Aurreko atalean azaldu bezala, BELDURRA emozioa da, eta ongi bideratzen ikasiz gero baliagarria izan daiteke bizitzan. Baina zertarako?
Arriskua, min fisikoa edo psikologikoa egon daitekeela ohartzean sentitzen dugun emozioa da BELDURRA. Emozio honek, arriskutik babestuz, ekintza galarazten du eta ingurunera moldatzen laguntzen digu. Nola ez sentitu beldurra hondartzan gaudenean eta bat-batean olatuak handitzen hasten direnean? Edo bihar azterketa bat dugula bat-batean esaten digutenean? Ez dugu utzi behar BELDURRAK gure bizitza negatiboki eralda dezan, baina ongi bideratuz gero baliagarria izan daiteke, ezta? Olatu handiak daudenean edo bihar azterketa dugunean beldurra sentitzen dugu, horrek ABISUA ematen digu, eta horrela adi gaude gure jokaera positiboki bideratzeko.
Haurren beldurrak ezberdinak izan dira belaunaldietan zehar. Beldurrak egoera sozialaren, politikoaren eta gurasoen beldurren menpe daude. Haurren beldur asko helduenak dira. Horregatik, aurreko atalean aipatu bezala, helduok geure beldurren kontzientzia izan behar dugu: haur edo gaztearekiko beldurra senti-tzean, gelditu, kontzientzia hartu eta bideratzen ikasi. Haurrak bere burua igerilekura botatzen duenean, gure oihuekin haurra beldurtu baino lehen, hobe genuke gelditu eta ea benetako arriskurik dagoen hausnartzea.
Beldurra erregulatzeko lehen pausoa beldurra sentitzea normala dela onartzea eta emozio honen konzientzia hartzea da. Emozio atsegina ez izan arren, arriskutik babesten gaituela ohartzen garenean, onartu eta ulertu egiten dugu. Beldurrik sentitu gabe bizi behar dugula pentsatzeak antsietatea sorrarazten du eta ez digu beldurra erregulatzeko estrategiak bilatzen laguntzen. Askotan, beldurra emozio ez atsegina delako, haurrak beldurrik ez sentitzea lortu nahi dugu, baina ezinezkoa da, emozio espontaneoa da eta. Hala ere, beldur emozioaren energia modu zentzudun batean gure onerako bidera daitekeela ohartzen garenean, erregulatzeko estrategiak sortuko ditugu, eta horrela gure haurra eta gure burua lagunduko ditugu.
Beldurra sentitzea normala eta ona dela ohartzen garenean, prest gaude gainditzen hasteko. Ez da ausarta beldurrik sentitzen ez duena, gainditzen saiatzen dena baizik. Ideia hori funtsezkoa da, hamaika alditan errepika dezakegu, haurrek erreferentzia positibo bat izan dezaten. Baina nola gainditu?
Beldurra erregulatzeko bide asko daude eta norberaren izaera eta inguruarekin erlazionaturik daude, baina haurra seguru sentitzea da gainditzen hasteko lehen urratsa. Nor da haurrari segurtasuna ematen diona?
Heldua da haurrak bere beldurrak gainditzen ikasteko erreferentziatzat hartuko duen sostengu garrantzitsua. Gure haurren ondoan egon behar dugu bidea planifikatzen, segurtasuna eta konfiantza ematen. Adibide bat?
– Haurra entzun, sentitzen duena hitzetan ipintzen lagunduz: “txakurren beldur naiz kosk egingo didatelako”.
– Normaltasunez jaso emozioa, ulertuz eta onartuz: “Egia, kontuz ibili behar da txakurrekin. Baina txakurrek ere bere alde ederra dute; zenbait txakur ongi hezita daude, eta polita izan daiteke haiekin jolastea, ezta? Nola egin dezakegu?”
– Ez dakit.
– Zer iruditzen lehenik lagunen txakurrak ukitzen baditugu? Txakurra etzatea eta gu hurbiltzea? Gero, nahi duzunean ukitzen hasiko zara, bai?
Helduok bidea egiten lagun-tzea litzateke gakoa, modu progresiboan eta berarekin erabakiak adostuz.
Ez da erraza, badakit, batez ere guk ez dugulako horrelako eredurik izan. Gehienetan, zein da helduon jarrera?
abeldurrak kontrolatzen behartzen ditugu: “ea, tira, eta ez tontakeriak esan!! Egin eta kitto!!!!”
a beldur direlako dena onar-tzen diegu: “bizikletan ibiltzeko beldur zara? Lasai, ez du garrantzirik”
Esan bezala, oso ohikoa da “behatza luzatuz” jokatzeko modu horretan egotea; baina, ohartzen garenean, bide hezi-tzaile bat bilatzen saia gaitezke, ezta? Saiatuz lortu ditugu erreferentzia berriak.
Bestalde, jolas sinbolikoa oso garrantzitsua da haurrarentzat beldurrak gainditzen jakiteko. Jolasaren bidez haurrak egunez egun bizitzen dituen egoerak eta kezkak berbizitzen ditu, eta, horrela, arian-arian gertatutakoa uler-tzen eta onartzen du. Beraz, teknologia berriak nagusi diren gizarte honetan, haurrari lagunekin libreki jolasteko aukera eman behar diogu, jolas libre eta sinbolikoak funtsezkoak direlako haren garapenean.
Beraz, aurrera, ekinez eta eginez ikas baitezakegu BELDURRAri bere negatibotasuna kentzen eta gure bizitzan bere baliagarritasuna bilatzen.
Mapi Urresti Ortiz
KUTTUN aholkularitza
psikopedagogikoa