Ohiturak musika, kolore eta mozorroekin elkartuko dira Irungo Inauterietan

Egun gutxiren buruan Irun 2020. urteko Inauterien ospakizunean murgilduko da. Otsailaren 15 eta 16ko asteburuan Inauteriekin lotutako lehen hitzorduak izango dituzte irundarrek eta ospakizunak otsailaren 25era arte luzatuko dira.

Juncal Eizaguirre Kultura ordezkariak Irungo Inauterietako programazioa osatzen duten konpartsa eta elkarteen lana goraipatu du. “Inauterien inguruan antolatutako ekintzen atzean aste eta hilabeteetako lan gogorra dago”, azaldu du Juncal Eizaguirrek. 2020. urteko Inauterietako programazioak aurreko urteetako egitarauaren ekintzak eta ordutegiak mantenduko dituela adierazi du kultura ordezkariak.

Hurrengo bi asteetan zehar antolatutako ekintza guztien artean, Juncal Eizaguirrek Inauterietako larunbat eta igandea arratsaldeetan hiriko kale nagusiak zeharkatuko dituen desfilearen parte-hartze handia azpimarratu nahi izan du. Izan ere, guztira 14 konpartsek osatutako desfilea izango da aurtengoa eta 2.500 pertsona inguruko parte hartuko dute bertan. “Ekintza hau, Inauterietan ez ezik, urte osoan zehar Irunen antolatzen den ekintza jendetsuenetako bat dela esan dezakegu”. Mozorro original eta karroza ikusgarriez gain, Irungo Inauterietan tradizio luzea duten ospakizunetarako tartea egongo da.

Kaldereroak Inauterien etorreraren iragarle
Urtero moduan, Inauteriekin lotuta lehen ekintza Kaldereroen Konpartsaren etorrera izango da. Kaldereroek otsailaren 15ean, Inauterien aurreko larunbatean, iritsiko dira hirira. Arratsaldeko 19:00etan Kaldereroen Konpartsa Alberto Anguera plazatik irtengo da, Oiartzun, Hondarribia, Zubiaurre eta Geltoki kaleak zeharkatu ostean, Kolon pasealekuan murgiltzeko. Foru Karrika eta Kale Nagusian barrena ibili ostean, kaldereroak San Juan plazara iritsiko dira.

Irungo Atsegiña elkartea arduratzen da Kaldereroen Konpartsaren antolaketaz. Elkarteko kideek gogoratu dutenez, Kaldereroak hirira iritsi aurretik, otsailaren 13an konpartsan parte hartuko duten pertsonentzako entsegua antolatu du Irungo Atsegina elkarteak sartagin eta panderetak astidun eta tribuaren abestiak ikasteko.

Iñude eta Artzaien dotoretasuna
Hurrengo egunean, otsailaren 16an, Iñude eta Artzaien konpartsaren txanda izango da. Eraiki dantza taldeak antolatutako konpartsaren irteera ordu laurden bat atzeratu da aurten egun goiz horretan bertan Irunen antolatzen diren Maratoi Erdia eta 10 kilometrotako lasterketak ekintza oztopatzea saihesteko. Hortaz, Iñude eta Artzaiak eguerdiko 12:15etan abiatuko dira Santiago kaletik, Eskola eta Eliza Kaleak zeharkatu ostean San Juan plazan lehen geldialdia egiteko. Atsedenaren ostean, Kale Nagusi, Foru karrika eta Colon ibilbidean zehar ibiliko dira Zabaltza plazara iritsi aurretik. Zabaltza plazan Udal Kontserbatorioaren Musika Bandarekin batera dantza emanaldia eskainiko dute. Azkenik, Luis Mariano inguruan amaituko da konpartsaren ibilbidea.

Iñude eta Artzaien konpartsa XX. mende hasierako bizitza iñude eta artzaien pertsonaien bitartez irudikatzen duen errepresentazioa da. Itsaso Aranburu, Eraiki dantza taldeko ordezkariak azaldu duenez, “desfilea ikusteaz gainera, jendea datorren urtean gurekin konpartsan parte hartzera gonbidatu nahi dugu”.

Ostegun Gizena
Zanpantzarra izango da urtero bezala Ostegun Gizeneko protagonista. Horrela, otsailaren 20ko 19:00etan Zanpantzarraren Konpartsa Alberto Anguera plazatik irtengo da. Zanpantzarrak gaiteroak, Bidasoako Erraldoiak, Irungo Udal Kontserbatorioko Ikasleak, Auntza Trikitixa Taldea eta Txingudiko Dultzaineroak bidelagun izango ditu Zabaltza plazarainoko ibilbidean.

Arratsaldeko 19:30etan Zanpantzarra zabaltzan plazan jarriko da eta Bidasoako Erraldoiek balsa datzatuko dute Udal Musika Kontserbatorioko ikasleen erritmora. Jose Irigoyen Bidasoako Txarangako presidenteak adierazi duenez, “Zanpantzarrarekin Inauteriak hasi eta bukatzen dituen elkartea garela esan dezakegu”. Jose Irigoyenek gaineratu duenez, 30 urte daramatza Bidasoako Txarangak Irungo Inauterietan parte hartzen eta aurrerantzean berdin jarraitzeko ahaleginduko dira elkartean.

Ostiral Kaxkarra
Otsailaren 21ean, ostiralean, arratsaldeko 20:00etatik aurrera Amaia Kultur Zentroan 2020ko Inauterietako Konpartsen Aurkezpena egingo da. Desfilea parte hartuko duten 14 konpartsa horietako bat Aurreratu Elkartea da. Elkarteak laugarren urtez parte hartuko du Irungo Inauterietako desfilean aniztasun funtzionala duten pertsonen egoera ikustarazi eta normalizatzeko asmoz. Mari Llucia Aurreratu elkarteko kideak azaldu duenez, “konpartsa inklusiboa gara eta aniztasun fun-tzionala duten pertsonen errealitatea islatzea da gure helburu nagusia”.

Inaute aurrea
Otsailaren 22an, larunbatean, baserri giroko inauteria izango da eguneko lehen orduetan zehar protagonista. Izan ere, goizeko 9:00etatik aurrera Eraiki dantza taldea Bidasoa eta Behobia auzoetan ibiliko da baserriz baserri. Jarraian, goizeko 9:30etatik Ibarla Meaka dantza taldeak Meakako baserrietan barrena ibiliko da eta 10:00etatik aurrera Txorimaloak soinu taldeak Anaka inguruko baserriak musikaz girotuko ditu.

Erguerdiko 12:05etan Euskal-Herri Inauteria Pio XII. plazatik aterako da. Kemen dantza taldeak antolatutako ekitaldi honek Serapio Mugika, Juan Arana, Luis Mariano kaleak, Zabaltza plaza, Colon ibilbidea eta Kale Nagusia zeharkatuko ditu San Juan plazara iritsi aurretik.

Arratsaldean, berriz, 17:00etan Inauterietako Desfilea Letxunborro hiribidetik irtengo da Urdanibia plazaraino iristeko. Hauek dira desfila osatuko duten 14 konpartsen izenak: Belaskoenea, Academia de Danza Ainhoa, El Pilar, Elatzeta, Escuela de bailes Carlos Zapirain, Gazte-Landetxa, Irungo La Salle, Jazzarte Dance Studio, My Dance Studio, Santiagoko Deabruak, Pauso-k Dance, San Vicente de Paul eta Aurreratu Elkartea.

Hortaz gain, arratsaldeko 20:30etatik aurrera San Juan plazako inguruetan Burrunba Elektrotxarangaren eskutik musika animazioa egongo da. Era berean, arratsaldeko 20:30etan Zabaltza plazako diskofesta hasiko da eta gaueko 23:30etan amaituko da.

Zaldun Inauteria
Inauterien igandean, otsailaren 23an Baserri Giroko Inauteriak hasiera emango dio egunari. Goizeko 9:00etatik aurrera Egoipar Meaka dantza taldea Meaka auzoan, Meakako Adixkideak Arbeseko plazatik Meakarantza abiatuko da eta Kemen dantza taldea Olaberria auzoan barrena ibiliko dira. Arratsaldeko 17:00etan, berriz, Inauterietako Desfile Herrikoia osatzen duten 14 konpar-tsek aurreko eguneko ibilbidea errepikatuko dute.

Astearte Inautea
Otsailaren 25ean, Inauteriko ospakizunekin amaietzeko, arratsaldeko 19:00etatik Irun Hiria Musika Bandak kontzertua eskainiko du Zabaltza plazan. Horren ostean, 19:30etan Sardina Lurperatu eta Zanpantzar Erretzeko komitiba abiatuko da Zabaltza plazatik.

Ondare kultur elkartea eta Santiagoko Deabruak elkarteek elkarlanean antolatzen dute Inauterietako azken ekimen hau. Komitiba Colon ibilbidea, Foru karrika eta Kale Nagusia zeharkatu ostean, San Juan plazara iritsiko dira. Txemi Moreda, Ondare kultur elkarteko kidearen hitzetan, “Inauterietako aurpegi itsusia gara, jai eta festa egunei amaiera emaiten baitiegu”. Jose Mari Clemente Santiagoko Deabruak elkarteko presidenteak azaldu duenez, aurreko urteko arrakasta ikusita, “3. kategoriako su-gaztelu batekin agurtuko ditugu 2020. urteko Inauteriak”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude