My Dance Studio dantzarako grinarengatik mugitzen da

Argazkia: 2024ko Inauterietako argazkia (Egilea: Eva Pascual)

Colón pasealekuko 39. zenbakian du My Dance Studio dantza akademiak bere egoitza. Irailean 10 urte beteko dira akademia sortu zenetik. Berriki, Irungo Inauterietako desfilean parte hartu dute, hobekien egiten dutena eginez, dantzatzen, alegia. Maialen Garcíak, akademiaren sortzaileak, azaldu du dantzaren irakaskuntzarako eta ikasleen gozamenerako nola lan egiten duten.

Akademian 3 urtetik aurrerako ikasleak dituzte adin mugarik gabe; izan ere, ikasle zaharrenak 67 urte ditu. Maialen Garcíak azaldu duenez, “gure akademian mota guztietako dantzak irakasten ditugu”. Batetik, dantza urbano estiloan dantza errazak sortzen dituzte ikasle txikienentzat. Abesti ezagunak erabiliz, dantza irakasleak adierazi du “dantzak asko laguntzen die eskuak eta oinak koordinatzen, eta musikaren erritmoan mugitzen ikasten dute”. Dantza komertzialeko klaseak ere ematen dira, hau da, modako abestien erritmoan mugitzeko. Bestetik, Hip Hop klaseak ere eskaintzen dira. Horretaz gain, gorputz teknikako edo lirikako klaseetan, balletaren oinarritik abiatuta, abesti geldoak erabiliz koreografiak egiten dira. Helduentzat, berriz, dantza komertziala, pilates eta zumba dituzte, banakako klase bonuez gain.

2024ko Inauterietan 108 dantzarik parte hartu dute My Dance Studiorekin batera. Horretarako, akademiak aukeratutako gaia Pazkoa izan da. Maialen Garcíaren hitzetan, “8 urte daramatzagu Irungo Inauterietan desfilatzen, eta uste dut aurtengoak azken urteetan gehien gozatu dugun inauterietako bat izan direla”. Izan ere, eguraldia lagun izan dute, eguraldi txarraren ondorioz lehen eguneko desfilea bertan behera geratu zen arren, azkenean kalera bi aldiz irteteko aukera izan dute. “Konpartsako giroa oso ona izan da”, gaineratu du My Dance Studioko irakasleak.

Inauteriak amaitu ostean, txapelketen prestaketei ekingo diete. Izan ere, My Dance Studioko dantzariek martxoan, apirilean eta maiatzean egiten diren txapelketetan parte hartzen duten taldeak dauzkate. Lehen txapelketa martxoaren 10ean izango dute Orion. Horretaz gain, urtean zehar Zabaltza plazako Apirileko Azokan edo Katea edo Anakako auzoko jaietan ere dantzatzen dute. “Gainera, ikasturte amaierako jaialdia ere prestatzen ari gara, aurten ekainaren 22an, larunbatean, egingo dena”, aipatu du Maialen Garcíak.

Dantza, aisialdiaz gozatzeko modua izateaz gain, terapeutikoa ere badela azaldu du Maialen Garcíak. Dantzarientzat beren eguneroko kezka eta zereginetatik aldentzeko unea da, barruan dutena askatzeko aukera. “Harreman hurbila dugunez, askotan ikasleek beren kezka edo beldurrak kontatzen dizkizute”, azaldu du irakasleak. Haurrei zein helduei eskolatik eta lanetik deskonektatzeko oso baliagarria suertatzen zaie eta Maialen Garcíak azpimarratu duenez, “oso garrantzitsua da egunean zuretzako ordubete gordetzea”. Hala ere, horrek irakasleen etengabeko prestakuntza ere eskatzen du, dantzaren irakaskuntza oso azkar eraldatzen den zerbait delako.

Kalean Bai

My Dance Studio Irungo Udalaren Euskara arloak eskaintzen duen Kalean Bai zerbitzuaren erabiltzaileetako bat da. Maialen Garcíak azaldu duenez, akademiako idazkariak euskaraz ez dakielako hasi ziren zerbitzua erabiltzen eta gurasoentzako oharrak elebietan bidaltzeko oso lagungarria zaie: “itzuli nahi dugun informazioa emailez bidaltzen diegu eta hurrengo egunean lana egina dugu”. Beraz, zerbitzua laguntza handikoa zaie, zereginak arindu eta beraien kezka bakarra musikaren erritmoan dantzatzen jarraitzea izan dadin.

Argazkiak: 2024ko Inauterietako argazkia (Egilea: Eva Pascual)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude