Musikak elkartu ditu

Luz de Putas taldearen nortasunaren parte da haizezko instrumentuen atala. Peio Irigoienek tronpeta jotzen du, Diego Martinezek, tronboia, eta Oscar Ruiz de Apodacak, saxofoia. Haurrak zirela ezagutu zuten elkar, gurasoak lagunak baitira. Garai hartan hasi ziren musika klaseetan, instrumentuekin lehenengo doinuak jotzen. Gaur egun, taldekide dira Luz de Putasen eta musikarekin lotutako beste hainbat proiektutan.

hirukotea

Txikitan elkarrekin jolasean aritu ondoren, Irungo Bandan hasi zirenean egin zuten topo berriro. Geroago, Oscar Ruiz de Apodacaren bidez sartu ziren hirurak Luz de Putasen. “Talde batek bestera eraman gaitu, eta gehienetan elkarrekin gaude hirurak”, azaldu du Diego Martinezek. Irungo Atseginako txarangan, Hondarribiko Elektro Patxarangan, Big Band Theory taldean edo Kemen Dantza Taldean ere parte hartzen du, besteak beste, hirukoteak. “Jende asko harritu egiten da txaranga batean gutako inor ikusten ez duenean”, aipatu du Diegok. Dena uztartzea zaila dela onartu du Oscarrek: “Eromena da. Askotan gertatu izan zaigu ordu berean bi toki ezberdinetan egon behar izana”. Gainezka egoten da musikarien agenda uda partean. Lo gutxi egin behar izan dute asterik gogorrenetan.

Ordainsaria izaten dute batzuetan. Baina musutruk jotzen dute askotan. Diego Martinezek zail ikusten du noizbait musika ogibide bihurtzeko aukera: “Udaran dirua atera dezakegu, baina estra bat besterik ez da”. Amari “paga” ez eskatzeko modua dela gehitu du Oscarrek. Gustuko dutelako eskaintzen diote denbora musikari. Baina askotan, kontzertu edo emanaldi bakoitzaren atzean dagoen lana ahazten du ikusleak. “Jendeak parrandan jotzen gustura ikusten gaitu. Baina agian bi edo hiru ordu lehenago joan behar izan dugu montatzera, eta ondoren dena jaso behar izaten dugu”, gogoratu du Oscar Ruiz de Apodacak. Itzalean gelditu ohi den lana gogorrena izaten dela uste du musikariak: “Asko kobratzen dugula pentsatzen duenak ez du hori kontuan hartzen”.

oscar

Bidaiatzeko eta harremanetarako tresna
Gaur egun eskertu egiten dute txikitan hezkuntza musikala jaso izana. Ate asko zabaltzen du instrumentuak jotzeak. “Saxofoia, adibidez, bandan imajinatzen du jende askok. Baina elektro txaranga batean ere erabil daiteke, oso giro ezberdinean”, nabarmendu du Diegok. Toki eta jende ugari ezagutzeko modua ere bada musika. Harremanetarako bidea ere ematen duela uste du Oscarrek: “Herri batzuetan behin baino gehiagotan egon gara, eta dagoeneko ezagutzen gaituzte”. Euskal Herritik kanpo ere irten dira, musikari esker. Japonian egon ziren Luz de Putas taldearekin, eta Holandara, Serbiara eta Poloniara joan dira, besteak beste, Kemen Dantza Taldearekin. “Oso momentu onak pasa ditugu”, baieztatu du Diego Martinezek. Gustatuz gero, ematen gozatzeko aukera ematen du musikariaren bizitzak.

peio

BERBENA KALEAN

Talde askoren artean, Elektro Patxarangan parte hartzen du hirukoteak. Hondarribiko Psilocybenean sortu zen proiektua, herriko jaietan kalea giro-tzeko helburuarekin. Hondarribiko mugak aspaldi gainditu dituzte, hala ere. Ohiko txaranga batek izaten dituen instrumentuez gain, elektrikoak ere baditu. Eta abesti ezagunak jotzen dituzte, tabernetan entzun daitezkeenak. “Berbena bat kalera ateratzea da elektro txarangaren ideia”, azaldu du Oscar Ruiz de Apodacak. Kalean “zalaparta” sortzen dutela aipatu du irundarrak. Festetako egitarauetan ohiko pieza bilakatu da Elektro Patxaranga.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude