Aurrekoan gure inguruko hezkuntza eredua oraindik mehatxu eta zigorretan oinarritua dagoela aipatu genuen. Badakigu hezkuntza eredu nagusiena dela; baina, zaila den arren, hezkuntza psikologian lanean ari garenok beste hezkuntza bide positibo eta atseginagoa eraikitzen ari gara, bai gurasoekin, baita irakasleekin ere. Azter dezagun “behatza mehatxuz” eredutik aterako gaituen “eskuak zabalik” hezkuntza-erreferentzia:
• Haurrari eskuak zabaltzen dizkiogunean, haren mailan jar-tzen gara entzuteko: zertan ari den, zein behar dituen, nola sentitzen den aztertzen saiatzen gara, enpatiaz komunikatzeko bidea eraikitzen dugu.
• Gorputz harremana erabiltzen dugu, gorputzaz ere mintzo gara: tonu lasaiaz, begietara begiratzen dugu, ukitu… gure presentzia fisiko eta hurbila eskaintzen dugu.
• Eta gero guk, helduok, gure ekarpena egiten dugu. Helduok gure beharrak ditugu eta haurrari arau batzuk badaudela adierazi behar diogu; hau da, haurrak arauak soziabilizazio prozesuan ulertu eta betetzen ikastea beharrezkoa du. Beti berdinak, argiak eta errutinetan finkatuko diren arau gutxi ba-tzuk adierazi eta ulertarazi behar dizkiogu. Adibidez: autonomiaz janztea, denetatik jaten ikastea, garbitasun pertsonala, ohera joateko orduak, telebistaren edo pantailen neurriko erabilera, ikasketa eta etxeko lanen ardura…
• Arau hauek lantzeko, haur zein gazteek ERREFEREN-TZIA argi eta positiboak behar dituzte. Egin behar dutenaren eta haietaz espero denaren deskribapena edo adierazpena, hain zuzen. Gure balioak kontutan hartzen dituzten arauak ipintzen ditugu modu positiboan eta erreferentzia garbiz. Adibidez: begiratu nahi duzuna, baina zerbait hartu nahi baduzu, niri galdetu; denda batean sartzean lasai eta poliki mugitzen saiatuko gara; entzun helduak esaten duena, eta gero adieraz dezakezu zure iritzia; goxokiak ostiraletan erosten ditugu, baina asteko beste egunetan ez…
• Eredu honek haurraren eta helduaren kooperazioa bilatzen du. Helduak haurra entzun eta enpatia lantzen du, eta haurrak heldua (eta honekin arau eta jokabide sozialak) ulertzen ikasten du. Adibidez: ohean 10 minutu goxo-goxo nirekin, baina gero umore onez jaikitzen saiatzen gara; orain pasiloetatik isilik joango gara, baina gero patioan hitz egin eta salto egin ahal izango dugu; nik arropa txukun ipin-tzen dut lurrean, eta zu nire aurrean lasai jantzi…
“Behatza mehatxuz” ereduak sumisioa edo arauen kontra joateko desioa bideratzen ditu, menpekotasuna edo bihurrikeria. Momentuan eraginkorragoa da, beldurra eragiten duelako, eta hortik askotan nahi dugun erantzuna lortzen dugu. “Eskuak zabalik” ereduak epe luzera haurren autoerregulazioa bideratzen du. Haurrak bere kabuz legea uler-tzen eta errespetatzen ikasten du, zilegi ez denaz hitz egiteko gaitasuna eta ardura pertsonala eta soziala ikasiz. Beraz, hezkuntzan hain garrantzitsua den autonomia eta independentziarako bidea eraikitzen laguntzen du.
Gehienok lehen eredua mamitu dugu eta ez dakigu ongi nola ekin bigarrenean; baina probatuz eta saiatuz haur eta gazteentzat errespetuzko hezkuntza bat eraikitzen ari gara. Joera negatibotik atera gaitezke beste bide batez hezteko praktika eginez. Zer iruditzen?
Zuen galderak edo gogoetak bidal ditzakezue:
KUTTUN aholkularitza psikopedagogikoa