Egitasmoan parte hartzeko izen-ematea apirilaren 19a baino lehen egin beharko da
“Move Your Talent” ekimena apirilaren 23 eta 24an iritsiko da Irunera Gazte ARTEan-en eskutik. Egitasmoak, “Ausartu zaitez zure talentua mugitzera lelopean”, hiriko gazteen talentua mugitzeko plana martxan jartzea du helburu, programa dinamiko eta pratiko baten bitartez. Egitasmoan parte hartzeko izen-ematea apirilaren 19a baino lehen egin beharko da eta ikastaroak plaza kopurua mugatua du.
“Move Your Talent” 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat pentsatuta dagoen ekimena da. Egitasmoa euskaraz zein gazteleraz garatuko da Irungo Palmera Montero gunean aurrez aurre edo modu telematikoan, hau da, gazteek izena ematerako unean aukeratzen duten formatuan. Irunen egingo den “Move Your Talent” egitasmoan izena emateko epea apirilaren 19an amaitzen da. Izen-ematea bi modutan egin ahalko da. Batetik, Irungo Udalaren webgunea, programaren izen bereko ataleko formularioa betez. Bestetik, 010 edo 943505152 telefono zenbakietara deituz, astelehenetik ostiralera goizeko 8:00etatik 19:00etara eta larunbatetan 8:30etatik 13:30etara. Aipatzekoa da Irungo egitasmoak plaza mugatuak izango dituela, hau da, ikastaroa aurrez aurre egiteko 15 plaza eskaintzen dira eta modu telematikoan egiteko beste 15 plaza. Ikastaroa aurrez aurre zein modu telematikoan egiteko tokiak beteko balira, itxaron zerrenda 5 toki gordeko dira modalitate bakoitzeko.
“Move Your Talent” ekimenaren helburuetako bat gazteei lan-ingurune berriaren eskaria ezagutarazten laguntzea da, garapen profesionalaz arduratu eta ohiko ikaskuntzatik urruntzeko. Era horretan, nork bere burua ezagutzea lortu nahi da, mugatu egiten duten beldur eta usteei aurre egiteaz gainera. Horrela, jardunaldiak zuzenduko dituzten profesionalek gazteei balio-proposamena eta estrategia pertsonala garatzen lagunduko diete, haien helburuak lortzeko online eta offline bidezko komunikazio-plana diseinatuz.
Zehazki, programak bi jardunaldi izango ditu Irunen. Lehen jardunaldia apirilaren 23an egingo da arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara eta lehen saioaren helburua nork bere burua ezagutzea izango da. Horretarako, paradigma-aldaketaz hitz egingo da. Gainera, talentua mugatu eta mugitzea eragozten duten usteak landuko dira, berau oztopatzen duena zer den eta beldurrak zeintzuk diren identifikatzen ikasteko.
Bigarren jardunaldia, berriz, otsailaren 24an egingo da, goizeko 9:30etatik 13:30etara, eta bigarren saioan estrategia eta komunikazioaren lanketan zentratuko dira. Bigarren jardunaldiaren helburua ametsak, asmoak, helburuak eta balio-proposamenak modu argian identifikatzea izango da eta hori lortzeko ibilbide-orri bat diseinatuko da ekintzak identifikatzea posible izan dadin. Hortaz gain, proposamenak ondo komunikatzeak nolako garrantzia duen erakutsiko da. Izan ere, talentua aztertu ostean, talentua mugitzeak zelako garrantzia duen azalduko da, ekintzarik gabe zerbait lortzea ezinezkoa dela ulertzeko.
Programaren xehetasunak
Almudena Lobato, Elena Arnaiz, Nagore Garcia eta Ruben Montesinos erreferentziazko lau profesionalen eskutik, gazteek talentu guztia martxan jartzeko gakoak ezagutuko dituzte. Lau profesionalak arituko dira jardunaldietan izena ematen duten gazteekin lanean. “Move Your Talent” ekimena osatzen duten profesionalek irakaskuntzan eta aldaketa- eta garapen-prozesuen bideratzaile gisa, Gazte ARTEan Iruneko erabiltzaileei lan-ingurune aldakor eta hiperkonektatu honetan haien erronka berriei aurre egiten erakutsiko diete.
“Move Your Talent” egitasmoaren metodologia praktiko baten oinarritzen da, profesionalek propio diseinatu dute programa. Hain zuzen ere, “eginez ikasteari” garrantzi handia ematen zaio egitasmoaren barnean. Gainera, parte-hartzaileek iritziak eta bizipenak partekatzeko aukera izango dute, programaren koordinazio lanaz arduratuko diren bideratzaileen esperientziarekin osatuko dena.
Informazioak gainezka egiten duen mundu globalizatu eta hiperkonektatu honetan, teknologiek hazteko eskaintzen dituzten aukera berriak aprobetxatzen ikasi behar dute profesionalek. Horrez gain, uretan arrain gisa moldatzeko gaitasunak eskuratu behar dituzte, argiaren abiaduran aldatzen den ingurune batean baitaude. Garapen profesionala eta soziala lantzea ez da aukera bat, geldituz gero, atzera egitea oso erraza baita. Atzean ez geratzeko etengabeko mugimenduan egotea beharrezkoa da, ziurtasun bakarra etengabeko aldaketa baita, eta horretarako teknologia berriak baliatu behar dira. Izan ere, teknologia berriek konektatzeko aukera emateaz gain, bai bezeroei bai enpresa berari balio handiena eskaini dezaketelako.