Nesken eskubaloia sustatzen ari da Bidasoa

Bidasoa eskubaloi taldeko bi neska deitu dituzte, lehen aldiz, Gipuzkoako selekzioarekin aritzeko. Leire Iguiñiz eta Juncal Díez infantil mailako jokalariak dira aitzindariak. Berri pozgarria izan da neskentzat, baina baita C. D. Bidasoa elkartearentzat ere. Duela hiru urte jarri zuen martxan klubak infantil mailako nesken lehen taldea. Egindako ahaleginaren eta lanaren fruituak jasotzen hasi dira.

SONY DSC

Duela lau urte klubaren agintea hartu zuenean, gabezia handi bat ikusi zuen zuzendaritza taldeak. Nesken eskubaloi talderik ez zuen Bidasoak. “Eskubaloian aritu nahi zuten neskak bazeuden Irunen, baina estruktura falta zen. Neskek Ereintzara edo Bera Berara joan behar izaten zuten joka-tzera”, gogoratu du Aritz Sodupe harrobiaren arduradunak. Infantilen talde bat sortu zuen Bidasoak, hasteko. Orain, kadeteak ere badaude. Pixkanaka handitzen ari da familia, eta hurrengo urterako lau talde espero dituzte. Neskak erakartzeko lana egin dutela onartu du Sodupek: “Eskoletan eskubaloi saioak egiten ditugu soinketa orduetan, zortzi urteko haurrekin hasita. Hor izaten da lehen kontaktua, edo Eskola Kirolan, bestela”.
Erreferenterik ez zaie falta neskei. Donostiako Bera Bera emakumeen eskubaloi taldea goi mailan dabil, tituluak eskuratzeko lehian. Dena den, Bidasoa-Irun taldeak berak ere erakarri izan ditu neskak. “Lehen taldearen partidak ikusten hasi nintzen joan den urtean. Bartzelonaren aurkakoa izan zen lehena. Futbola ez zitzaidan gehiegi interesatzen, baina eskubaloia asko gustatu zitzaidan. Oso kirol polita eta dinamikoa da”, azaldu du Maialen Unanuek. Kadete mailako taldean hasi da aurten, lehenago sekula eskubaloian ibili izan ez den arren: “Zerotik hasi nintzen, baina taldekideek asko lagundu didate. Jendea ezagutu dut, eta gehienekin oso ondo moldatzen naiz. Gainera, partidetara joaterakoan, lekuak bisitatzen ditugu”.
Itsasne Cañas da Unanueren entrenatzailea. Bera ere kadete mailan ibili zen eskubaloian, Hondarribian. “Gero Leonen egin nituen ikasketak. Han eskubaloiaren inguruko kultura handia dago, Irunen bezala”, adierazi du Cañasek. Denboraldi honetan hasi da taldea entrenatzen, eta gustura dago neskek izan duten bilakaerarekin: “Batzuk aurten hasi dira, eta lan handiagoa egin behar izan dugu haiekin. Asko hobetu dute urte osoan zehar. Emaitzei dagokienez, hasieran ez ginen ondo hasi, baina hobeto amaituko dugu denboraldia”. Kadeteen taldea da, momentuz, Bidasoako nesken gailurra. Hala ere, Aritz Sodupek ez du azken helburua ezkutatu: “Senior mailako taldea edukitzera heldu nahi genuke”.

Bidasoatik Gipuzkoako selekziora

Artalekun hazitako neska batzuk nabarmen-tzen hasi dira dagoeneko. Infantil mailako selekzioan daude Leire Iguiñiz atezaina eta Juncal Díez zentrala. Ilusioz hartu zuten deia. “Gogoratzen dut Artalekuko kantxan esan zigutela, eta ateratzerakoan korridoreetatik saltoka joan ginela”, adierazi du Díezek. Selekzioko neskak ezagutzen zituzten, haien aurka jokatutakoak zirelako. Hala ere, Iguiñizek aipatu du nabari zela elkarrekin entrenatzen denbora gehiago zeramatela. Orain, astean behin aritzen dira, normalean, selekzioarekin. Juncal Díezek baieztatu du asko ikasten ari direla: “Jokaldi zailagoak, landuagoak egiten ditugu. Baina ondo azaltzen dizkigute, eta azkenean ateratzen zaizkigu”. Bidea ireki dute Iguiñizek eta Díazek. Aurki ez dira bakarrak izango.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude