Irailaren 30era arte bisitatu daiteke euskal gastronomiaren bilakaerari buruzko erakusketa
Oiasso Erromatar Museoak “Kostaldeko Euskal Sukaldaritza. Erromatar Garaitik Abangoardiara” erakusketa eskainiko du udako hilabeteetan zehar. Erakusketak erromatar sukaldaritzak eta ezagutzak egungo euskal gastronomian izandako eragin nabarmena islatzeko helburua du. Gainera, Iñigo Lavado, Félix Manso eta Gorka Txapartegi eskualdeko sukaldariek egungo sukaldaritzaren adibideekin osatu dute erakusketa.
Aizpea Goenaga Oiasso Erromatar Museoko arduradunak azaldu duenez, erakusketa apirilean inauguratzekoa zen, baina, alarma egoeraren ondorioz, erakusketaren inaugurazioa atzeratu behar izan zuten. “Oso garrantzitsua da erakusketa hau martxan jartzea, museoa berriro martxan dagoela erakusten baitu”, adierazi du Aizpea Goenagak. Hala ere, pandemian zehar museoak “online” jarraitu du lanean eta proposatutako egitasmoek arrakasta handia izan dute museoaren arduradunak azaldu duenez.
Erakusketak K.a II. mendera garraiatuko ditu bisitariak, hain zuzen ere, baskoiak erromatarren presentzia nabaritzen hasi ziren garaira. Horrela, erromatarren sukaldaritzak euskal gastronomian izandako eragina aztertzeko ibilbidea proposatzen du Oiasso Erromatar Museoak. Izan ere, Erromaren globalizazioak mundu mailako eragina izan zuen, momentura arte ezezagunak ziren produktu eta sukaldaritza tresnen erabilera zabaldu baitzuen. Ekarpen honek sukaldaritzaren garapena lagundu zuen, berrikuntza teknikoen garapenekin batera, gaur egun euskal gastronomia mundu mailako sukaldaritzan erreferente gisa kokatzea ahalbidetu duena.
Juncal Eizaguirre Kultura ordezkariaren hitzetan, “erakusketa honek udako hilabeteetan zehar museoan eskaintzak kulturala izango dugula bermatzen digu”. Erakusketaren abiapuntua sukalde erromatarrak diren arren, euskal gastronomiak ordutik gaur egun arte izandako bilakaera eta aldaketak aztertzen dira. Horrela, Iñigo Lavado, Félix Manso eta Gorka Txapartegi sukaldariek arrainen errezetak partekatu dituzte erakusketan, euskal kostaldeko sukaldaritzaren zaporeen eredugarri diren hiru errezeta. Iñigo Lavado sukaldariak azaldu duenez, “ohorea da eskualdeko sukaldaritzaren ordezkari gisa erakusketa honetan parte hartzeko aukera izatea. Félix Manso sukaldariak azpimarratu du, “erromatarrek gastronomiari egindako ekarpenak gogoratzea funtsezkoa iruditzen zait”.
“Oso garrantzitsua da erakusketa hau martxan jartzea, museoa berriro martxan dagoela erakusten baitu”
Aizpea Goenaga, Oiasso Erromatar Museoaren arduraduna
Luisa López erakusketaren komisarioak azaldu duenez, museoan erakusketaren inguruan tailer, hitzaldi eta pintxo-potearekin amaituko diren bisita gidatuak antolatzeko asmoa dute. Beti ere, normaltasun berriak markatutako segurtasun neurri guztiak errespetatuz. Gainera, Instagram sare sozialaren bitartez erakusketarekin lotutako lehiaketak eta errezetak partekatuko dira erakusketaren edukia osatzeko.
Oiasso berrikuntzen sarbide
Luisa López komisarioak azaldu du, “Erromatarrek ekarpen garrantzitsuak egin zituzten, eraikuntza eta zuzenbideaz gainera, gastronomiaren inguruan”. Oiassoko portua itsas merkataritzari esker berrikuntza gastronomikoen sarbideetako bat izan zen. Era honetan, produktu, sukaldaritza teknika eta sukalde tresna berriak iritsi ziren garai hartako Oiassora. Oliba-olioa, “garum” saltsa, gazitutako arrain zein haragiek, basoetan bildutako fruituek eta bestelako laborantzek osatzen zuten inperio erromatarraren dieta, ondoren, mundu osora zabalduko zena. Arraina zen erromatarren dietako oinarrizko elikagaietako bat.
Neurri bereziak
Oiasso Erromatar Museoa udako ordutegiarekin lanean ari da. Hau da, asteartetik larunbatera 10:00etatik 20:00etara eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara. Hortaz gain, museoak Covid-19aren ondorioz agintariek zehaztutako segurtasun eta higiene neurri guztiak betetzen ditu. Neurri berezien artean, museoaren edukiera erdira murriztu da, instalakuntzetara gehienez 180 pertsona sartu ahalko direlarik. Museoaren barruan maskarak erabiltzeaz gainera, eta pertsonen arteko bi metrotako distantzia errespetatzea ezinbestekoa izango da.
Sarrera orokorraz gainera, uztailaren 7tik aurrera astearteetan 11:00etan eta ostegunetan 18:30etan erakusketaren xehetasun guztiak ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira. Bisita gidatu bakoitzean gehienez 15 pertsonek parte hartu ahalko dute.