Neska irundarrek Bera Bera taldean topatu dute eskubaloiaren maila gorenera iristeko aukera

Argazkia: Estudio Gover

Eider Tapiak eta Haizea Urretabizkaiak 2022. urtean debutatu zuten Super Amara Bera Bera taldearekin maila gorenean. Tapia denboraldi hasieran hasi zen taldearekin jolasten eta Urretabizkaia, berriz, maiatza aldera. Haizea Urretabizkaia gainera Ligako eta Super Kopako txapelduna izan da taldearekin. Eider Tapiari Junior Selekziotik ere deitu zioten. Garaipen guzti horiengatik Irundarron Saria jasotzeko proposatuak izan dira.

Haizea Otsailean hasi zinen Bera Berarekin entrenatzen eta maiatzean debuta egin zenuen. Espero zenuen?

Haizea: Egia esan, ez nuen batere espero debuta. Otsailean entrenatzen hasi nintzen eta maiatzean debutatu ahal izateko nahiko goiz izango zela pentsatu nuen. Sara Gilen baja gertatu eta justu aste horretan bertan deitu zidaten ostiralean debutatzeko. Izugarrizko ezustea izan zen, baina oso pozik jarri nintzen.

Zure kirol ibilbiderako mugarri garrantzitsua izan da maila honetako talde batekin debuta egin ahal izatea?

Haizea: Bai, noski. Edozein pertsonaren ametsa da maila honetako talde batean jokatzen bukatzea. Nik zortzi urte daramatzat eskubaloian jolasten eta urte hauetan guztietan ez dut horrelako esperientziarik bizi izan. Amets bat balitz bezala hartu dut eta jada bete dudala esan dezaket.

“Edozein pertsonaren ametsa da maila honetako talde batean jokatzen bukatzea”

Haizea Urretabizkaia, eskubaloi jokalaria Bera Beran

Nola bizi izan zenuen taldearekin Ligako eta Super Kopako txapeldun izatea?

Haizea: Nik azkeneko hiru partiduak bakarrik jolastu nituen lehengo urtean, baina oso pozik nago beraiekin bizi izan nuelako festa hori. Super Kopa gainera nire urtebetetze egunean izan zen eta azken partiduko azkeneko minutuak izugarri gogorrak izan ziren. Gol batengatik irabazi genuen, beraz poza sekulakoa izan zen. 

Mailaz aldatzean aldaketa esanguratsurik nabaritu duzu?

Haizea: Bai, aldaketa nabaria izan da. Lehen bigarren mailan astean hiru entrenamendu neuzkan eta orain astean bost entrenamendu dauzkagu, partiduaz eta gimnasio orduez gain. Udan denboraldiaurrea hasi genuen eta aldaketa nabaria izan da bai fisikoki bai mentalki.

Nola lortzen duzue ikasketak kirolarekin uztartzea?

Haizea: Ni adibidez unibertsitatean nago irakasle ikasketak egiten eta nahiko erraza izan da biak uztartzea. Izan ere, eskolak goizetan ditut eta entrenamenduak, aldiz, arratsaldean. Gimnasio entrenamenduak berriz goizetan izaten dira eta ezin naiz joan, baina tarteren bat dudanean joaten saiatzen naiz.

Eider: Niri nahiko zaila egin zait Batxilergoko bigarren mailan nagoelako eta ikasteko denbora asko behar dudalako. Entrenamenduez gain, hara joateko denbora ere behar duzu eta, ondorioz, ikasteko denbora gutxiago daukat. Horregatik, lan bikoitza egin behar dut guztira iritsi ahal izateko.

Zure kasuan Eider, nolakoa izan zen zure debuta?

Eider: Nik ere ez nuen espero. Denboraldiaurrean entrenatzen eta partiduren bat jolasten hastea espero nuen. Ez nuena espero zen 17 urterekin ohorezko mailan debutatu ahal izatea, hortaz, lehen minutu horiek asko disfrutatu nituen.

Nola sentitu zinen Junior Selekzioaren deia jaso zenuenean?

Eider: Kategoria txikiagoetan egona nintzen, baina munduko txapelketarako deitu ez zidatenez, ez nuen espero berriro zerbaitetarako deituko zidatenik. Azken batean, juniorra absolutua baino beherago dago. Dena den, oso esperientzia polita izan zen eta asko disfrutatu nuen.

Nolakoak dira bertan egiten dituzuen prestaketak?

Eider: Egunean bi entrenamendu egiten ditugu, goizetan eta arratsaldeetan. Horretaz gain, bideoak ikusi, partiduak jokatu eta gimnasioan orduak sartzen ditugu, beraz, oso nekatua da.

Orain zaudeten lekuan egoteko, atzetik ikusten ez den lan asko dago, ezta?

Haizea: Hori egia da. Esan dudan bezala, nik 8 urte eman ditut eskubaloian jolasten, horietatik 6 Bidasoan izan dira. Honaino iristeko esfortzu handia egin behar izan dugu, baina horrela lortzen dira gauzak.

Eider: Nik ere 7-8 urte daramatzat eskubaloian eta azkena izan ezik, gainontzekoak ere Bidasoan egin ditut. Orain aldaketa nabaria da, bai.

Bidasoan maila goreneko erreferente femeninoak falta izan zaizkizuela nabaritu duzue?

Haizea: Bai eta hori izan da Bera Berara joateko arrazoi nagusietako bat. Nik gazte kategorian bukatu nuenean ez genuen klubean jarraitzeko aukerarik. Egia da Irunen beste klub bat zegoela, baina ez zidan nahi nuen mailan jokatzeko aukerarik ematen.  Horregatik, Donostiara joatea erabaki behar izan nuen, baina gustatuko litzaidake Irunen seniorretan hasi eta kategoria gehiago izatea. Horrela, Bidasoko neskek ere eskubaloian jokatzeko aukera izango lukete.

Eider: Nik, berriz, Bidasoan beste urtebetez geratzeko aukera nuen, jubenil mailako bigarren urtea bete arte. Hala ere, Bera Bera taldera joatea erabaki nuen ohorezko mailako taldearekin entrenatzeko aukerak ematen zizkidatelako. Dena den, egia da Bidasoatik asko lagundu didatela.

“Polita da zure hiriak eta gainontzeko hiritarrek zu nor zaren eta zuk lortutakoa jakitea”

Eider Tapia, eskubaloi jokalaria Bera Beran

Nola sentitu zineten Irundarron Saria jasotzeko hautagaietako bat zinetela jakin zenutenean?

Haizea: Ezustekoa izan zen, Eiderrek bidali zidan eta albistea. Oso pozgarria da zure hiriarentzat garrantzitsua zarela ikustea eta zerbait ona egin duzula. Zuk lortutako gauzak errekonozitzea lanean jarraitzeko motibazioa da.

Eider: Gutako inork ez zuen espero eta jakin bezain laster Haizeari bidali nion. Polita da zure hiriak eta gainontzeko hiritarrek zu nor zaren eta zuk lortutakoa jakitea.

 

Elkarrizketa osoaren bideo ikusgai dago Txingudi Onilnen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude