Nayade abesbatzak kantuan ospatuko du 25. urteurrena

Nayade abesbatzari oharkabean iritsi zaio 25. urteurrena. Emakumeez osatutako kantari taldeak pandemiak eragindako zailtasunak gainditu berritan, koruaren zilarrezko ezteiak ospatzeko ekintzei ekingo die. Alaitz Urkia Nayade abesbatzako zuzendaria da eta Edurne Izagirre berriz, abesbatzaren sorreran parte hartu zuen kantaria. Elkarrizketatuek aurreratu dutenez, dagoeneko prestatuak dituzte datozen hilabeteetarako diskoaren estreinaldia eta beste hainbat kontzertu berezi.

Nolakoa izan zen Nayade abesbatzaren sorrera?
Edurne: Nayade abesbatza duela 25 urte hasi zen beste abesbatza batzuetan abesten genuen neska talde bat abesteko asmoarekin elkartu ginenean. Gabonetan kalean kantatzeko lehen bilera batzuk egin genituen, kide batzuen lokalak horretarako erabiliz. 1997ko Gabonetan Atzokoak abesbatzarekin kontzertua emateko aukera izan genuen. Era berean, Errenteriako Gabonetako Lehiaketan parte hartu genuen eta lehenengo saria irabazi genuen. Urtarrilean federatzea erabaki genuen eta horrela iritsi gara honaino.

Sorreratik emakumeek osatutako abesbatza izan da?
Edurne: Aurretik ere horrela abestu izan genuelako beste abesbatzetan eta oso zaila da hori alde batera uztea. Abesbatza mistoetan emakume askok abesten dute, baina sorreran ez genuen aukera hori planteatu. Beraz, sorreratik emakumezkoen abesbatza bat izan gara eta ahots zuriak.

25 urte hauetan aldaketa asko izan dira taldean?
Edurne: Aldaketa momentuko egoeraren araberakoa izan da. Kontutan izan behar da emakumeak izanda abesbatza sortzerakoan ez genuela seme-alabarik, eta orain gutako asko amak gara. Beraz, ume horiek txikiak direnean ez da hain erraza horrelako afizioetan aritzea. Hala ere, zailtasunak zailtasun aurrera egitea lortu dugu. Musikalki ere aldaketak izan dira, abesbatzako kantari kopuruaren edo proiektuaren arabera.

Pandemiaren oinazea nabaritu duzue?
Alaitz: Bai, egia esan, asko. Pandemiarekin zuzeneko entseguak gelditu eta telematikoki jarraitzeko moldatu behar izan ginen. Murrizketen garaia hasieran uste baino luzeagoa izan zen, guztiak ohi bezala elkartu ahal izan ginen arte. Zaila izan bazen ere, ahalegin handia egin genuen abesbatza mantentzeko.

Edurne: Gainera, berriro entseguak egin ahal izan genituenean, musukoekin egin behar izan genuen eta gure artean metro eta erdiko tartea utziz, beraz, bai, oso zaila izan zen.

Nola ospatuko duzue abesbatzaren 25. urteurrena?
Alaitz: Urteurrena ospatzeko pandemia garaian bururatutako ideiak gauzatuko ditugu azkenean. Abenduan hasiko gara urteurrena ospatzen, justu gure ibilbidea Gabonetan hasi zelako. Hala ere, prestaketa lanak aurreratuak ditugu, jada 25 urteak ospatzeko disko bat grabatzen ibili garelako azken urtean zehar. Diskoa azaroan argitaratuko da eta bere aurkezpenerako kontzertua eskainiko du abesbatzak. Abendutik aurrera hainbat kontzertu egingo dira, gutxi gorabehera urtero egiten ditugunak, baina aurten ukitu berezia izango dute. Zehazki, abenduaren 23an Gabonetako Kontzertua eskainiko dugu Irungo Musika Bandarekin batera. Sanmartzialetan ere gure hitzorduari eutsiko diogu, baina aurten kokapena aldatuko dugu kontzertua bereziagoa izan dadin. Azkenik, 2023ko azaroan urteurrenari amaiera emateko Amaia antzokian kontzertua egingo dugu eta bertan saiatuko gara urte hauetan guztietan Nayaderekin zerikusia izan duten pertsonak biltzen.

Zein da egun Nayade abesbatzaren egoera?
Edurne: 30 bat kantari gara eta esan behar da gehienak ia abesbatzaren hasieratik ezagutzen garela. Giroa oso polita da eta uste dut elkarrekin gauza ederrak egin ditzakegula. 25 urte horiek behar bezala ospatzeko ilusio handia dugu.

Jende gaztea erakartzeko zailtasunak dituzue?
Edurne: Bai, oso zaila da. Gu ere pixkanaka zahartzen ari gara eta abesbatzaren bataz besteko adina geroz eta altuagoa da. Uste dut orain oso momentu politean gaudela, baina jende gaztea oso noizbehinka hurbiltzen zaigu. Horretan eragin izan dezake gure adinaren eta jende gaztearen artean dagoen hutsuneak, tarteko adina duen jendea ere falta zaigulako eta ondorioz, adin saltoa are handiagoa da.

Zeintzuk dira Nayade abesbatzak etorkizunera begira dauzkan erronkak?
Alaitz: Erronka bezala ikusten ditut orain gauden mailan mantendu ahal izatea eta maila berean lanean jarraitu ahal izatea. Dena dela, nire ustez gure erronkarik handiena ilusioa bizirik mantentzea da eta hori lortzeko mila modu bilatu behar dira.

Edurne: Zuzendariak helburu hori badauka, gu bere atzetik ibiliko gara planteatutako hori lortu ahal izateko. Argi dago ilusioa izatea eta hori denboran mantentzea oso garrantzitsua dela. Azken batean, abestea afizio bat da eta hori praktikatzen jarraitzeko motibazio bat izatea funtsezkoa da.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude