Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren bigarren edizioko sariak banatu zituzten martxoaren 13an, Irungo Urdanibia plazan. 2008ko sanferminetan erail zuten Nagore Laffageren amaren omenez antolatzen du lehiaketa TAS Txingudi Anti Sexista Plataformak. Indarkeria sexistaren gaiari buruzko ipuinak saritzen ditu. Aurten 417 lan jaso dituzte antolatzaileek, iaz baino 108 gehiago. Gaztelaniazko atalean Olga Alicia Ferrari argentinarraren, Como el viento lana saritu dute. Euskarazkoan, Nerea Sarriegi Atienza gazte hondarribiarrak irabazi du, Zeinek lortu du? ipuinari esker. Bere lehen esperientzia izan da literatur lehiaketa batean.
Noiztik izan duzu idazteko zaletasuna?
Betidanik gustatu izan zait idaztea. Baina asko idatzi dudan arren, inoiz ez naiz ausartu lehiaketetan aurkeztera. Asun Casasola lehen lehiaketa izan da niretzat. Amari esker izan nuen haren berri, eta aurkeztera animatu nintzen, nire lanak erakusteko garaia zela pentsatu nuelako. Hala ere, inola ere ez nuen pentsatzen irabaziko nuenik. Harriduraz hartu nuen albistea.
Lehiaketaren gaiak ere eragina izan al zuen?
Nire parte hartzearen motibazio nagusietako bat izan zen lehiaketaren arrazoia. Indarkeria sexistaren gaitza denon ardura da, eta nire ustez, horrelako ekimenek aurrera pausoak ematen laguntzen dute. Nire ekarpena ere egin nahi nuen.
Zer kontatu duzu zure ipuinean?
Tratu txarrak existitzen direla esan gabe, horiek ikusarazi nahi nituen. Ideia sinplea zen, baina badirudi epaimahaiko kideei gustatu zaiela. Ni oso eskertuta nago. Baldintza zen ipuina lehengo urtean irabazi zuen lanaren azken esaldiarekin hastea. Kasu honetan ‘lortu du’ hitzak izenburura ere eraman nituen.
Lagunekin edo senideekin konpartitu duzu lana?
Behin saria jaso ondoren, bai. Baina egia esan, idazten ari nintzela, ez. Gabonetako oporretan idatzi nuen. Sari banaketan ipuina irakurri zuten, eta lotsa pixka bat sentitu nuen, inoiz ez delako nire testu bat beste inon irakurri.
Idazten jarraitzeko indarra eman dizu sariak?
Idazten jarraituko nuke irabazi edo ez, asko gustatzen zaidalako, eta gehiago, halako helburuekin baldin bada. Baina noski, sariak aurrera egiteko motibazioa eman dit. Bide batez, antolatzaileak zoriondu nahi nituzke, lan handia egiten dutelako, eta oso ondo antolatzen dutelako. Parte hartzea asko handitu da joan den urtearekin konparatuta, eta uste dut jendea gero eta kontzientziatuago dagoela gaiarekin.