Ohorezko Mailara bidean

Igoera lortzeko helburuarekin ekin diote Super Amara BATeko neskek 2016ko ligari

Lehen Mailari eusteko lana izango dute mutilek

Indarrez hasi dira Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeko neskak Estatuko Lehen Mailako Ligan. Aurreneko jardunaldia irabazi dute, eta Ohorezko Mailara igotzeko lehian izango dira ekainean. Mutilek, ordea, ezin izan dute azken postua ekidin. Hortaz, mailari eusteko borrokatu beharko dute azken jardunaldian. Nolanahi ere, bi taldeetako kide gehienentzat, urteko hitzordu nagusiak dira ligako jardunaldiak. Sasoi betean iristen ahalegintzen dira, klubari ahal bezain besteko ekarpena egiteko.2

Estatuko Lehen Mailan lehiatzen ari dira Super Amara BATeko bi taldeak. Hiru jardunaldi izango dituzte guztira, eta lehenengoan parte hartu dute dagoeneko. Apirilaren 30ean izan da, Durangon BATeko neskentzat, eta Huescako Monzonen, mutilentzat. Kontrako helburuekin ekin diote taldeek ligari. Neskak igoera lortzetik gertu izan ziren joan den urtean, eta aurten ere, Ohorezko Mailan aritzeko txartela lortzen ahaleginduko dira. Mutilek, aldiz, nahikoa lan izango dute mailari eustearekin. Aurreikuspenak bete dituzte lehen jardunaldian.

Neskek Durangoko lehia irabazi dute, uste baino abantaila handiagoarekin, gainera. Zalantza batzuk zituzten, arrazoi ezberdinengatik. “Zenbait hutsune genituen, lesioen eta ikasketen ondorioz”, azaldu du Teresa Zaragüeta atletak. Aurkarien maila azpimarratu du, bestalde, Ibon Muñoz kirol zuzendariak: “Bizkaiko Bidezabal taldea, batez ere, indartsu dabil”. Durangoko jardunaldian, ordea, 28 puntuko abantaila lortu zuen BATek Bidezabalekiko. Nagusi izan ziren bidasoarrak. Hamar proba irabazi zituzten, zazpi bigarren postu eta lau hirugarren postu lortu zituzten. Erregulartasuna izan zen BATeko nesken arma.

Garaipen handia izan zen neskentzat, batez ere, oso talde gaztea dutela kontuan hartuta. 32 neska izan ziren parte hartzaileak. Horietatik, senior mailakoak, sei besterik ez. Promesa mailako bost, zortzi junior, hamaika jubenil eta bi kadete aritu ziren BATeko taldean. Nesken adina kontuan hartuta, taldean “urduritasuna” hedatzea arrunta dela adierazi du Muñozek. Hala ere, igoeraren helburuak presiorik eragiten ez diela baieztatu du Teresa Zaragüetak. “Ilusio handia dugu”, erantsi du. Haurtzaro, Lasarte-Oria, Portugalete eta La Blanca talde filialetako atleten laguntza izan dute lehen jardunaldian.

Uste dut aurten igoera lortzeko moduan egongo garela”
Teresa Zaragüeta, atleta

Lehen postuari esker, bigarren jardunaldia “trantsiziokoa” izango dela argitu du Ibon Muñozek. Maiatzaren 21ean jokatuko dute jardunaldi hori. Hirugarrenean, ekainaren 11n, Ohorezko Mailara igotzeko lehian izango dira Super Amara BATeko neskak. Lehen bi jardunaldietan ez bezala, proba bakoitzeko atleta bakarrak parte hartuko du orduan. “Joan den urtean gertu izan genuen, baina uste dut aurten igoera lortzeko moduan egongo garela”, baieztatu du Zaragüetak. Ohorezko Mailara igotzeak ez ditu klubeko arduradunak itsutzen. Hala ere, neskentzat “esperientzia ederra” izango litzatekeela uste du Ibon Muñozek. Teresa Zaragüetak berretsi du: “Maila horretan lehiatu ahal izatea ikaragarria izango litzateke”.

Taldea osatzeko zailtasunak

Laugarrenak izan dira Super Amara BATeko mutilak ligako lehen jardunaldian, Monzonen (Huesca). Talde bakarra ere ezin izan dute gainditu. Ondorioz, bigarren jardunaldian ahalik eta maila onena ematen saiatuko dira, baina hirugarrenean, ekainaren 11n, jaitsiera ekiditeko lehian izango dira, nolanahi ere. Nesken taldean hutsuneak izan baldin badituzte, are handiagoa izan da atleten falta mutilenean. Min hartutako atleta batzuk, gainera, ez dira hurrengo jardunaldietan parte hartzeko moduan osatuko. “Hirugarren posturako lehiatu nahi genuen, baina egoera horretan, ezinezkoa izan da”, azaldu du Muñozek. Jaisteko arriskuan izango dira mutilak ekainaren 11n, baina ez dute uste larri ibiliko direnik. “Proba bakoitzeko atleta bakarrarekin, lehiakorrak izan gaitezke”.

“Indarrez datozen gazteak behar dira, baina atletismoan jarraitzeko ilusioa duten helduak ere bai”
Ibon Muñoz, kirol zuzendaria
“Ligarik egongo ez balitz, senior mailan gabiltzan gehienok ez genuke entrenatzen jarraituko”
Mikel Ruiz Lasa, atleta

Ligako lehen bi jardunaldietan, bina atleta behar izaten dituzte taldeek proba bakoitzeko. Tamaina horretako taldeak osatzeko zailtasunak izaten dituzte. “Masa handia behar izaten da. Indarrez datozen gazteak, eta atletismoan jarraitzeko ilusioa duten helduak ere bai”, adierazi du Ibon Muñozek. Azken horientzat, liga da entrenatzen eta lehiatzen segitzera animatzeko motibazioa ematen diena. Mikel Ruiz Lasak azaldu du: “Taldeari ekarpena egin ahal izateak norberaren lana baloratzeko balio du. Horregatik, ligarik egongo ez balitz, senior mailan gabiltzan gehienok ez genuke entrenatzen jarraituko”.

Klubeko beteranoak eta gaztetxoak nahastuta egoten dira taldean. Horrek giro ederra sortzen duela aipatu du Ruiz Lasak: “Proba bakoitzeko bi gaudenez, beharbada klubeko gaztetxo bat egokitzen zaizu ondoan. Ederra da elkar animatzea eta laguntzea”. Bestalde, banakako Espainiako Txapelketetara joateko aukerarik ez duten atletentzat, maila horretako lehiaketetan parte hartzeko aukera bakarra da liga. “Bidaiatzea eta taldeko giroa bizitzea esperientzia politak dira”, adierazi du Gorka Sotok. Talde filialen laguntza jasotzen du BATek, halabeharrez, ligarako. Dena den, klubeko atleten ilusioari eusteko hasi ziren ligan parte hartzen. Ibon Muñozek argi utzi du haien baliabideekin lehiatzeko gai ez direnean, liga alde batera utziko dutela.

Horregatik, nesken taldeak Ohorezko Mailan “ikaragarri” sufrituko lukeela uste du Muñozek: “Mailari eusteko borrokatzea oso ezberdina izango litzateke”. Era berean, azaldu du babesle handi bat ate joka etorri ezean, klubarentzako onura handirik ez zuela suposatuko: “Bidasoa Atletiko Taldea Ohorezko Mailan egon dela esan ahal izango genuke, besterik ez”. Hala ere, Teresa Zaragüetaren eta bere taldekideen ilusioa aintzat hartuta, ahaleginak merezi izango duela esan daiteke.

Atletismoa eta askoz gehiago, udaran

Udako kirol ikastaroak eskainiko ditu Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeak. Atletismo Udalekuak izeneko ekimena antolatu du, Singular Iñigo Lavado jatetxearekin eta Irungo Udalarekin elkarlanean. Uztailan eta abuztuan egingo dituzte udalekuak, 5 eta 16 urte arteko haurrei eta gaztetxoei zuzenduta. Aste baterako edo gehiagorako izena eman ahal izango du bakoitzak. Bazkaririk gabeko aukerak 80 euro balioko du aste bakoitzeko, eta Singular Iñigo Lavado jatetxean bazkaria eskaintzen duenak 120 euro. www.atletismobat.com web gunean eman daiteke izena.

%10eko beherapenak eskainiko ditu BATek, ondorengo kasuetan: maiatzaren 31 baino lehen izena ematen dutenei, anai-arrebak apuntatzen dituztenei, klubeko bazkideei, 2016an atletismo eskolako ikasle izan direnei eta bi asterako edo gehiagorako izena ematen dutenei. “Kamiseta eta motxila emango diegu denei”, gogorarazi du Gorka Sotok. Jarduerarekin “kontent” daudela baieztatu du Ibon Muñozek: “Urtero inkestak egiten ditugu iritziak eta iradokizunak jasotzeko, eskaintza hobetzeko asmoz”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude