Eskuz Binakako Txapelketako neurketa hartuko du Irungo pilotalekuak
Galdu ezineko bi ikuskizun izaten dituzte Irungo pilotazaleek urtero. Uztailaren 1ekoa finkoa da. Sanmartzialei amaiera emateko, maila handiko pilotarien arteko lehia ikusteko aukera izaten dute Uranzu pilotalekuan. Bestea, neguaren amaiera aldera izaten da. Eskuz Binakako Txapelketako norgehiagoka hartzen du urtero Irungo frontoi historikoak. Kurpil Kirolak elkarteak antolatzen du jaialdia, Asegarce enpresaren laguntzarekin eta Irungo Udalaren babes ekonomikoarekin. Aurten otsailaren 19an izango da, 20:30etatik aurrera.
Ezkurdia-Barriola//Retegi Bi (Altuna IIIren ordez)-Merino II izango da partida nagusia. Eskuz Binakako Txapelketako final laurdenetako ligaxkari dagokiona. Lehenago, Promozio Mailako lehia hartuko du Uranzuk: Mendizabal III-Erostarbe//Arteaga II-Imaz. “Txapelketa nola joan den ikusita, zalantza handiena da pilotariak sasoi aldetik nola iritsiko diren. Min hartuta eta gaixo ibili dira”, adierazi du Juanjo Aldako Kurpil elkarteko presidenteak.
Urteroko jaialdia antolatzen hasten direnean, ikuskizuna nolakoa izango den aurreikustea zaila dela azpimarratu du Aldakok: “ Txapelketaren hasieran partiden antolaketa banatzen dute enpresen artean”. Emozioa izango du, hala ere, aurtengo partida nagusiak. Ezkurdiak eta Barriolak Victor (Artolaren ordezkoa) eta Albisu menderatu dituzte azken jardunaldian, 22-14. Ondorioz, garaipen bakar bat dago bikote horien artean. Ezkurdia eta Barriola daude atzetik, bosgarren tokian. Eta laugarren postua da finalerdietarako azken txartela ematen duena.
“Zalantza handiena da pilotariak sasoi aldetik nola iritsiko diren”
Juanjo Aldako
Urtetan pilota jaialdia 22:00etan hasi izan bada ere, 20:30etara aurreratu dute azken aldian. Juanjo Aldakok eman du azalpena: “Larunbata izango balitz, tira. Baina ostiral batean gaueko 22:00etan hastea beranduegi da. Larunbat goizetan batzuek lan egiten dute. Gainera, kanpotik datorren jendearentzat ordu txarra da bueltatzeko”. Kanpotik datozenengan pentsatzen dute, beraz. Izan ere, asko dira inguruko herrietatik hurbiltzen diren pilotazaleak. Hondarribitik edo Hendaiatik, baina baita Oarsoaldetik eta Bortzirietatik ere. “Irunen ere, beti izan dira pilotazaleak”, aldarrikatu du, hala ere, Aldakok. Denen artean, Uranzu pilotalekuari itxura ederra ematen diote: “Frontoia betetzeko arazorik ez dugu izaten. Hala behar du, gainera, bestela udalak diru-laguntza emateari utziko diolako”.
700 lagun inguru bilduko dira Uranzu pilotalekuan. Baina horietako askok, egurrezko aulkietan eserita ikusi beharko dute jaialdia. Zaharkitutako frontoia da Irungoa, eta gabezia handiak ditu. Ikusleentzako leku eskasa da horietako bat. Bestea, ezagunena, hotza. “Egia da ez dagoela berogailu sistemarik. Hala ere, futbol zelai gehienetan ere ez da egoten, eta euria egiten duenean, jendea busti egiten da”, gogorarazi du Aldakok. Pilotarientzat ere, ez da jokaleku aproposena. Beste erabilerak ere baditu Uranzuk, eta marra ugari ditu, ondorioz, lurrean. Gainera, ohi baino handiagoa da, eta nekez heltzen dira pilotariak errebotera. Hala ere, “kontent” etortzen direla baieztatu du antolatzaileak.
Eraberritzearen auzia
Pozik dago Juanjo Aldako, udalak azkenean pilotalekua birmoldatzeari ekingo diola uste duelako. Hamarkadetako eskaera izan dela nabarmendu du Kurpil elkarteko presidenteak. Krisiaren aurreko garaian, Stadium Galen eremuan frontoi berria eraikitzeko proiektua bolo-bolo ibili zela ere gogoratu du: “Ezerezean gelditu zen hura. Orain, badirudi azkenean eraberrituko dutela. Sanmartzialen ondoren hasiko omen dira, baina ni ez naiz fio”. José Antonio Santano alkateak, aldiz, proiektua aurrera doala baieztatu du. Zenbait xehetasun eman ditu, gainera: “Guk planteatzen duguna frontoiaren errehabilitazioa da. Oinarrizko elementua frontisa da, eta mantenduko dugu. Hortik abiatuta, hiru hobekuntza mota egin nahi genituzke: segurtasunari, irisgarritasunari eta erosotasunari dagozkionak”. Ikusleentzako sarrera Sarjia parkean egongo dela aurreikusi dute.