Iragan asteburutik, Lanbide Heziketako Irungo Plaiaundi BHIk Nexgraff artistaren mural bat du bere atarian. Bertan, 19 urteko gazteak Txingudiko badiako biodibertsitatea jaso du, bereziki, Bidasoaldeko parke ekologiko horretako hegazti-populazioa islatuz. Nextor Otaño pasaitarra, Nexgraff, azken asteetan albiste izan da, Trintxerpeko Ciriza Etxerako egin zuen murala, 2022ko munduko onenen zerrendan hamargarren postua lortu baitu.
Plaiaundiko Parke Ekologikoa, Bidasoa ibaiaren eta Jaizubia errekaren artean dagoena, hegazti migratzaileentzako erreserba naturala eta babeslekua da. Horri keinu eginez, Plaiaundi BHIk ikastetxerako sarbideko horma apaintzeko lehiaketa bat martxan jarri zuen. Proposamenak jaso ondoren, bozketa bidez, bertako ikasleek, irakasleek eta ikastetxeko beste langileek pasaitarrari lana esleitzea erabaki zuten.
Plaiaundin ohikoak diren Koartza hauskara (Ardea cinerea) baten profila eta neska gazte baten aurpegiaren plano itxi bat nabarmendu egiten dira Otañoren horma-irudian. Kolore hotzak dira nagusi, zenbait kolore bizi ageri badiren ere. Artista ikuslea gogoetara gonbidatu nahi du eta, zentzu horretan, Nexgraffentzat Plaiaundi BHIko murala obra irekia da.