Urtero antolatzen du Museoen Nazioarteko Kontseiluak (ICOM) Museoen Nazioarteko Eguna, eta mundu osoko milaka museok bat egiten dute, hainbat jarduera eginez. Aurtengo leloa «Museoak, jasangarritasuna eta ongizatea» da, eta erreferentzia egiten dio museoek, antolatzen dituzten jarduera didaktiko eta kulturalen bidez, beren komunitateen ongizatea eta garapen jasangarria sustatzeko duten gaitasunari. Alde horretatik, Oiasso museoak jarduera hauek antolatu ditu:
Maiatzaren 18an, ostegunean
Maiatzaren 18an (osteguna), goizeko 11:00etan, museoak «Oiassoren patua» izeneko OIASSO APParen bertsio berria aurkeztuko du, gazte zein helduak hiri erromatarraren misterioak argitzera jolas daitezen beren gailu mugikorren bidez. Oiasso zaharrean girotutako fikziozko kontakizun bat da: erabiltzaileek hirian barrena mugitzeko aukera izango dute, eta askotariko enigmak argitu, museoko bildumetako pieza arkeologikoenetan 3D-ko errekreazioen bidez. Horrela, osatuta geratuko da OIASSO APPa, Oiasso museoaren bildumak mundu digitalean zabaltzeko Tempografixek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera garatutako aplikazioa. Aplikazioa doakoa da, eta museoko erabiltzaile guztiek erabili ahalko dute.
Maiatzaren 18an museoko sarrera doan izango da, bai «Bidasoaren atlas emozionala» aldi baterako erakusketa bisitatzeko, bai Oiassoko bilduma iraunkorra ikusteko.
Aldi baterako erakusketa horri dagokionez, maiatzaren 19an (ostirala), goizeko 11:00etan, tailer bat egingo da Irungo Matia Osasun Mentaleko Zentroko terapia okupazionaleko zerbitzuko erabiltzaileekin. Jarduera honen helburua da lengoaia plastiko baten bidez Bidasoa ibaiaren inguruko ideiak eta sentimenduak azaltzea eta elkarrekin ibai horren mapa kolektibo eta emozional bat osatzea. Larunbatean eta igandean (maiatzak 20 eta 21), museoak bisita gidatuak eskainiko ditu Irugurutzetako meatzeen interpretazio-zentrora eta Ama Xantalen ermitara, hurrenez hurren. Irugurutzetako interpretazio-zentroa Aiako Harria naturagunearen sarreran dago. Edertasun handiko lekua da, eta duela mende askotatik mendi horietan egindako meatzaritzaren aztarnak ikusteko aukera eskaintzen dio bisitariari. Ama Xantalen ermitako bisita Tour Irun Romano (TIR) doako mugikorreko aplikazioarekin egiten da. Hari esker, Oiassori buruzko aurkikuntza arkeologiko nagusiak bisitatzeko ibilbide bat egingo dugu hiriaren erdigunean.
Horrez gain, Oiasso museoak kultur txangoen programa bat abiarazi du 2023 honetan, Bizkaiko ondare arkeologikoa ezagutzera emateko. Horren baitan, Santimamiñeko leizea, Foruko aztarnategia eta Arkeologi Museoa bisitatuko dituzte datorren ekainaren 17an, larunbatarekin. Txangoak egiteko izena emateko epea zabalik dago, eta telefonoz (943 63 93 53), posta elektronikoz (actividades.oiasso@irun.org) edo aurrez aurre egin daiteke. Txango bakoitzari buruzko informazioa museoaren www.oiasso.com web orrian dago.
Maiatzaren 19an, ostiralean
Oiasso Museoak, Museoen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako jardueren barruan eta EHU-Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, hitzaldi bat antolatu du datorren maiatzaren 19rako, 19:00etan. «Budak Egipton? Egipto mundu zahar globalizatuaren ardatzean duela bi mila urte» izango du izenburua, eta Fernando Wulff Alonso katedradun ezagunak emango du. Duela gutxi, K. a. II. mendeko Budaren estatuatxo bat aurkitu zen Egiptoko Berenize portuan, Itsaso Gorriaren ertzean. Aurkikuntza horrek agerian jarri du zer garrantzi zuten Erromatar Inperioaren garaian Egiptoren eta Mendebalde Urrunaren arteko harreman komertzial eta kulturalek. Hitzaldia Egiptomania zikloaren parte da. Antzinako Egiptoko historia eta arkeologiari buruz museoak antolatzen duen ziklo bat da, prestigio handiko historialari eta arkeologoen parte-hartzearekin. Fernando Wulff Antzinaroko Historiako katedraduna da Málagako Unibertsitatean, eta bertan dihardu irakasle-lanetan 1982tik. Hainbat liburu idatzi ditu, eta aurki argitaratuko du beste bat: Tres miradas que se cruzan en el mar. Encuentros entre mundos dos mil años atrás. Gai horri buruzko hitzaldiak eman ditu, besteak beste, Hangzhoun (Txina), Frascatin (Italia), Llolio (Filipinak) y Krakovian (Polonia) Hitzaldia Oiasso museoan izango da, maiatzaren 19an (ostirala), 19:00etan. Sarrera librea da leku guztiak bete arte.