Musika konbentzionaletik harago ere badago talentua

Argazkia: Estudio Gover

Jonatan Muñoz J. Muñoz izenez da ezaguna musikaren munduan. Orain dela urtebete German Andrejev ekoizlearekin batera ibilbide musikal berri bat hasi zuten elkarrekin. Elkarlan horretatik iaz “AfterP!mp” izeneko EPa  (“extended play”) kaleratu zuten eta orain beraien bigarren proiektua sortzen ari dira.

Noiz eta nola hasi zinen, Jonatan, musika munduan?

Jonatan: Musika egiten duela 10 bat urte hasi nintzela esango nizuke. Orduan musika zaletasun bat besterik ez zen niretzat. Bururatzen zitzaizkidan gauzak idazten hasi nintzen. Hala ere, duela urtebete hasi nintzen serioago lanean, eta horrela erabaki genuen Germanek eta biok artista eta ekoizle gisa proiektu honetan sartzea. Lehenago, duela bi urte, Keparekin hasi nintzen lanean. Beraz, esan daiteke duela urtebete hasi nuela nire proiektu profesionala. Rapean gehien txunditzen ninduen gauzetako bat gauzak esateko modua izan zen, beste musika mota batzuetan ohikoak ez diren hitzak eta esamoldeak erabiltzen baitira. Hasieran bortitz samarra iruditu zitzaidan eta horrek atentzioa eman zidan.

Zein izan da zure ibilbidea orain arte?

Jonatan: 15 edo 16 urterekin atera nuen nire lehen maketa. 2020an, berrogeialdian, berriz atera nuen nire lehen “EP”a, “El Panadero” izenekoa. Hala ere, orain arte nire lanik garrantzitsuenetako bat “Tengo una pantera rosa” izeneko diskoa izan dela uste dut, egiten dugun musikari oinarri batzuk eta narratiba bat finkatzeko balio izan baitit. Horri esker, hortik abiatuta, gauza gehiago atera ditzakegu. Gero beste EP bat atera dut, “AfterP!mp” izenekoa, Germanek ekoiztua. EP hau trasteleku batean grabatu dugu, guk oraintxe bertan Irungo Pio XII auzoko trasteleku batean egiten baitugu musika. Orain, beste maketa batean ari gara lanean. Hori ere trasteleku horretan grabatu dugu, eta laster aterako da.

Elkar ezagutzen duzuenez, errazagoa izango zaizue elkarrekin lan egitea, ezta?

Jonatan: Bai, noski. Egia da nik aspalditik ezagutzen dudala German, biok rapeatzen genuenean elkar ezagutu genuelako. Biok ditugu antzeko gustuak, bioi gustatzen baitzaigu guduen gaia eta rapeatzea. Duela ia 10 urte elkar ezagutu genuen arren, bizitzako kasualitateengatik elkarrekin lan egiten amaitu dugu.

Zein da orain esku artean duzuen proiektua?

German: Oro har, gure proiektuak ez du oso ideia finkorik. Guk bilatzen duguna musikan freskotasuna aurkitzea da, horregatik interesatzen baitzaigu berritzea. Musikan gauza estandarizatu asko daudela uste dugu eta horregatik geure marka pertsonala sortu nahi dugu, ahots propioa izateko.

Guk bilatzen duguna musikan freskotasuna aurkitzea da, horregatik interesatzen baitzaigu berritzea

German Andrejev, ekoizlea

Jonatan: Hori da, hori lortzeko ari gara lanean. Oraingoz, balizko EP bat itxita daukagu. Gainera, gai ezberdinak eta kolaborazio batzuk baditugu, baina beti saiatzen gara estilo eta soinu berriak bilatzen. Duela gutxi House kontu bat izan genuen eta Donostian egon ginen grabatzen. Beraz, esan daiteke denetik pixka bat egiten saiatzen garela.

Nolakoa da sorkuntza horien atzean ezkutatzen den ekoizpen prozesua?

German: Egunaren arabera, oso desberdina da. Egun batzuetan, dena konturatu gabe ondo irteten da eta beste egun batzuetan, ordea, txakurrak eta katuak bezala eztabaidan ematen dugu eguna. Hori gertatzen da, batez ere, ideia desberdinak ditugunean, baina, azkenean, beti aurkitzen dugu ideia horiek ahokatzeko modua.

Zerk laguntzen dizue inspirazioa lortzen gauza berriak sortzeko?

Jonatan: Nik uste dut inspirazioa garrantzitsua dela, baina uste dut diziplina bat izatea ere oso beharrezkoa dela, talentuaren menpe hainbeste ez egoteko. Egun batzuetan ez duzu inspirazio handirik, baina estudioan sartzean lanean hasten zara eta badakizu zer egin behar duzun. German eta biok geratzen hasi ginenean, hori izan zen egin genuen lehen gauza, gure lan egiteko modurik onena zein zen bilatzea. Hasieran apur bat galduta ibili ginen, gauzak gure erara egiteko modua aurkitu genuen arte.

Nik uste dut inspirazioa garrantzitsua dela, baina uste dut diziplina bat izatea ere oso beharrezkoa dela

Jonatan Muñoz, abeslaria

German: Hala da. Hasieran, oso baldintzatuak geunden inspirazioarengatik. Orain metodikoki egiten dugu lan, eta badakigu estudioan sartzen garen bakoitzean zerbaitekin aterako garela.

Zerk eragiten du abesti bat arrakastatsu bihurtzea?

German: Nik uste dut ez dagoela formula zehatzik jendeari zer gustatu dakiokeen jakiteko. Barne bilaketa bat da. Gu saiatzen gara bilatzen zer gustatzen zaigun guri, horrekin konektatzeko. Uste dut hortik zenbat eta gertuago egon, orduan eta errazagoa dela jendearekin konektatzea.

Jonatan: Jendeak norbaitengan islatzea bilatzen du. Gu ez gara super izarrak, auzoko gaztetxoak gara, eta musika munduan bizitza hori interesgarria eta erakargarria izatea lortu nahi dugu. Nire ustez, seriotasuna eta talentua ondo definitzen gaituzten bi hitz dira. Musika iraupen lasterketa bat da, non gauzak oso argi izan behar dituzun. Horrela funtzionatzen ez badakizu, arrakasta horrek pixka bat iraungo dizu. Guk oraingoz ez dugu egin behar dugun guztiaren % 5 ere egin.

Garrantzitsua al da beste artista batzuekin lankidetzan aritzea?

Jonatan: Bai, lagungarria izan daiteke, dena norekin eta nola lan egiten duzunaren arabera. Guri ez zaigu inoiz gustatu inoren atzetik joatea eta sortzen diren konexioak benetakoak izatea nahi dugu. Duela gutxi, Intxaurrondoko “El Negro” musikariarekin kanta bat egin genuen. Nik beti entzun dudan artista da, eta errespetu handia diot. Dena oso modu organikoan atera zen, Kulto Kultiborekin edo Purinirekin bezala. Horregatik, ez zaigu inoren mende egotea gustatzen, eta zerbait nahi bezala irteten ez bada, guk geuk baliatuko dugu gure talentua.

Irunen ba al da zaletasunik zuek egiten duzuen musika motarekin?

German: Bai, nahiz eta egia izan gustu desberdinak daudela. Nitxo asko daude, eta mundu osora iristen diren musika orokorragoak ere badaude. Nitxo horien barruan estilo oso itxia duten artistak daude. Horregatik, rapean aritzen bazara, uste dut oso zaila dela mundu guztia harrapatzea. Horregatik, nitxo batean zentratu nahi ez baduzu, musika orokorrago bat egin behar duzu.

Zer proiektu dituzue etorkizunari begira musikarekin lotuta?

Jonatan: Ostalaritzan lan egiteari utzi eta musikatik bizi ahal izatea. Azken batean, hori da gehien gustatzen zaiguna eta horri denbora eskainiz irabazi nahiko genuke dirua. Helburua lortu bitartean borrokan jarraituko dugu.

German: Gustatuko litzaiguke musikan denbora osoz aritzea eta diru sarrera txikiak ematea, horretan bakarrik aritu ahal izateko. Gure bigarren proiektua lantzen ari gara eta aurrera atera nahi dugu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude