Mugek oztopatutako etorkizunaren bila

Trantsizio egoeran dauden migratzaileak iristen dira egunero Irunera

Udatik ona, etengabekoa bihurtu da Irunera iristen diren migratzaileen fluxua. Frantziako poliziaren kanporaketek eta inguruko mugetako kontrolen areagotzeak bi herrialdeen arteko muga zeharkatzea oztopatzen diete. Ondorioz, trantsizio egoeran dauden migratzaileak Irunen harrapaturik gelditzen dira, ez aurrera ez atzera.

“Berotasuna eskaini eta berriro pertsona senti daitezen lagundu nahi diegu”

Amaia Oca, Irungo Harrera Sareko Boluntarioa

Gauzak horrela, uztaileko hilabetearen hasieran sortu zen Irungo Harrera Sarea hirira iristen diren migratzaileak laguntzeko. Hasieran, La Kaxita gaztetxean elkartzen baziren ere, azken hilabetean San Juan plazara mugitu dute topagunea. Udaletxearen parean, “Harrera duina eta integrala” eskatzen dituen pankartaren alboan, migratzailei informazio praktikoa eskaintzen diete, haien egoera ezagutzera ematen duten bitartean.

Amaia Oca eta Gerar Carrere San Juan plazako topaguneko boluntarioak dira. Amaia Ocak azaldu duenez Irunera iristen diren pertsonen kopurua aldakorra den arren, une honetan, 80 migratzaile inguru daude bertan. Kasu bakoitza ezberdina bada ere, orokorrean, gizon gazteak dira, Ginea, Mali edo Boli Kostatik etorritakoak eta Frantzia da haien helmuga nagusia. Boluntarioei dagokienez, Gerar Carrerek azaldu du, “plazan informazio puntua jarri genuenetik jende gehiago hurbildu da”.

“Plazan informazio puntua jarri genuenetik jende gehiago hurbildu da”

Gerar Carrere, Irungo Harrera Sareko boluntarioa

Instituzioek migratzaileei lo egin eta jateko baliabideak eskeintzen dizkiete. Hortaz gain, azaroko hilabetearen hasieratik Martindozeneako Aterpetxearen ordutegia zabaldu da eta Neguko Plana martxan jarri da, Martindozeneako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak bertan jasotzeko. Amaia Ocak azaldu du, premiazko behar gehienak asetzen diren arren, instituzioak betetzen ez dituzten beharrak asetzen saiatzen dira Harrera Sarean. “Berotasuna eskaini eta berriro pertsona senti daitezen lagundu nahi diegu”, azaldu du Amaia Oca boluntarioak

Laguntzeko aukera edonoren esku
Informazioa emateaz gain, arropa banatzeko zerbitzua kudeatzen dute Harrera Sarean. Astearte eta ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara arropa jasotzen dute Kale Nagusiko 14. zenbakiko lokalean. Taila txikietako neguko arropa, 39tik 44ra bitartetako oinetakoak eta motxila txikiak behar dituzte, batez ere. Hortaz gain, mugikor zaharrak jasotzeko premia handia dutela adierazi dute boluntarioek, izan ere, migratzaileentzako funtsezkoak dira haien senideekin komunikatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude