Mugikortasunaren Astea dela eta, Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek, Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez, hiru hirietan aldi berean egingo diren hainbat jarduera antolatu dituzte.
José Antonio Santano Partzuergoko presidenteak adierazi duenez, ‘Zure osasunaren alde, mugi zaitez modu jasangarrian’ lemapean, ekimen honen helburua da “klima-aldaketaren aurka jokatzeak duen garrantziaz eta bizikleta mundu osasungarriago baten aldeko borrokan erabiltzeak izan dezakeen eginkizun erabakigarriaz jabetzea”.
Ildo beretik, Txomin Sagarzazu Partzuergoko Lehen presidenteordeak gogorarazi duenez, “guztiok gara klima-aldaketaren aurkako borroka horren zati, eta, hala iruditzen ez zaigun arren, bizikleta erabiltzea gure harri-koskorra ekartzeko modu bat da”.
Azkenik, Kotte Ecenarro Partzuergoko bigarren presidenteordeak herritarrak animatu nahi izan ditu asteburu honetarako aurreikusitako jarduera guztietan parte hartzera. “Familiarekin edo lagunekin egin daitezkeen planak dira, eta helburua da parte-hartzaileak tarte atsegin eta dibertigarria igarotzea, eta, aldi berean, eguneroko bizitzan aplikatzeko oso interesgarriak izan daitezkeen ezagutza berriak bereganatzea”.
Bizikleta protagonista
Hiru jarduera eginen dira asteburuan. Lehenengo ekimena ‘Energiaren alde pedalei eragiten’ da, eta udalerri bakoitzean lau bizikleta jarriko dira 3 orduz. Bizikleta horiek ordenagailu batera konektatuko dira, ibilbidea eta sortutako energia erakusteko. Irun, Hondarribia eta Hendaian egindako saioen ondorioz, udalerri bakoitzean sortutako energiaren topea metatuko da, eta bakoitzak sortutako energia guztia zenbatuko da.
Partzuergoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kofinantzatutako ekimena da hau, bi erakundeen artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan.
Bigarren ekimena ‘Segurtasuna bizikletan’ izango da, eta parte hartzaileei bizikletaz seguru ibiltzeko edo istripuak saihesteko moduak erakutsiko zaizkie. Recycl´Arte elkarteko teknikariek jarraibideak eta aholkuak emango dituzte errespetatu beharreko portaerei buruz, eta derrigorrezko edo gomendatutako segurtasun-ekipamendua aurkeztuko dute. Era berean, zirkulazio-baimena duten eta txirrindulariak ez diren bertaratuei azaldu ahal izango zaie zein portaera arriskutsu saihestu behar diren istripu-arriskuak murrizteko.
Azkenik, eta ekonomia zirkularra sustatzeko asmoz, ‘Bizikleten diagnostikoa’ izeneko ekimena egingo da, bizikleta nork bere kabuz konpontzen ikasteko tailerra. Tailer irekia da, eta bertan parte hartzen duten pertsonak, aldez aurretik izena eman beharrik gabe, ekitaldira joan ahal izango dira beren bizikletaren egoera aztertzeko, Balazta eta Recycl´Arte elkarteetako teknikarien aholkularitzarekin. Hobetu beharreko elementuak aztertu ondoren, egin beharreko konponketei edo doikuntzei buruzko aholkuak emango dira.
Azken bi jarduera horiek SMARTCLE proiektuaren esparruan egingo dira, POCTEFAk kofinantzatuta, eta Syndicat des Mobilités du Pays Basque, Nouvelle Aquitaine Euroeskualdea Euskadi – Nafarroa Euroeskualdea, Hendaiako Tourisme Office eta Irungo, Hendaiako, Donibane-Lohitzune eta Hondarribiko Udalen laguntzarekin.
Jardueren ordutegiak eta tokiak
Ekimenak irailaren 18ko eta 19ko asteburuan egingo dira honako ordutegi hauetan::
- Hondarribia: Irailaren 18an, larunbata, 10:00etatik 13:00etara, Kasino Zaharreko lorategian.
- Hendaia: Irailaren 18an, larunbata, 16:00etatik 19:00etara, La Croisière eraikinaren aurrealdean, Boulevard de la Merren.
- Irun: Irailaren 19an, igandea, 10:00etatik 13:00etara, Kolon pasealekuan, Zabaltza Plazaren ondoan, ‘Energiaren alde pedalei eragiten’ eta ‘Segurtasuna bizikletan’ jarduerak, eta 16:00etatik 19:00etara, Zabaltza plazan, ‘Bizikleten diagnostikoa’ jarduera´.
Covid-aren aurkako neurriak
Jardueretako batean parte hartu nahi duten pertsona guztiek babes arauak bete beharko dituzte, hala nola segurtasun tartea, maskara erabitzea eta eskuak desinfektatzea. Halaber, Hendaian antolatutako jardueretan parte hartzen duten 18 urtetik gorako pertsonek Europako Osasun Pasaportea aurkeztu beharko dute.
Jarduerak aste osoan zehar
Aipatutako jarduerez gain, aste osoan zehar, Irunen zein Hondarribian hainbat ekimen antolatu dira. Hala, Irunen, 16tik 22ra, Ttipi-Ttapa egingo da, hiriko adinekoentzat. Halaber, 19an arratsaldean Txingudiko Zerbitzuak antolatuta, bigarren eskuko bizikleten azoka egingo da Zabatza plazan.
Bestalde, Hondarribian Mugikortasun Jardunaldiak antolatu dira, hilaren 17an. Halaber, jarduera berezi bat egongo da helduentzat larunbatean, eta igandean Bizikletaren Jaia egingo da. Amaitzeko, asteazkenean, hilak 22, Kosta kalean, parte hartzeko prozesua aurkeztuko da, eta ibilaldi kritikoa egingo da mugikortasun arazo eta zailtasunei buruz hitz egiteko eta irtenbideak emateko.
Gainera, larunbatean, hilak 18, arratsaldeko 16:20tik aurrera, Txingudi Korrika egingo da, Super Amara BAT taldeak antolatuta eta Partzuergoak diruz lagunduta.
Bestalde, Irungo eta Hondarribiko Udalek bi bizikleta-martxa antolatu dituzte hilaren 19rako, goizez. Horietako bakoitza herri bakoitzetik aterako da eta Letxunborron elkartuko dira. Hortik Aurrera, parte-hartzaileek ibilbidearen zati bat partekatuko dute.