Emozioa gaur egun denen ahotan dagoen hitza da. Hezkuntzan ari garen guztiontzat emozioek pertsonaren ongizatean izugarrizko garrantzia dutela jakina den arren, benetan behar bezala lantzen ote ditugun gogoeta egin nahiko nuke.
Duela hamarkada batzuk hezkuntza maila kognitiboan ematen zen soilik: ikasleei bideratzen zitzaizkien edukiek adimen kognitiboa bultzatzen zuten. Ikerketek argi uzten digute gizaki sozialak garen bezalaxe, izaki emozionalak ere bagarela eta guztiok ukan badugula adimen emozionala izenez ezaguna den gaitasun eraginkor bezain erabilgarria. Erabilgarria diogu, maila sozial eta afektiboan ongi moldatzeko eta zoriontsu sentitzeko ezinbestez garatu beharreko konpetentzia baita. Esaterako, Adimen-Emozionala landua duten pertsonek, hau da, emozionalki konpetenteak diren pertsonek, ongizate afektibo eta sozial handiagoa izateaz gain, eremu profesionalean arrakasta gehiago dute, baita osasun-tsuago bizi ere.
Beraz, adimen emozionala adimen kognitiboa bezainbeste lantzen al du gure hezkuntzak? Eta ikerketek hain garrantzitsua dela argi uzten badigute, zergatik ez ditugu gure egunerokotasunean lantzen?
Galdera hau maiz egiten dut nire inguruan eta erantzun ezberdinak jaso izan ditut: programa bat amaitu behar dut eta ez dit denborarik ematen; beldurra ematen digu besteen emozioak jasotzea, ez baikaude prestatuak; nire emozioekin ez badakit zer egin, nola jakingo dut besteenak jasotzen?; nola landu 23 haurren emozioak?
Erantzun ulergarri eta onargarriak dira zalantzarik gabe; baina horregatik gure inguruan ditugun haur eta pertsonak emoziorik gabekoak direla pen-tsatu behar al dugu? Programa bat bete behar dugulako edo gure inguruan haur (eta heldu) asko ditugulako, emozio edo sentimenduei ez diegu garrantzirik eman behar?
Ez da erraza, badakit, baina saia gaitezen gure eguneroko hiztegian emozio hitza sartzen, duen garrantziaz ohartu eta ahal dugun neurrian tarteka gelditu, hitz egiteko edo hauek entzuteko. Gure inguruan ditugun haur, gazte edo helduen ongizate afektibo emozionala bideratzeko eta zoriontasunaren bidean gaudela sentitzeko.
Ez da erraza, baina beti saia gaitezke, eta zenbait erreferentzia edo pista oso baliagarriak izan daitezke guraso edo hezitzaileentzat. Beraz, hurrengo ataletan emozioei buruz jardungo dugu, eta baliagarriak izan daitezkeen ideiak lantzen. Hona hemen lehenak:
• Emozioak egunero gure izatearen barnean esperimentatzen ditugun zirrara horiek guztiak dira; hala nola, beldurra, poza, haserrea, harrotasuna, interesa, inbidia, kulpa, tristura, frustrazioa, lotsa…
• Emozioek gure jokaera espontaneoan eragiten dute.
Zenbait emoziok gure jokaera bidera-tzen dute: poza, haserrea, interesa… Beste batzuek geldiarazi egiten gaituzte: lotsa, beldurra… Beraz, gure jokaeran eragin izugarria dute.
• Emozioek ingurunera moldatzen laguntzen gaituzte, eta beraz espezie bezala bizirauteko balio izan digute. Haserreak, adibidez, gizakiaren historian arerioengandik eta hamaika arriskurengandik babestu eta defendatzen lagundu gaitu. Gaur egun haserretzen garenean gure burua defendatzen ari gara, besteei muga bat ipini nahi diegu. Beraz, emozioak hor daude, gure egunerokotasunean bizirik gaudelako seinale gisa. Denak ez dira atseginak, baina ezin ditugu ekidin, ezin diogu gure buruari edo gure haurrari ez beldurtzeko esan, adibidez. Adimen emozionala emozioek duten energia ongi bideratzean datza, haiekin bizitzen ikasi behar dugu. Emozioak erregulatzen eta zer adierazten diguten ikastea lortzen badugu oso lagungarriak izango dira, ingurunera moldatzen eta zoriontsu senti-tzen lagunduko baitigute. Sentitu, onartu, entzun eta ulertu. Bizirik gaude, bizitza bakarra da eta goza-tzeko gaude, zoriontsu sentitzeko, pena, lotsa eta beste hainbat emozioren artean.
Mapi Urresti Ortiz
kuttun.kuttun@gmail.com