Astearte honetan, hilak 7, “Domusetik forora. Erromatarren eguneroko bizitza esperientzia femeninoen ikuspuntutik” ikastaroan izena emateko epea hasiko da. Oiasso Museoaren historia eta arkeologia ikastaro berria da, eta erromatarren garaiko iraganaren eta, bereziki, emakumeek orduan zuten tokiaren gaineko ikuspegi eguneratua ematea du helburu. Horrela, astero, erromatarren garaiko emakumeen (libreen zein esklaboen, aberatsen zein pobreen) bizitza azalduko da, eta, haien ekintzen bidez, eguneroko bizitzako gaietan sakonduko da, hala nola gladiatoreen ikuskizunetan, hirigintzaren esparruko ustelkerian eta sukaldaritzako tradizioetan, gaztelaniaz.
Eskolak otsailetik maiatzera bitartean izango dira, bi txandatan: otsailaren 28tik maiatzaren 30era bitartean, astearteetan, 18:00etatik 19:00etara, eta martxoaren 2tik ekainaren 1era bitartean, ostegunetan, 11:00etatik 12:00etara. Hasiera batean, hamabi saio izango dira txanda bakoitzean, eta Leire Lizarzateguik emango du ikastaroa. Euskal Herriko Unibertsitateko Antzinako Historiako doktorea da Lizarzategui, Oiasso Museoko jardueren arduradun berria, eta emakumeek Erromako politikagintza eta diplomazian izandako esku hartzean aditua, eta, gaur egun, emakumeen eragin sareen inguruan lan egiten du.
Toki kopurua mugatuta egongo da, eta, izena emateko, Oiasso museoko harrera lekura jo beharko da, edo 943639353 telefono zenbakira deitu eta tokia erreserbatu. Ikastaroaren prezioa 65 euro da, eta honako hauek hartzen ditu barnean: ordubeteko hamabi eskola, ikastaroari buruzko informazio praktikoa emateko dosier bat eta eskola bakoitzaren ondoren banatuko den laburpen bat.
Bestalde, Oiasso Museoak helduak zein gazte eta haurrak antzerki klasikora erakartzeko tailerrak eskainiko ditu berriro ere. Antzerki munduko profesionalek emango dituzte tailerrak, eta parte hartzaileen adinera egokituko dira. Denak ala denak Oiasso Museoaren egoitzan emango dira, eta izena eman ere bertan egingo da, telefonoz edo posta elektronikoaren bitartez.
Helduentzako antzerki tailerrak
Arduraduna: Patxi Pérez
Eguna: asteazkena (otsailak 15 – martxoak 29)
Ordua: 18:30-20:30
Prezioa: 40,00 €
Haurrentzako antzerki tailerrak
Arduraduna: Nerea Arriola
Adina: 8-13 urte
Eguna: asteartea (otsailak 14 – martxoak 28)
Ordua: 17:15-18:15
Prezioa: 20 €
Azkenik, Mertxe Tranche ikertzaileak dinamizatzen dituen literatur tertulietan lehena otsailaren 27an izango da, astelehenarekin, 19:00etatik aurrera, eta laster hasiko da izena emateko epea. Lehen saiorako aukeratutako obra Rebelión en Sicilia da, Adur Intxaurrandieta Ormazabalena [Lezo, 1988]. Autorea Santiago de Compostelako Unibertsitateko Antzinako Historiako doktorea da, helenismoak Erromako gizartean izan zuen eraginean espezializatu da, estatu mailako eta nazioarteko hainbat kongresutan parte hartu du, eta gaiari buruzko artikulu akademikoak argitaratu ditu. Harreman estua du Siziliarekin, bertan bizi izan baitzen urtebete, eta harreman horrexek bultzatu du bere lehen nobela historikoa idaztera, zeina CBA liburutegian maileguan har daitekeen eta Museoak 25,95 euroan saltzen duen.
Parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da, Museoaren egoitzan bertan edo 943639353 zenbakira deituta, eta, izena emateko, 2 euro ordaindu beharko da –prezioak barnean hartzen ditu kafea eta pastak–. Edukiera mugatuko da.