Kategoria eta sari berriak edukiko ditu aurten ipuin lehiaketak
Indarberrituta dator Asun Casasola Ipuin Lehiaketa. Hirugarren edizioa izango du aurten, Nagore Laffage, lehiaketari izena ematen dion Asun Casasolaren alaba erail zutenetik hamarkada beteko denean. “Ama haren borrokarekin bat egitea da lehiaketa honen helburua”, gogorarazi du Eneritz Dueso antolakuntza lan taldeko kideak. Bertan izan diren aldaketez gainera, bi berritasun ditu aurten lehiaketak. Alde batetik, gazteei zuzendutako kategoria. Bestetik, sariak. Gehiago eta handiagoak izango dira, oraingoan, Asun Casasola lehiaketako sariak.
Helduei zuzendua izan da, orain arte, Asun Casasola Ipuin Lehiaketa. Euskarazko eta gaztelaniazko atalak egon dira, lehen bi edizioetan. Aurten, berriz, gazteentzako kategoria egongo da, bi hizkuntzetan, 12 eta 16 urte arteko nerabeentzat. “DBHko ikasleak dira, eta eskualdeko ikastetxeei eskatu nahi genieke haien lanketa egiteko, gazteek parte har dezaten”, azaldu du Nerea Sarriegik. Iaz Euskarazko saria eskuratu zuen hondarribiarrak, eta aurten, antolakuntzan dabil. Izan ere, orain arte Asun Casasola Ipuin Lehiaketa antolatzen ibili direnek lan taldea handitzeko gonbidapenak luzatu dituzte, lehiaketa indartzeko asmoz.
“Iruditzen zaigu ezinbestekoa dela datozen belaunaldiek genero indarkeriaren gaia esku artean edukitzea”
Eneritz Dueso, antolatzailea
Beste arlo batean ere handitu da lehiaketa, sarietan, hain zuzen ere. 16 urtetik gorakoen kategorian bi irabazle egongo dira, euskarazko eta gaztelaniazko atal bakoitzean bana. 400 euro jasoko du irabazle bakoitzak. 12 eta 16 urte arteko kategorian ere irabazle bana egongo da hizkuntza bakoitzeko. Sariak, 150 eurokoak izango dira gazteentzat. Gainera, Brontë liburu-dendan liburutan gastatzeko bono bat ere emango dute. Sari berezi hori gazteek aukeratuko dute, epai-mahaiko kideek aldez aurretik hautatutako hiru lanen artean. “Iruditzen zaigu ezinbestekoa dela datozen belaunaldiek genero indarkeriaren gaia esku artean edukitzea”, adierazi du Eneritz Dueso antolakuntzako kideak. Iaz epai-mahaiko kide izan zen irundarra.
Sarietan egon den emendatzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesari eta iaz Super Amara Bidasoa Atletiko taldearekin hasitako kolaborazioari esker izan da posible. Izan ere, iazko Gabonetako Krosa lasterketako dortsal bakoitzeko euro bana Asun Casasola Ipuin Lehiaketara bideratu zuen atletismo elkarteak.
Lanak aurkezteko epeak eta moduak
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, azaroaren 25ean zabaldu dute lanak aurkezteko epea. 12 eta 16 urte artekoek urtarrilaren 20ra arte dute horretarako aukera. 16 urtetik gorakoentzat epea luzeagoa da, otsailaren 10era arte. asuncasasola@gmail.com helbide elektronikora edo Brontë liburu-dendara bidal daitezke lanak (Kale Nagusia, 16), pdf formatuan edo paperean. Liburu-dendan bertan eskura ere eman daitezke.
“Literaturarekin edo feminismoarekin lotura edukiko dute epaimahaiko kideek”
Nerea Sarriegi, antolatzailea
Orrialde bateko ipuinak izan beharko dira, Arial 12 letra motan idatziak. Gainerako baldintzak www.asuncasasolaipuinak.eus web gunean ikus daitezke. Idazlanaz gainera, beste gutun-azal batean izen-abizenak, NAN zenbakia, helbidea, jaioteguna eta kontakturako bideak idatzi beharko ditu egileak. Lan guztiak bilduta, epai-mahaiko kideen lana hasiko da. “Literaturarekin edo feminismoarekin lotura edukiko dute”, nabarmendu du Nerea Sarriegik. Sariak martxoaren 8an banatuko dituzte. Ez da ez da aurtengo leloa, eta gaia. “Sinplea eta gogoratzeko erraza”, aipatu du Eneritz Duesok: “Baina ematen du gizarteari oraindik ez zaiola argi geratu”.