Naroa Zubimendik eta Itxaso Goikoetxeak zilarrezko domina lortu dute Espainiako Distantzia Luzeko Txapelketan

Santiagotarrak Kirol Elkarteko banku mugikorreko arraun-taldeak otsailaren 20an Castrelo do Miñoko urtegian jokatutako Distantzia Luzeko Espainiako Txapelketan parte hartu zuen. Klubeko emakumezkoen txalupa guztiek euren kategorietan podiumera igotzea lortu zuten bost domina lortu ziren, zilarrezko hiru eta brontzezko bi irabazi ostean. Naroa Zubimendik eta Itxaso Goikoetxeak zilarrezko domina lortu zuten jubenil kategorian.

Castrelo do Miñoko txapelketan gutxigatik ez zenuten urrezko domina irabazi, ezta?
Naroa: Bai, oso pozik gaude txapelketan lortutako emaitzekin. Azkenean biok oso gutxi entrenatu dugu eta lehenengo estropada izan dela kontutan izanda, oso pozik gaude txapelketan bigarren postua lortu genuelako, irabazleek tarte txikia atera ziguten bitartean.

Denbora gutxi daramazue elkarrekin arraun egiten?
Itxaso: Aurten hasi gara elkarrekin arraun egiten. Irailean Naroa Europako Txapelketatik itzuli zen eta ni bertan arraunean nenbilen, beraz, azarotik gutxi gorabehera elkarrekin entrenatu dugu.

Momentuko egoera kontutan hartuta, honelako emaitzarik lortzea espero zenuten?
Naroa: Ez dut uste espero genuenik, azken finean, ezinezkoa da txapelketaren aurretik zein postu lortuko duzun guztiz imajinatzea. Hau da, beti %100a emateko asmoz joango zara eta, ahal izanez gero irabaztera, baina, beti ahal den guztia lortzeko intentzioarekin.

Distantzia luzeko txapelketak prestakuntza desberdina eskatzen du beste txapelketa motekin alderatuta?
Itxaso: Bai, normalean 2.000 metroko luzera izan ohi dute gainontzeko txapelketek. Distantzia luzeko txapelketek, 6.000 metrokoek, maila altuagoa eskatzen dute eta exijentzia aldaketa nabaritzen dugu.

Nola lortu zenuten zuen errendimendua zaintzea eta urrezko domina eskuratzetik hain hurbil ibiltzea?
Naroa: Horrelako estropada baten atzean faktore asko daude eta zaila da imajinatzea urrezko domina lortzetik denbora tarte oso txikira geldituko zarela. Izan ere, modu batera edo bestera biratzeak edo haize bolada batek txapelketako azken emaitza guztiz baldintzatu dezake.

Aurretik bestelako txapelketarik izan gabe, erraza da Espainia mailako txapelketa batean lehiatzea?
Itxaso: Hemen inguruan txapelketarik egingo ez zela argi eta garbi zegoen. Gure entrenatzaileak antola zitekeen edozein txapelketan parte hartuko genuela esan zigun eta horretarako ahalik eta hobeto prestatu behar ginela. Horren ostean, Espainiako Txapelketa antolatu behar zela jakin genuen. Gipuzkoa, Euskadi eta Ligako bestelako txapelketarik egin ez denez, arraroa izan da denboraldiko lehen lehiaketa Espainia mailakoa izatea.

Nolakoa da txapelketa data finkorik gabe asko entrenatzea?
Naroa: Bai, asteko zazpi egunetan zehar entrenamenduak dauzkagu, nahiz eta txapelketa bakarra prestatu. Egoerari aurre egiteko moldatzen ari galera uste dut, baina, txapelketa gehiago izatea nahiko genuke egindako lan guztia erakusteko.

Jubenil mailan lehiatzen zaretenez, nola moldatzen zarete denbora kudeatzeko?
Itxaso: Guretzako ikasketak ere garrantzitsuak dira. Klasean zortzi edo bederatzi ordu eman ostean, eskolako lanak egin, entrenatu eta lotara joan ostean, berriro hasieratik hasten gara. Horrelakoa da gure bizitza asteko ia egun guztietan. Batzuetan gogorra da, baina, buruan helburu batzuk dauzkazunean, nahi izanez gero dena lortu daiteke.

Zein helbururekin prestatzen ari zarete Orioko hurrengo txapelketa?
Naroa: Hurrengo txapelketa martxoaren 7koa izango da eta ahal dugun guztia emango dugu bertan. Gainera, lau aste barru beste txapelketa garrantzitsu bat izango dugu eta bigarren txapelketa hori prestatzeko baliagarria izango dela uste dugu.

Zuen esperientziaren arabera, kirol mundura geroz eta emakume gehiago hurbiltzen direla nabaritu duzue?
Itxaso: Bai, gure azken txapelketan Santiagotarrak klubeko neska-mutilek parte hartu genuen eta guztiok lan ederra egin genuen. Emaitzek erakutsi zutenez, klubak neska talde sendo eta indartsua du. Ondo konpontzen gara eta diziplinaz lan egiteko gai garela erakutsi dugu. Gogoz lan egiten dugunez, pixkanaka emakumeek lortutako emaitzak hobetuz doaz eta gero eta gehiago dira kirola praktikatzera animatzen diren neskak. Horrela, umeek kategoria absolutuetan lehiatzen diren emakumeen erreferente gehiago dauzkate.

Lortutako emaitzak egindako lanaren erakusleak dira, ezta?
Naroa: Bai, halaxe da. Egunero entrenatzen dugu konstantzia hori mantentzeko eta Castrelo do Miñon lortutako maila erakutsi ahal izan dugu.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude