Nesken futbola sustatzeko elkarlanean jardungo dute Mariño eta Real Unión klubek

Martxo amaieran jakinarazi zuten Mariño eta Real Unión klubek elkarlanerako akordioa sinatu berri zutela. Hitzarmen honen helburu nagusia Irunen emakumeen futbola sustatzea da, kategoria baxuenetatik hasita, goi mailako kirolera iritsi arte. Mariño kirol elkartetik futbolean emakumeen aukerak zabaltzeko lanean ari den Sandra Ramajo jokalari ohiak elkarlanaren inguruko xehetasunak eman ditu.

Bi kluben arteko akordio honek, emakumeen futbola sustatzeaz gain, ba al du beste helbururik?

Proiektuaren helburu nagusia Irunen, orokorrean Bidasoaldean, emakumeen futbola sustatzea da. Uste dugu batura honek emakumeen futbolari indarra emango diola. Azkeneko urteetan kirolaren esparru honi hemen inguruan arreta gutxi eskaini zaiola uste dugu, baina bitartean ikusi da hemendik oso jokalari onak atera direla. Ni Mariñon nagoela, jokalari onak ikusten ari naiz, baita klubeko kategoria txikienetan ere. Beraz, nire ustez, emakumeen futbola indartu egin behar da eta hitzarmen hau eskualdeko neska futbolarien etorkizunerako lagungarria izango da.

Mariñok azken urteetan zehar emakumeen futbola indartzeko lan handia egin du, ezta?

Bai, Mariño kirol elkarteak urte asko daramatza emakumezkoen futbola lantzen. Akordioaren aurkezpenean klubeko lehendakariak azaldu zuen bezala, urte askotan zehar Mariño izan da emakumeen futbolarekiko apustua egin duen bakarra. Ni lehenengo urte horretan klubeko jokalaria izan nintzen, 5 urte eman nituen bertan, eta jada 15 edo 16 urte igaro dira ordutik. Ordutik emakumeek Irunen futbol talde sendo bat eduki ahal izateko borrokatu da. Azkeneko urteetan ideia horri eusteko laguntza asko behar izan da. Denbora gutxian emakumeen futbolak hazkunde handia izan duelako eta bestelako ahalegina eskatzen duelako. Irun hiri oso handia denez, jokalari asko ditu.

Beraz, akordioa behar batetik sortu dela esango zenuke?

Jokalari hobeak izan nahi baditugu, beraiei aukera gehiago eman behar zaizkie. Futbola asko aldatu da ni jokatzen hasi nintzenetik. Entrenatzaileek prestakuntza hobea izan behar dute, staff teknikoko taldea handitu egin behar da eta entrenamenduek kalitate hobea izan behar dute. Orain geroz eta zailagoa da futbolaren maila gorenera iristea. Jokalariek indartsuagoak izan behar dute, koordinazio hobearekin eta prestakuntza tekniko eta taktiko landuagoarekin.

“Futbola asko aldatu da ni jokatzen hasi nintzenetik”

Uste duzu emakumeen futbola maila txikienetatik indartu behar dela?

Bai, izan ere, uste dut maila txikietan egin beharreko lan handia dagoela, kalitatea eman behar diegu eta. Jokalariek ohartu behar dute emakumeen futbola gorantza doala eta horretarako, baliabideak behar ditugu. Neskak futbolean jokatzera animatu behar ditugu. Lagunak egiteaz gain, kirola probatu eta ikasteko aukera izan behar dute.

Ekimena lagungarria izan daiteke jokalariak beste klubetara joateko beharrik izan ez dezaten?

Hori da proiektu hau martxan jartzeko beste arrazoietako bat. Jokalariak hemen geratzea nahi dugu, beren eskualdeko futbol proiektua erakargarria zaielako. Honi esker, hirian emakumezkoen futbolarekiko zaletasuna ere handitu egingo da, baina horretarako sustapen lan bat egin behar da aurretik. Taldeak mailaz igo nahi izatea ondo dago, baita jokalarientzako erreferenteak sortu nahi izatea. Aberasgarria izan daiteke jokalari txikientzat maila altuagoetan dabiltzan jokalarien bilakaera ikustea, hemen entrenatuta urruti iritsi daitezkeela uler dezaten.

Orain arte zeintzuk izan dira emakumeen futbolean gertatutako aldaketa esanguratsuenak?

Entrenamenduak asko aldatu dira. Entrenatzerakoan egiten diren ariketak asko aldatu dira. Hain zuzen ere, fisikoki entrenamenduak orain beste era batera lantzen dira. Orain joko erritmoa azkarragoa da eta geroz eta jokalari indartsuagoak eta azkarragoak eskatzen dira. Emakumeen futbola hazten ari dela aprobetxatu behar dugu. Jokalariek hobeak izan behar dute, ez soilik baloiarekin, baita baloirik gabe, fisikoki. Komunikabideetan ere emakumeen futbolari geroz eta garrantzi handiagoa ematen zaiola ikusi dugu. Egia da Realak Irungo jokalari on asko izan dituela azken urteetan. Nik 11 urtez Realean jokatzeko aukera izan nuen, baina horren aurretik pauso batzuk eman behar izan nituen Mariñon. Uste dut, egungo belaunaldiek lehen pauso horiek emateko erraztasun gehiago dituztela, izan ere, baliabide gehiago dituzte eskura. Batzuk lehenengo mailara iritsiko dira, beste batzuk maila baxuagoetan geratuko dira, baina bakoitzak dagokion lekura iristeko aukerak izango ditu behintzat.

Akordioa sinatu ostean, jokalarien prestaketan aldaketa nabarmenik egitea pentsatu duzue jada?

Oraindik Mariñok eta Real Uniónek elkarrekin egingo dugun proiektuari buruz hitz egiteko elkartu behar dugu. Lankidetza akordioa sinatu dugu, baina oraindik lan asko egin behar dugu horretarako. Talde guztiak finkatzen eta antolatzen hasi behar dugu. Jokalariekin proiektuari buruz hitz egin behar dugu, zein helburu izango ditugun finkatzeko eta azaltzeko. Lehenengo epe laburreko helburuak zehaztu beharko ditugu eta gure lan norabidea zein izango den markatu. Horrelako proiektuak ezin dira goitik hasi, pixkanaka joan behar dugu. Egia da, akordioaren osteko lehenengo denboraldian ez direla aldaketa asko izango, baina elkarlana lortu izana jada aldaketa handia da. Bi kluben arteko hitzarmenari esker agian Stadium Galen entrenamenduren bat egiteko edo partiduren bat jokatzeko aukerak izan ditzakegu. Izan ere, Irunen futbol zelaiekin arazo handi bat dugu, futbol klub eta talde asko dauzkagulako eta zelai gutxi. Jokalarien prestaketa hobea izan dadin, instalakuntzek ere hobeak izan behar dute. Argi duguna da lanketa maila txikienetan hasi eta lehen kategorietako taldeetaraino iristea nahi dugula. Horrela, jokalari txikiak hazi eta mailaz igotzen diren heinean, hobeto prestatuak iritsiko dira lehen taldeetara.

“Horrelako proiektuak ezin dira goitik hasi, pixkanaka joan behar dugu

Hasiera batean lau urteko hitzarmena izan arren, epe ertain eta luzera begirako akordioa da, ezta?

Hori da. Ikusiko dugu etorkizunean zer gertatuko den eta zer emaitza emango dituen akordioak. Hemendik Irungo eta inguruko herrietako neska guztiak animatu nahi ditugu, aukera politak ekarriko dizkielakoan. Nire iritziz hartu berri duguna oso erabaki ona da eta ziur nago Bidasoaldeko herri guztietako emakume kirolarientzat oso aberasgarria izango dela.

 

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude