Musika koralaren bidez gogoratuko da San Martzialeko batailaren bosgarren mendeurrena

Eunate Encinas Kulturako zuzendariak, Atzokoak Abesbatzaren eta Albada Antzinako Musikaren Abesbatzaren arduradunek lagunduta, aurten betetzen den San Martzialeko guduaren V. mendeurrena ospatzeko programaren beste jarduera bat aurkeztu du. Hiru emanaldien kasuan sarrera doakoa izango da, plaza edo eraikinaren edukiera bete arte.

Oraingoan, hiru jardunaldi izango dituen kontzertu ziklo bat da. Lehen kontzertua irailaren 2an Junkaleko plazatxoan egingo da. «Gazteluzaharreko kantua» izenburuarekin, Atzokoak eta Albada abesbatzek emanaldia eskainiko dute, Pedro Ballazen eta beste batzuen parte-hartze bereziarekin. Sarrera doakoa da eta ikuskizuna 22:00etan hasiko da. Eguraldi txarra eginez gero, kontzertua egun bereko 20:00etan egingo da Amaia Kultur Zentroan.

Oharra: Gaur eguraldi txarra iragarri dutenez eta ikuskizuna behar bezala egingo dela bermatzeko, ikusleentzako zein lantaldearentzako baldintza onenak errespetatuta, 1522ko omenaldien barruko «Gazteluzaharreko kantua» emanaldiaren lekua eta ordua aldatu dira: AMAIA KZn egingo da, 20:00etan (sarrera librea izango da leku guztiak
bete arte).

Bigarren kontzertua irailaren 16an egingo da San Martzial Ermitan. Bigarren kontzertuaren izenburua ”Aldaba aintzinako musika” izango da. Zikloaren barneko azken kontzertua irailaren 23an egingo da Ama Xantalen ermitaren aurrean. Zikloko lehen kontzertuarekin gertatu bezala, eguraldi txarra egitekotan kontzertua egun bereko arratsaldeko 20:00etan egingo da Amaia Kultur Zentroan. Azken emanaldiak “Euskal Barrokensenble” titulua izango du.

Iraileko kontzertuetako sinopsia honakoa da: Irungo plazan, musikari ibiltari batzuek kantuan eta istorio-kontaketan dihardute bildutako ikusleen aurrean. Itsu bat iritsi da, itsumutilak lagunduta, eta herritar guztiei dei egiten die, 1522ko ekainaren 30ean hirian izan ziren balentria handien berri entzun dezaten. Bertso eta ahapaldien bidez, itsuak xehe-xehe kontatuko du egun haietan gertatutakoa, bai eta, amaieran, San Martzialeko gudua eta irundarren garaipena ere. Azkenik, bakearen aldeko aldarri bat egingo da, musika-pieza berri bat estreinatuta: La nueva Artillería.

Ekimen gehiago
Hiria garai hartako giroan murgiltzeko, 2022an beste ekimen batzuk antolatzeko ere lanean ari da Irungo Udala. Hiriko historiarekin eta pertsonaiekin lotutako beste urteurren batzuetan bezala, lankidetzan eta lanean aritzeko ildo bat sortu da hiriko merkatarien eta ostalarien elkarteekin, 1522ko guduarekin lotutako ekimen herrikoiak eta kale-dinamizazioko jarduerak antolatzeko. Dagoeneko iragarri diren beste ekimen batzuen barruan, aipagarria da Exfilna erakusketa filateliko nazionala, Bidasoaren ertzeko udalerrien topaketa edo mendeurrena oroitzeko irudi erraldoia eta dirulaguntzen deialdiak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude