Eguzkitza ikastetxeak odolarekin loturiko STEAM proiektua burutu du 2021/2022 ikasturtean zehar. Proiektuan Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleek parte hartu dute. Gelan odol aparatuarekin loturiko edukia landu ostean, Gipuzkoako Odol Emaileen laguntzarekin ikastetxean eskola komunitateak odola emateko kanpaina antolatu dute.
Ixabel Icardo Egukitzako ikasketaburuak azaldu duenez, “ez dakit zergatik baina odol aparatuaren gaiak interes berezia pizten du beti ikasleengan”. Interes berezi hori baliatuta, odola emateko kanpainak espero zitekeen arrakasta lortu du Eguzkitza ikastetxean. Batetik, Ixabel Icardok adierazi du 5. eta 6. mailetako ikasleek gogo handiz parte hartu dutela kanpainaren prestaketan egindako ekintza guztietan. “Uste dugu ikasleek odol aparatuarekin loturiko edukiak lantzeaz gain, odola emateak duen garrantziaz jabetu direla”, gehitu du ikastetxeko ikasketaburuak.
Bestetik, proiektua biribiltzeko, martxoaren 28an arratsaldeko 16:30etik aurrera Eguzkitzan odola emateko aukera eskaini zieten eskola komunitateko kideei. Hau da, eskolako irakasleak, gurasoak, auzoko bizilagunak eta, orokorrean, hiriko biztanleak odola ematera animatu zituzten. Deialdia luzatu eta martxoko astelehenean helburua bete zuten: guztira 40 pertsona hurbildu ziren Eguzkitzara odola ematera.
Ikasleak antolatzaile lanetan
Eguzkitza ikastetxean odol emate kanpaina egiteko beharrezko antolaketa lanez ikasleak arduratu dira. Horretarako, gelako zereginak banatu dituzte eta lan talde txiki bakoitzak bere ardurak izan ditu. Talde batzuetan kanpaina iragartzeko kartelak prestatu eta ikastetxean zein auzoan itsatsi dituzte. Beste batzuk, ikastetxeko espazioak antolatu eta odol emaileak ez galtzeko seinaleak prestatu dituzte. Odol ematea egin zen egunean bertan ikasleek gertutik jarraitu ahal izan zuten prozedura, emaileei harrera egiteaz gain, odola eman ostean jatekoa eta edatekoa ere eskaini zieten. Atarian, berriz, ikasle taldeak odol emaileak bertso batekin agurtu zituzten, haien prestutasuna eskertzeko.
Jon Andiano eta Eukene Leiza Egukitzako odol emate kanpainaren prestaketan parte hartu duten ikasleetako batzuk dira. Bi ikasleek odol aparatuaren gaia asko gustatu zaiela adierazi dute eta, gainera, haien gurasoak konbentzitzea lortu zuten martxoaren 28an eskolan egindako odol emate jardunaldian parte hartu zezaten. Eukene Leizaren hitzetan, “eskolan ikasitakoaren ostean uste dugu odola ematea ingurukoak laguntzeko oso ekintza egokia dela”. Jon Andianok, berriz, etxean ezer egin gabe egon ordez, odola emateak ahalegin txikia eskatzen duela gogoratu nahi izan die oraindik pausoa ematera ausartu ez direnei. Gainera, Eguzkitzako ikasleek aho batez onartu dute handitzen direnean eurei ere odola emateko gogoak sartu zaizkiela.
Odola emateko proiektuak eskolako hainbat arlotan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera ere eman du. Jonek eta Eukenek azaldu dutenez proiektu honen barruan odolaren ezaugarriak, zirkulazio sistema, odol hodien kokapena eta odola nola garraiatzen den ikasi dute. Era berean, odola emateko jardunaldia prestatzeko arreta handiz landu dute odol taldeen arteko bateragarritasuna. Gainera, ikasle talde batek programatzen ikasi zuen proiektuan teknologia txertatzeko, odolarekin loturiko jolas sinple bat sortu ahal izateko.
Proiektuan bidelagun
Odol emate kanpaina berezi hau antolatu ahal izateko Ixabel Icardok gogorarazi du Gipuzkoako Odol Emaileen elkartearen laguntza ezinbestekoa izan dela. Izan ere, proiektua elkartera aurkeztu bezain laster elkarteko arduradunak egitasmoa aurrera ateratzeko prestutasuna adierazi zien. Hala ere, kanpaina hau antolatu aurretik, Eguzkitza eskola Gipuzkoako Odol Emaileen elkartearekin elkarlanean aritzen zen jada. Izan ere, pandemia iritsi aurreko ikasturteetan odol aparatua lantzen zenean, elkarteko arduradunen bat eskolara gonbidatzen zuten ikasleei euren lana zein zen azaltzeko. Aurten, aldiz, elkarlana estutu eta odol emaile berriak erakartzeko batu dira ikastetxea eta odol emaileen elkartea. Era berean, Icardo ikasketaburuak adierazi du Berritzegunearen laguntza ere funtsezkoa izan dela STEAM proiektua behar bezala bideratzeko.
STEAM proiektua
Irungo Eguzkitza ikastetxean proiektuka lan egiten badute ere, aurten odol aparatuaren gaia modu ezberdin batean lantzeko modua topatu dute STEAM proiektu bati esker. Izan ere, TEAM siglek bost diziplina identifikatzen dituzte: Zientzia (Science), Teknologia, Ingeniaritza (Engineering), Artea eta Matematikak. Beraz, STEAM proiektuetan ikastetxeek bost diziplina horiek uztartzen dituzte ikasleek zeharkako zein oinarrizko gaitasunak garatu ditzaten.
Ixabel Icardo Eguzkitzako ikasketaburuaren hitzetan, “STEAM proiektuen helburua da gizarteratu ahal daitekeen zerbait egitea”. Aurtengoan odola izan da proiektua burutzeko Larreaundi auzoko ikastetxeak antolatu duen gaia. Eguzkitzako ikasketaburuak azaldu duenez, 5. eta 6. mailako ikasleek gorputz aparatuen funtzionamendua lantzen dute eta, zehazki, odol aparatua betiere proiektua burutzeko egokia izan zitekeela erabaki zen irakasleen klaustroan.
Odol emate kanpaina gauzatu ahal izateko Eguzkitzako ikasleen eta irakasleen inplikazio pertsonala beharrezkoa izan bada ere, ahaleginak bere fruituak eman ditu. Etorkizun laburrean behintzat proiektu bera errepikatzeko asmorik ez badute ere, Eguzkitza eskolatik baieztatu dute ikasleak motibatzeko proiektu berrien bila daudela jada.