Parkourraren oinarriak hedatzeko helburua du Lotzen ADD elkarteak
Hiriko zenbait puntutan aritzen dira, duela zenbait urte. Jauzika eta korrika, kirol arropa zabalarekin. Jende gehienak ez du hori baino askoz gehiago ikusten. Izatekotan, kalea okupatzen dutela, enbarazu egiten dutela. Irudi horren kontrapuntu izateko, Lotzen ADD elkartea eratu zuen, duela hiru urte, Irunen parkourrean ibiltzen den kolektibo batek. Dani Sampayo dute buru, estatuko Parkourrean aitzindari izan den irundarra.
Yamakasi film frantziarrari esker ezagutu zuen Sampayok parkourra. 2000ko hamarkadaren hasieran izan zen. Pelikulak, Parisko banlieue edo kanpoaldeko auzoetan zabaldua zegoen parkourraren berri ematen zuen. Hasieratik harrapatu zuen, praktika haren oinarriek erakarrita: “Mugimendu natural, indartsu, eraginkor eta segurua bilatzea da funtsa”. Horretarako, prestaketa fisikoa eta teknikoa egiten dituzte. Oinarrian, parkourra ez da lehiakorra. “Egia da, azken urteotan lehiaketa formatu ezberdinak sustatzen ari direla, marken interesagatik, batez ere”, aitortu du Sampayok: “Baina guri ez zaigu interesatzen erakustea nor den hobea, nork egiten duen jauzi handiagoa. Alde batetik, arrisku fisikoa dakarrelako horrek. Bestetik, frustrazioa eragin dezakeelako”.
Estatu mailan aitzindari izan zen Irun, duela hamabost urte, parkourrak estatuan lehen urratsak ematen zituen garaian. Gaur egun, erreferente izaten jarraitzen du, Lotzen ADD elkartearen eskutik. Parkourraren oinarriak hedatzea du helburu, egitura juridiko sendoago batekin. “Orain, gure eskaintza seguruagoa da, instituzioentzat, ikastetxeentzat, gurasoentzat etab.”, argudiatu du Sampayok. Izan ere, ikastaroak eskaintzen dituzte, haurrentzat, gazteentzat eta helduentzat. Eskoletan aritu izan dira, eta integrazio saio bereziak egin dituzte, besteak beste, migranteen kolektiboekin.
Azken urteotan zabaldu izan den irudia deseraiki nahi dute, okerra dela uste baitu Sampayok: “Youtuben dauden bideoek ez dute asko laguntzen: eraikinetatik eta teilatuetatik jauzi egiten duen jendea, abandonatutako eraikinetan sartzen dena, jendea poliziaren aurrean korrika egiten… Ikuskizuna besterik ez da hori”. Lotzen ADDko kideentzat, parkourrak lotura handiagoa du kulturarekin, hezkuntzarekin eta elkarbizitzarekin. “Parkourra ez da kalera arropa zabalarekin irtetea, nahi duzun lekuan salto egitera. Mugimenduak kudeatzea, hiri espazioan elkar bizitzea, era arduratsuan entrenatzen ikastea… Hori da parkourra”, azaldu du Dani Sampayok.
Ehun lagun inguru aritzen dira ikastaroetan
Urko Alvarez Lotzen ADDko presidenteak uste du gaur egun Irunen parkourra egiten aritzen den jendea zenbatzeko modurik ez dagoela. Ikastetxeetako patioetan, esaterako, gero eta haur gehiago ikus daitezke saltoka: “Debekatu beharrean, teknikak irakatsiko dizkien jendea bilatzen hasi dira ikastetxeak”. Lotzen ADDk eskaintzen dituen ikastaroetan, ehun bat lagun aritzen direla baieztatu dute. Entrenamenduak, jendearen mailaren eta esperientziaren arabera egokituak izaten direla azaldu du Dani Sampayok: “Gero, exijentzia maila zuk jartzen diozu zure buruari, helburuen arabera”. Arlo fisikoaren eta teknikoaren arteko oreka bilatzen da parkourrean: “Oztopoen artean mugitzeko, gutxieneko ahalmen fisikoa behar duzu. Teknikak, gorputza babesteko modua eta konfiantza ematen ditu”.
“Gorputza babesteko modua eta konfiantza ematen ditu teknikak”
Dani Sampayo
“Pixkanaka, ikasten duzu identifikatzen dauzkazun elementuekin zer egin dezakezun”
Beñat Jauregi
Beñat Jauregik helduen ikastaro batean parte hartzen du, Elatzeta Ikastetxeko gimnasioan. Duela hiru urte hasi zen, elkartea sortu zen garaian, parkourraren berri sare sozialetan eduki ondoren: “Garai hartan eskalada egiten nuen, baina labur geratzen zitzaidan. Gorputzak barietate gehiago eskatzen zidan, mugimendu aldetik”. Parkourraren malgutasunak, askatasunak erakarri zuen, beraz: “Ez dago prefijatuta zer egin behar duzun ingurune konkretu batean. Jolas puntu bat ere badu. Pixkanaka, ikasten duzu identifikatzen dauzkazun elementuekin zer egin dezakezun. Parkour ikuspegi deitzen zaio horri”. Urko Alvarezek berretsi ditu Jauregiren hitzak: “Kalea beste modu batera ikusten da, egia da. Askotan gertatu izan zait, neska lagunarekin paseatzen ari nintzela, txoko bat ikusi, eta bertan zein jauzi egin daitekeen pentsatzen hastea”.
Elatzetako gimnasioa ez da parkourraren eremu naturala, kalera edo inguru naturalera egokitzea baita haren premisetako bat. Hala ere, entrenatzeko egokia dela baieztatu du Dani Sampayok: “Praktika demokratizatzeko modua da, edonorentzat eskuragarria izan dadin, eta entrenamendua, mailaren arabera egokitu ahal izan dezagun”. Parkourrak, gizarterentzat onuragarriak izan daitezkeen balioak dituela uste dute Lotzen ADDko kideek.