Oiasso Nahieran: Museoko hitzaldiak jarraitzaileen interesen gustura

2020ko hasieran eztanda egin zuen osasun krisiak sare sozialek gure egunerokotasunean duten garrantzia azpimarratu du. Oiasso Museoan, errealitate horretaz jabetuta, berebiziko ahalegina egiten jardun dugu (eta gabiltza) hilabete hauetan guztietan, interesatzen zaion orori bertan antolatzen ditugun era guztietako ekimenen gaineko informazioa adieraziz eta baita Antzinaroa eta arkeologiarekin zerikusia duten eduki eta bitxikeriak aditzera emanez. Giro honetan sortu da gaurko honetan hitz egitera goazen Oiasso nahieran (Oiasso a la carta gaztelaniaz) jarduera berria.

Jarduerak hainbat fase ditu: lehenik eta behin, gure sareetan Antzinaroarekin zerikusia duten historia, mitologia eta arkeologiari loturiko lau gai azaltzen dira, gai hauen berri Museoko kontaktuei bidalitako posta elektronikoz, baita Facebook, Instagram eta Twitter bitartez ere emanez. Greziar eta erromatarren garaiekin loturiko gaiak ukitzeaz gain, Antzinate Berantiarrera eta Erdi Arora luzatzen diren zenbait atal ere izanen ditugu hizpide, K.o. V. mendetik aintzinera mendebaldean sortu ziren erreinu barbaroekin edota Ekialdeko Inperio Erromatarrarekin (historialariek Bizantzioko Inperioa ere deitzen dutena) loturiko gai edo pasarteak kasu. Behin lau gaiak zeintzuk diren azalduta, Oiasso Museoaren Twitterreko profilean astebeteko epea zabaltzen da gure jarraitzaileek sare sozialaren bitartez adierazitako lau aukera hauen artean beren kuttunena bozkatu dezaten. Twitterren bozka hauek modu anonimoan ager tzen dira, baina, hala nahi izanez gero, plataforma birtual honetan erabiltzaileek aurkeztutako gaien inguruan beren iritzia emateko edota elkarrizketa sortzeko aukera ere badute. Bozkatzeko astebeteko epea pasa eta egun batzuetara, bozka gehien jaso dituen gaia Oiasso Museoan aurkezten dugu ordu beteko hitzaldi bat eskainiz. Hitzaldiaren data edizio bakoitzeko aldatuz joanen da, baina aldiro asteazken bateko arratsaldeko 19:00tan izanen da, sarrera doakoa izanik momentuko osasun neurriek eskatzen diguten eserleku kopurua bete arte. Hitzaldietako hizlaria Jokin Lanz dugu, Antzinateko Historian doktorea eta Oiasso Museoko jardueren teknikaria, baina zenbait kasutan gaian adituak diren irakasle gonbidatuak entzuteko aukera izan ahal dugu. Bukatzeko, hitzaldiaren ondorio nagusiak biltzen dituen bideo labur bat gure sareetara igotzen dugu, aurkeztutako gaiak ahalik eta zabalpen handiena izan dezan.

“Gai irabazleari buruko hitzaldia apirilaren 28an, asteazkena, Oiasso Museoan izanen da Jokin Lanz historialariaren eskutik”

Oiasso nahieran-en lehendabiziko edizioa pasa den martxoan ospatu egin genuen. Hurrengo lau gai hauek izan ziren bozkatzeko proposatu zirenak: “Antzinaroko zazpi monumentu miragarriak”, “Troiako guda, historia eta mitoaren artean”, “Kaligula enperadorea, krimena eta erokeria” eta “Nor ziren bagaudak?”. Azken gai horrek jaso zituen bozka gehien eta martxoaren 24an Museoko Areto Nagusian aurkeztu genuen. Balorazioa positiboa izan da, aipatutako egunean gela ia bete genuelako eta bertaratu ziren ikus-entzuleek egindako galdera eta komentarioen bitartez sorturiko elkarrizketek dezente luzatu zutelako prestaturiko saioa. Hurrengo egunetan gure sare sozialetara igo genuen bagaudei buruzko bideo laburrak ere zabalpen nabaria izan du eta Oiasso nahieran-en edizio gehiago prestatzeko gogoak piztu dizkigu. Izan ere, bigarren edizioa abian dago jada eta apirilaren 12tik 19ra bitartean Twitterreko erabiltzaileek hurrengo lau gaien artean beren gogokoena aukeratu ahal dute: “Gladiadoreak: elitezko kirolariak”, “Arturo erregea, benetan existitu zen?”, “Antzinaroko 7 monumentu miragarriak” eta “Troiako guda, historia eta mitoaren artean”, azkeneko bi horiek aurreko aldian bigarren eta hirugarren postuan gelditu zirenez, beste aukera bat izanen dute oraingo edizioan. Gai irabazleari buruzko hitzaldia apirilaren 28an, asteazkena, Oiasso Museoan izanen da Jokin Lanz historialariaren eskutik.

“Hurrengo edizioetako bat euskara hutsean egitea daukagu buruan”

Momentuz lehendabiziko bi edizio hauetarako erabili dugun hizkuntza gaztelania izan da, hala ere, hurrengo edizioetako bat euskara hutsean egitea daukagu buruan. Antzinaroarekin loturiko zenbait gai eta bitxikeriaz hitz egin eta jendartean aditzera emateko helburuarekin, ilusioz beterik eta gogo handiz hasi dugu Oiasso nahieran deituriko jarduera berri hau. Zuen interesa piztea lortu dugulakoan, zuen bozken zain gelditzen gara, ondoren gogoratu Oiasso Museoan Twitterreko emaitzen araberako ekitaldi interesgarri bat egonen dela apirilaren 28an arratsaldeko 19:00tan.

Jokin Lanz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude