Martxa nordikoa edo Nordic Walking-a da aspaldi honetan modan dagoen kirola. Bi makilaren laguntza bakarrarekin, hirian, mendian edota hondartzan egin daitekeen diziplina berrizalea da. Ez du adin mugarik ezagutzen eta, gainera, giharrak indartzeko eta gure mugikortasuna areagotzeko jarduera bikaina da.
Primerako eguna egiten du eta, txirrindulariekin batera, martxa nordikoa egitera atera berri diren Itziar López irakaslearekin eta Ines Sanzberro, Lourdes Agirrezabalaga eta Violeta Sáez ikasleekin egiten dugu topo bidegorrian. Orain dela hiru urte izan zuen Inesek disziplina honen berri, eta harrez geroztik bere gorputzak onura nabariak bizi izan ditu. “Besoak eta giharrak indartzeaz gain, zure jarrera hobetuz doa. Gainera, nire kasuan, gerriaren mugikortasuna asko hobetu da”. Violeta, bestalde, korrika egitea atsegin ez duten pertsona horietako bat da. Hori dela eta, bi makila erabiltzen dituen martxa nordikoa probatzea erabaki zuen, eta ez da hartutako erabakiaz batere damutzen. “Zure gorputzeko atal ugari landu eta indartu egiten dituzu. Eta hori gutxi balitz, talde bat garenez, bakarrik egitera ausartzen ez zaren ibilbideak egiteko aukera duzu”.
Lourdesek, berriz, diziplina honek eskaintzen dizun askatasuna azpimarratzen du. “Edozein lekutan egin dezakezun kirola da. Hirian, mendian edota hondartzan antola ditzakezu ibilaldiak, eta aukera aniztasun hori ordainezina da”.
Adin tarterik gabeko diziplina
Itziar López irakasleak 2011n izan zuen diziplina honen berri. Hastapen ikastaroekin hasi zenetik, 100 ikasle baino gehiago pasa dira bere eskuetatik. Gainera, intentsitate baxuko jarduera denez, edozein adinetako jendeak praktika dezake. “Hastapen ikastaroetan jolasean zebilen 4 urteko ume batetik, oreka mantentzeko helburua duten 80 urteko emakumeak izatera iritsi naiz”.
Sedentario bihurtzeko arriskuan dauden gazteentzat ere primerako jarduera izan daiteke Nordic Walking-a. “Elkarrekin berriketan dabiltzan bitartean, bi makilei esker, gorputz-enborra zuzentzen doaz eta, aldi berean, giharreria lan-tzen dute. Gainera, egiten den kalorien erreketa nahiko handia da”. Martxa nordikoak duen beste onuretako bat da gainkargak saihestearena, lan karga gorputzean zehar bana-tzen baita.
Aldaketa garaia
Pixkanaka, martxa nordikoa arrakasta lortzen ari da. Hala ere, bidea ez da erraza izan, euskaldunengan sakon sustraituta dauden hainbat ideia direla eta. “Mendian bastoi bakar batekin ibiltzeko ohitura oso zabaldua dago hemen; hau da, makila mendian bakarrik erabiltzen da. Beraz, lotsa pasatzen dugu hirian bi makila erabiltzeko orduan”. Itziar Lópezen ustetan, “aurrerapauso bat eman behar dugu zentzu horretan, eta argi utzi martxa nordikoak ez duela mendian ibiltzeko ohitura ordeztu nahi”.
Gauzak horrela, martxa nordikoa adin guztietako jendearentzat pentsatutako ariketa da. Gainera, naturaz modu lasaian disfrutatu nahi dutenentzat primerako jarduera da.
Web orria: www.imtraining.es
Helbide elektronikoa: info@imtraining.es
Telefonoa: 943.53.59.00/693.661.994