Ramon Olaondo, Bidasoako Erlezainen Elkarteko presidentea
Ramon Olaondok 18 erlauntz ditu Behobiko Botenean. Inguratzen denean teniseko erraketa bat asiar liztorren aurkako arma gisa erabili ohi du. “Ez dituzte pakean uzten”, kexu da. Duela lau urte ikusi ziren Bidasoan lehendabiziko aleak. Kalteak zein kezkak handituz doaz. Erlezainek errotik suntsitzeko neurriak eskatzen dituzte.
– Nola sartu da Euskadin Asiako liztorra?
Frantziatik sartu omen da, Asiatik Bordeleko portura egur kargamentu bat garraiatu zuen itsasontzi baten bidez. Egurrean gordeta zegoen eta handik zabaldu zen Ipar Euskal Herrira lehenik. Gaur egun Euskadin ez ezik penintsulan ere zabaltzen ari da espeziea.
– Nolakoak dira eta nola jokatzen dute?
Ez dira autoktonoak baino handiagoak: bertako ale txikienak asiatiko handienen tamainakoak dira. Erleek ez bezala, ez dute loreetako nektarra xurgatzen. Fruituak eta proteina jaten dute; hortaz, erleak harrapatzen dituzte. Oso erasokorrak dira: eralauntzetan egon ohi dira, erleak noiz irtengo zain. Erleak elikatzera abiatzen direnean, orduan hiltzen dituzte. Azkenerako erleak, erabat izututa, ez dira erlaun-tzatik ateratzen. Horrela ziklo naturala hautsi egiten da.
Negua gordeta pasa ondoren, udaberrirako ernalduta daude. Ezaugarri nagusietako bat da oso azkar ugaltzen direla, kabi bakoitzetik 300-500 erregina ere jaio litezke eta.
– Noiz iritsi ziren Asiako lehenengo liztor aleak Bidasoara?
Duela lau urte ikusi genituen lehenak, harriduraz ikusi ere, ez genekielako zer zen. Handik egun batzuetara jakin genuen iparraldean zegoeneko Asiako liztorrarekin arazoak zituztela.
Bigarren urterako, arazoa Bidasoan geneukan.
– Eztiaren uztan eragina nabaritu duzue?
Bidasoan 5.000 kg ezti inguru produzitzen dira. Aurten kopuruak pixka bat behera egin du. Udaberria ohi baino euritsuagoa eta hotzagoa izan da. Giro hori ez da erleentzat lagungarria; baina aldi berean, asiar liztorrentzat ere kaltegarria da.
– Zer egin zenuten elkartekideok orduan?
Guk bakarrik ezin genuen ezer egin. Tranpak jarri genitue: garagardoa bidoietan sar-tzen da liztorra erakartzeko. Bertan itota hiltzen da. Dena den, hori ez da nahikoa. Foru Aldundira jo genuen laguntza eske. Joan den urtean protokolo bat martxan jarri zen, suhiltzaileekin eta basozainekin batera kabiak bilatzeko eta kentzeko. Kabiak topatzea ez da erraza, oso gordeta egoten baitira. Gauzak oso ongi joan ziren.
– Zer gertatu da aurten?
Protokoloa ez da aplikatu suhil-tzaileekin akordiorik ez zegoelako.
Beste sistema batekin probak egin dituzte: 14 metroko pertika batekin kabia pozoitzean datza. Dena dela, kabia bilatu behar da, eta horretarako jenderik ez badago…
– Etorkizunari begira nola ikusten duzu buruhauste hau?
Kabiak horrela suntsitzea ez da nahikoa: produkturen bat behar litzateke liztor asiatikoa errotik desagerrarazteko. Horrela ezin dugu segi. Zerbait egiten ez bada, aukeratu beharko da: liztorra ala erlea, biek ezin dute elkarrekin bizi.
Hasi dira jada mahastietan sartzen eta fruta zulatzen. Hor interes ekonomiko handiak daudenez, bada, agian arazo hori izan liteke erabateko esku-hartze baten eragile.