NOELIA LORENZO PINO, idazlea: “Emakumeen salerosketa nazkagarria da”

Orain arteko kasurik ilunenari aurre egin diote Eider Chassereau eta Jon Ander Macua Ertzaintzako agenteek. Hirugarren abentura dute Noelia Lorenzo Pino (Irun, 1978) idazleak sortutako pertsonaiek. La Sirena Roja eta La chica olvidada eleberrien ondoren, sagako hirugarren atala, Corazones Negros argitaratu du aurten idazle irundarrak, Erein argitaletxearekin. Chamusquinarekin egin zuen debuta, 2013an. Pixkanaka, Euskal Herriko eleberri beltzaren munduan nabarmenduz doa.

La Sirena Roja idatzi zenuenean, saga baten hasiera izango zela imajinatzen zenuen?

Bai, pertsonaiek bilakaera handiagoa eduki zezaketela iruditu zitzaidan. Gainera komisaria sortu nuen, pertsonaia gehiagorekin, lan talde batekin… Niri gustatzen zaizkit polizia sagak, eta irakurleek ere jarraipena eskatu didate.

Gero eta ñabardura gehiago dituzte pertsonaiek. Garapen bat eman nahi izan diezu?

Nik oso barneratuta ditut, baina era berean, egoera jakin batzuetan, ordura arte aurreikusita ez nituen jokabideak agertzen dira. Nirekin batera hazi dira pertsonaiak.

Familia desegituratuak sortu dituzu. Gaur egungoak, neurri batean.

Dibortzioak, senideak galdu dituzten pertsonaiak… Egia da. Egoera pertsonal zailak bizi dituzte pertsonaia batzuek. Irakurleak identifikatuta senti daitezkeela uste dut.

Protagonistek ikertzen duten kasuari dagokionez, orain arteko beltzena da, ilunena.

Hala da. Emakumeen salerosketa nazkagarria iruditzen zait. Gizakiaren alde okerrena noraino heltzen den erakusten du. Profil kriminal hori landu nahi nuen. Familia, emaztea eta seme-alabak dituen gizona, baina emakumeak bahitu eta esklabo edukitzen dituen organizazio baten buru dena.

Asko kezkatzen nauen gaia da. Duela gutxi, Donostian bertan emakumeen salerosketan zebiltzan bi sare desegin dituzte. Bertan dago, eta ez dugu ikusten. Iruditzen zait oihartzuna eman behar zaiola, haren kontra borrokatzeko.

Ez da informazio gehiegi zabaltzen, gaiaren inguruan. Nola egin duzu dokumentazio lana?

Egia esan ez nintzen gehiegi dokumentatu. Istorioa bururatu zitzaidan, eta amaitu nuenean zalantzak sartu zitzaizkidan. Ez nekielako jendeak sinistuko zuen edo ez. Kriminologia ikasi duen lagun bati galdetu nion, eta berak hainbat kasu kontatu zizkidan, liburuan kontatzen dena urrun uzten dutenak. Errealitateak fikzioa gainditzen du, beste behin.

“Oso inplikatua izan naiz txikitatik, aldarrikatzailea”

Eleberri iluna izateaz gainera, kritika eta salaketa dosi handia dauka. Zorrotza izan zara.

Oso inplikatua izan naiz txikitatik, aldarrikatzailea. Ez dut beldurrik behar bezain urruti iristeko. Niri gustatzen zait, irakurtzen ditudan liburuetan, salaketa topatzea. Haren bidez, beste gizarteak ezagutzea.

Ez ohiko egitura du liburuak. Aldatu nahi izan duzu, aurreko liburuekiko?

Bai. Ez dago susmagarririk, ezta galdeketarik ere. Ikerketa biziagoa dela uste dut. Gainera, irakurleak abantaila du, badakielako zergatik gertatu den erailketa. Zaltzak nituen, alde horretatik, baina ondo funtzionatu duela uste dut.

Erreferentzia anitzak nabaritzen dira, zentzu horretan?

Bai. Orain, esate baterako, Domestic Noir azpigeneroko eleberri bat bukatu berri dut. Ez dago ia inbestigaziorik, emakume bat da protagonista, eta emakumea ere bai. Gero sagako laugarren atala etorriko da, eta hori ere ezberdina izango da. Esperimentatzea gustatzen zait, eta nire irakurketak nabaritzen dira.

Aurreko eleberrietako erreferentziak agertzen dira. Hala ere, bakarka irakur daitezke?

Bai, oreka bilatzen ahalegintzen naiz, irakurle berriei pertsonaien inguruko argibideak eman arren, irakurle zaharrak ez aspertzeko. Nik uste aberasgarria dela saga hasieratik irakurtzea, baina amaieratik hasi direnak ere badira.

“Euskal Tijuana deitu izan dute Irun”

Irun agertzen da berriro, kasu honetan, Irun ilunena. 90eko hamarkadako Hondarribia kalearen deskribapen gogorra egin duzu.

Bai, eta ez da fikziozkoa. Nik hura bizi izan nuen. Hondarribia kalea gabatxoz eta maderoz beteta zegoela esaten genuen denok. Badakit maletegian errifleak eta bateak eramaten zituen jendea zegoela.

Auzoetan ez zen putetxerik falta, Belaskoenean, Pio XIIn, Larreaundin, edonon. Orain hiria aldatu egin da, nahiko argitsua dirudi, azalean, behintzat. Gauzak gertatzen dira, hala ere. Poliziak badaki hori. Euskal Tijuana deitu izan dute.

Ondo al doaz promozioa eta salmentak?

Urtea amaitu arte ez dut zehatz jakingo, baina orain arte Erein argitaletxeko Cosecha Roja bilduman gehien saltzen duenetako bat izan naiz. Ekaina promozioz betea dut, Bilbon, Portugaleten, Plentzian… Uztailean Gijongo Aste Beltzean egongo naiz.

Nire inguruan saltzen dut batez ere, argitaletxe txiki batekin zaila baita gehiago zabaltzea. Publizitatea oso murriztua da. Hemen oso pozik nago jendearen babesarekin, baina egia da kanpoan ez nauela inork ezagutzen.

Idazketa tailerrak ematen dituzu Irunen. Zer moduz doaz?

Oso pozik nago. CBAn erakusketa bat egin dugu, argazkietan oinarritutako mikroerrelatoekin. Oso pozik nago taldearekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude