Naroa García, borrokalaria: “Nire helburua Espainiako Txapelketatik Irunera berriro urrezko beste bi domina ekartzea izango da”

Argazkia: Estudio Gover

Naroa García borrokalari irundarrak urrezko bi domina lortu zituen aurreko urteko Espainiako Grappling Txapelketan. Aurtengo txapelketan bere helburua lortu du: txapelketan hirugarren aldiz txapeldun izatea. Azkenean saririk irabazi ez arren, aurtengo Kirolaren Galako Irundarron Saria jasotzeko izendatua izan zen bere kirol lorpenengatik. García borrokalariak grapplinga praktikatzea nolakoa den azaldu digu.

Nola sentitu zinen Irungo Kirolaren Sarietarako hautatua izan zinela jakin zenuenean?
Oso pozik nago. Egia esan, ez nuen espero, baina ilusio handiz jaso nuen albistea.

Saria jasotzeko izendatua egoteak berezia izan behar du zu bezalako kirolari batentzat, ezta?
Bai, hori da. Gainera, oraindik gure kirola ez da oso ezaguna eta Irungo beste kirolarien artean senarra eta biok aukeratuak izateak eta gure kirol lorpenak kontuan hartzea oso pozgarria izan da. Nire senarra ere sarietarako hautatuta izan zenez, oraindik bereziagoa izan zen dena.

Hautaketa Espainiako txapelketetan urrezko bi domina irabazi ostean iritsi zaizu. Nolakoak izan ziren txapelketak?
Iazko Espainiako Txapelketan bi modalitate ezberdinetan hartu nuen parte eta bietan lehen postua lortu nuen nire kategorian. Momentu hartan gainera oso txapelketa gutxi egiten ari ziren eta ilusio handiarekin joan ginen Espainiako Txapelketara. Garaipena niretzat aurretik egindako esfortzuarentzako saria izan zen eta poz handia sentitu nuen.

Pandemiak kirol guztiei eragin dienez, zuenean nola egokitu zarete egoera honi aurre egiteko?
Gure kirola guretzat bizimodu bat da. Beraz, pandemiarekin gure egunerokotasuna egun batetik bestera zeharo aldatu zen. Hasieran motibazioa mantentzea kostatu zitzaigun, baina hala ere entrenatzen jarraitu genuen. Etxean konfinatuta egon ginenean ere gure entrenamenduekin jarraitu genuen. Nire senarra eta nire bi semeekin garajera jaisten ginela gogoratzen dut konfinamendua, han gure entrenamenduak egiteko. Gainera, gure beste taldekideekin konektatzen ginen eta uste dut horrek asko lagundu zigula. Dena den, gurea kontaktuko kirola da eta pandemiaren ostean gure entrenamenduak guztiz aldatu ziren.

Zertan ezberdintzen da grappling borroka antzeko beste kiroletatik?
Guk egiten dugunari kontaktuko borroka deitzen zaio eta beste arte martzialetan bezala gure helburua aurkaria lurrera botatzea da. Grappling-ean, batez ere, lurreko borrokan zentratzen gara eta itotzeak edo luxazioak egiten ditugu bertan. Horrela borrokatzen gara aurkariak amore ematen duen arte.

Zein egoeratan dago borrokaren mundua?
Nik uste asko garatzen ari den kirol modalitatea dela. Izan ere, aurreko urteko Espainiako txapelketan kirolari askok parte hartu zuten eta gainera, diziplina ezberdinetako kirolariak elkartu ziren, hau da, judokak, wrestlinga edo Jiu Jitsu brasildarra praktikatzen dutenak. Oso polita izan zen han denak elkartzea.

Zurea bezalako garaipenek kirola ezagutarazi eta jendea erakartzeko balio dute?
Bai, hori espero dut. Dena den, txapelketak alde batera utzita, uste dut klubean antolatzen ditugun beste ekintzengatik gehiago ezagutzen gaituztela. Defentsa pertsonalerako doako ikastaroak antolatzen ditugu edo familientzako ekintza eta eskola bereziak prestatzen ditugu. Guretzat Jiu Jitsua familiako senide guztiontzako kirola da eta niri pertsonalki gustatuko litzaidake neska gehiago hurbiltzea.

Nola moldatzen zara zure entrenamenduak irakasle lanarekin tartekatzeko?
Neuk ere askotan ez dakit nola egiten dudan. Hasteko, ama naiz eta bi seme zoragarri ditut. Gainera, institutu bateko irakaslea naiz eta nire klubean eskolak emateaz gain, klubeko beste gauza asko kudeatzen ditut. Batzuetan zaila izan arren, benetan zerbait egin nahi duzunean hori egiteko modua topatzen duzu. Zorte handia dut nire senarra nire entrenatzailea delako eta berak ere asko laguntzen dit. Gure bi semeek ere kirol berdina egiten dutenez, errazagoa da elkarrekin entrenatzeko tarteak aurkitzea eta familian kirolaz elkarrekin disfrutatzen dugu.

Irakasle lana ere zure kabuz lehiatzea bezain aberasgarria da?
Bai, oso polita da. Gure eskolan txikitan kirolean hasi ziren ikasle asko dauzkagu, beraz, garapen hori hasieratik ikusteko aukera izan dugu. Momentu honetan, txikiei eskolak eman ordez, batez ere, neskentzako defentsa pertsonaleko ikastaroez arduratzen naiz. Bakoitzaren helburuak garrantzitsuak direla uste dut. Izan ere, gurean sasoian egon nahi duen, pisuz jaitsi nahi duen, bere burua defendatzen ikasi nahi duen edo txapelketetan parte hartu nahi duen jendea jasotzen dugu, beraz, helburu guztiei garrantzi bera ematen ahalegintzen gara.

Zeintzuk dira zure hurrengo kirol helburuak?
Asteburu honetan aurtengo Espainiako Txapelketa egingo da Sevillan eta Euskadiko Selekzioaren bitartez gure klubeko beste kirolari batzuekin batera bertan parte hartuko dut. Nire helburua Espainiako Txapelketatik berriro Irunera urrezko beste bi domina ekartzea izango da. Txapelketak aldera batera utzita, orain gure erronkarik handiena gure eskola berriaren proiektua da. Aspaldian hasi ginen proiektu honetan lanean eta, azkenean, aurten gauzatzeko aukera izango dugu. Gure eskola lokal handiago batera mugituko dugu, klase gehiago eskaintzeko aukera izango dugu eta betidanik nahi izan dugun zerbait lortuko dugu, hau da, familiako kide guztiei elkarrekin kirola praktikatzeko aukera eskaintzea.

Elkarrizketaren bideo osoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude