Honela, protokolo honen bitartez erasoaren biktima izan den pertsonari lagungarriak izan daitezkeen telefono zenbakiak eskura jartzen zaizkio, hala nola, Irungo Udaltzaingoa, Irungo Ertzainza, SOS Deiak et Gizarte Larrialdien Foru Zerbitzuen zenbakiak. Hortaz gain, hainbat aholku luzatzen dira, erasoa izan den kasuetan arropa aldatu eta garbitu ez dadin edo, bortxaketa ahotik izan bada, ostean, ezer ez jan edo edateko gomendia, ikerketan lagungarria izango delakoan. Gainera, edozein kasutan, edozein zerbitzuetan lehen momentutik informatuta egoteko eskubidea gogora ekarri nahi da ere, hizkuntza ulertzeko zailtasunak dauzkaten pertsonek, berriz, itzultzaile baten laguntza jasotzeko eskubidea dutela gogorazten den bitartean. Osakidetzara jotzen den kasuetan, ospitaleak ofiziozko salaketa bat ipintzeko aukera izango du.

Era berean, erasotzailea txosna ingurutik kanporatu nahi denean jarraian azaltzen diren pausuak betetzea gomendatzen da protokoloan. Lehenik eta behin, musika kendu eta txosnan zerbitzatzeari utziko zaio, ostean, erasotzailea kanporatzeko. Guzti honekin erasoen aurrean bitimak bakarrik ez uztea eta inoiz erasoaren errudun izango ez direla gogorarazi nahi izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude