2016. urtean Nerea Ugarte Alarde Tradizionaleko Kantineren Ordezkari gisa aukeratua izan zen. Bere egiteko nagusia Alardearen eta Kantineren arteko bitartekari lana egitea da, urtero aukeratutako kantinera berriei jantzia, botak eta aholkuak emateaz gainera. Alarderik gabeko bigarren urte honetan, Nerea Ugartek Kantineren Ordezkariaren papera zertan datzan azaldu du.
Zein da alardearen barnean duzun ardura?
Alarde Batzordeko kidea naiz eta, zehazki, kantineren ordezkari naiz. Beraz, batzordean hartzen diren erabaki guztietan parte hartzen dut. Gainera, kantinerak aukeratuak direnean, beraiekin zuzenean lan egiten dut. Kantinerekin elkartzen naiz botak banatu eta bestelako zereginetan laguntzeko. Azken finean, nire egitekoa kantinerak laguntzen eta lasaitzen saiatzea da.
Nola bizi izan zenituen aurreko urteko jaiak alarderik gabe?
Tristura sentitu nuen, hutsik banengo bezala. Hutsune handi baten erdian zerbaiten falta sumatzen nuen, beraz, tristuraz.
“Kantinerak aukeratuak direnean, nirekin harremanetan jartzen dira probak egiten hasteko”
Alarderik gabe, alardearen antolaketan murgildurik zaudetenen zereginak asko murriztu dira?
Bai, hala ere, noizbehinka bilerak egiten jarraitzen dugu. Izan ere, beti dago hobetu beharreko zeozer edo elkar partekatu beharreko zerbait. Nahiz eta gauzak egiten jarraitu, ezin daiteke gainontzeko urteetako presarekin alderatu, hortaz, gauzak lasaiago egiteko aukera dugu.
Alardea egiten den urteetan, noiz hasten zarete kantineren prestaketekin?
Kantinerak aukeratu aurretik, adibidez, botak begiratzen ditut, dena ondo dagoela egiaztatzeko. Kantinerak aukeratuak direnean, nirekin harremanetan jartzen dira probak egiten hasteko.
Lan gehiena Sanmartzialen aurreko hilabetean pilatzen zaizue?
Bai, izan ere, gehienak oso denbora tarte gutxian aukeratuak dira. Orduan, beraiekin lehenbailehen elkartu behar dut arropa zein botak banatzeko. Batzuetan oso erraza da haiekin hitzordu bat ixtea, besteetan, berriz, lan eta ikasketen artean zailagoa da.
Kantinera izatearekin loturiko prestaketak kudeatzeko zure laguntza izatea eskertzen dute?
Bai, nahiz eta, egia esan, normalean haiekin baino, amekin gehiago hitz egin ohi dudan. Askotan aukeratuak direnetik egun bakarra pasatzen da nigana etortzen diren arte, beraz, sarritan oso urduri eta gertatutakoa sinetsi ezinik datoz. Amek, aldiz, galdera asko egiten dituzte eta haiek lasaitzen saiatzen gara. Dena den, kantinera guztiekin bilera pare bat egin ohi ditut haiek lasaiago daudenean eta horrela azalpenak hobeto entzuten dituzte.
Hainbeste zeregin eta aholkuen artean, zuk zeuk hiriko festez disfrutatzeko modua aurkitzen duzu?
Orokorrean nahiko pertsona lasaia naiz, beraz, ardurak lasaitasunez hartzen ditut. Ekainaren 30eko goizeko lehen orduetan urduriago nago, kantinera guztiak ikusi eta dena behar den moduan dagoela ikusi arte. Udaletxeko balkoitik ondo dauden jakiteko keinua egin ohi diet beti eta guztiek baietz erantzuten didatenean lasaiago gelditzen naiz.
Alarderik egin ez arren, arropa eta botak ondo zaintzea ezinbestekoa da?
Bai, dena ondo gordeta dago, datorren urterako prest.
Etenaldia arropa edo botak berritzeko edo berrantolatzeko aprobetxatzen ari zarete?
Ez, egia esan, arropa edo oinetakoak beti hor daude. Zerbait berritzea beharrezkoa denean, normalean, kantineren neurrira egiteko aprobetxatu ohi dugu, bakoitzak behar duen neurrira egokitu ahal izateko. Oraingoz txukun-txukun dena gordeta dago eta datorren urtean kantinera berriak dauzkagunean zerbait berria behar dugun ikusiko dugu.
“Kantinera bakoitzak esperientzia modu desberdinean bizitzen du”
Zu zeu ere kantinera izan zinenez, zure esperientzia gainontzeko kantinerei aholkuak emateko orduan lagungarria zaizu?
Bai eta ez. Azken finean, kantinera bakoitzak esperientzia modu desberdinean bizitzen du. Hortaz, emandako aholkuak oso desberdinak izan daitezke. Hain zuzen ere, kantinerek aholku asko jaso ohi dituzte, zer egin behar duten eta zer egin behar ez duten esanez. Nire aholkua iristen zaizkien gomendioak entzutea da, baina, betiere, haien izateko era aldatu gabe.
Nolakoak izango dira aurtengo Sanmartzialak?
Aurreko urteko moduan tristuraz biziko ditut. Beti bezala mendira igoko gara eta gero, uzten badigute, hortik zerbait hartuko dugu. Bestela, aurreko urtean bezala etxera joango gara eta bazkaria etxekoekin bazkaria egingo dugu. Musikaren bolumena topera igoko dugu etxea alaitzeko, baina lasaitasunez biziko ditugu urteko egun berezi horiek.
Zein esanahi duten zuretzat Irungo San Pedro eta San Martzial jaiek?
Askotan esan ohi dudan moduan, Sanmartzialetako jarraitzaile amorratua naiz. Benetan egia da eta benetan horrela bizi ditut. Oso egun bereziak dira niretzat eta urte osoa ematen dut egun horien esperoan. Sentimendu handiko egunak dira, beraz, oso bereziak dira, besterik gabe.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.