Oihana Recalde, nekazari gazte ekintzailea: “Nire ametsa da etorkizun batean nire sagardo ekologikoa ekoiztu ahal izatea”

Oihana Recaldek sagasti artean aurkitu du bere bizimodua. Gazte ekintzaile honek sagardo ekologikoa egiteko sagarrak ekoizten ditu Olaberria auzoko lursailetan. Horretarako, Sagarrek izeneko proiektua sortu du, bere kabuz egiten duen lan guztia biltzeko. Oihana Recaldek nekazari lana nolakoa den azaldu digu, gazte eta emakume gehiagori natur ingurunearekin lotura estua duen lan honekiko pasioa zabaltzeko.

Nola bururatu zitzaizun Sagarrek proiektua hastea?

Pixkanaka gertatu zen gauza bat izan zen. Ideia sortu zen lur hauek hutsik genituelako eta horiei etekin bat ateratzeko zerbait egin behar genuela argi izan genuelako. Erabiltzen ez zirenez, sasiez betetzen hasi ziren. 2019an zer egin genezakeen pentsatzen eta ikertzen hasi nintzen. Nik nekazaritza eta abeltzaintza ikasketak egin nituen eta gainera, nire osaba sagardo ekoizle afizionatua da, sagardoa bere kontsumo propiorako ekoizten baitu. Bide hori hartzea erabaki genuen. 2020an lan burokratiko guztia hasi genuen eta 2021ean lehenengo landaketa egin genuen. Aurten azken landaketa egin dut eta hemendik aurrera produkzioa hastea da ideia.

Beraz, zure sagarrak sagardo ekologikoa egiteko erabiltzea da asmoa.

Hasieratik argi izan nuen nireak proiektu ekologikoa eta naturala izan behar zuela. Gainera, ingurunearekin lotura estua izango zuen zerbait nahi nuen, hemengo sagar barietate autoktonoak galtzen hasi zirelako eta horiek berreskuratzen lagundu nahi nuelako. Bestetik, jateko diren sagarrek zainketa eta instalakuntza konplexuagoak eskatzen dituztelako. Guk zerbait errazagoa eta garbiagoa bilatzen genuen, eta horrela beraz, sagardo ekologikoa egiteko bertako barietateak landatzea erabaki genuen.

“Hasieratik argi izan nuen nireak proiektu ekologikoa eta naturala izan behar zuela”

Erraza da zigilu ekologikoak lortzea?

Lehenik eta behin lan burokratiko handia egin behar da paperak betetzen. Gero, ikuskapenak ere pasa bihar dira. Ondoren, ziurtagiria lortzeko zenbait urtez lur horiek modu ekologikoan landuak izan direla erakutsi behar duzu, ziurtagiria ez baita lehen egunetik ematen dizuten zerbait. Ekologikoa izateko ezin dituzu produktu industrialak erabili eta zainketaren zati handiena eskuz egitea eskatzen dizute, makineria gutxi erabilita. Nire ideia da produkzioari laguntzeko ahalik eta produktu gutxien erabiltzea eta permakultura sistemez baliatzea eraberritzea lortzeko.

Proiektuari ekin aurretik, izan al zenuen zalantzarik?

Nekazaritza eta abeltzaintza mundu gogorrak dira, gazteek normalean aukeratzen ez dituztenak.  Aurreko esperientziarik izan gabe oso zaila da honetan sartzea, dedikazio handia eskatzen baitu. Ez dago lanordu finkorik eta zerbait gertatzen denean hor egon behar duzu. Nire kasuan ez dira animaliak, eta eskerrak, bestela ezingo nukeelako atsedenik hartu. Gainera, kanpoan egin behar duzu lan, haizea izan, euria egin edo eguzki galgatan, berdin du. Beraz, gazte gutxi eta emakume gutxi animatzen dira, nahiz eta urteak pasa ahala, emakume gehiago animatzen ari diren. Era berean, esplotazio asko bertan behera geratzen ari dira jubilatzen ari den adineko jendeak erreleborik ez duelako. Jende gehiago behar den momentu batean gaude eta horretarako beharrezkoa da gazteak animatzea.

Zure kasuan, Sagarrek proiektuari ekiteko erraztasunak izan dituzula esango zenuke?

Uste dut zorte handia izan duen pertsona naizela, nire familiak emandako aukera hau ez baitago edozeinen esku. Aukera aprobetxatzea erabaki dut eta pixkanaka egunero horretarako lanean ari naiz. Egunero zerbait ikasten dut, prozesuaren hasieran nagoelako eta bide luzea dut aurretik.

Gainera, zu zeu arduratzen zara prozesu guztiaz?

Kudeaketa guztiak nik egiten ditut, proiektua nik sortu nuelako. Hala ere, egia da zenbait lan egiteko beste batzuen laguntza behar izaten dudala, gauza batzuetarako makineria handiagoa behar delako. Esaterako, landaketa egunetan traktorea duten batzuk etortzen zaizkit laguntzera. Egunerokotasunean, ni bakarrik aritzen naiz, daukadan makineria exkaxarekin, baina gauzak poliki egiteko ondo moldatzen naiz. Dena den, batzuetan amak, nire mutilak, anai-arrebek edo osaba eta lehengusuek ere laguntzen didate, baina soilik gauza jakin batzuk egin behar ditudanean.

“Nekazaritza eta abeltzaintza mundu gogorrak dira, gazteek normalean aukeratzen ez dituztenak”

Urteko garai honetan zeintzuk dira sagastiekin loturiko zereginak?

Orain kimaketarekin hasi beharko ginateke, baina klima aldaketa dela eta, oraindik zuhaitzek hostoak dituzte, eta beraz, apur bat itxaron beharko dugu. Kimaketa bukatzerakoan, garrantzitsua da zuhaitzak estrukturara lotzea, bestela haizearekin asko mugitzen direlako. Beraz, horiek izango dira denboraldiko zeregin nagusiak.

Sagarrak dituzunean nori salduko dizkiozun lotua duzu jada?

Oraintxe bertan Ola Sagardotegiari saltzen ari gara ekoizpen guztia. Hemendik bost minutura dugun sagardotegia delako, beraz, sagarrak jaso bezain laster hara eramaten ditugu. Irunen dagoen sagardotegi bakarra da eta haiek gertuko ekoizle ekologikoekin lan egitea bilatzen zuten. Beraiekin harreman ona dugunez, haiei ematen diegu dena.

Etorkizunera begira, proiektuak nolako bilakaera izatea nahiko zenuke?

Nire ametsa da etorkizun batean nire sagardo ekologikoa ekoiztu ahal izatea. Oraintxe bertan ez dut horretarako sagar nahikorik, zuhaitzak gazteak direlako. Produkzioa hazten doan heinean, asmoa da amets hori errealitate egiteko pausuak ematen joatea, hau da, nik neure sagardo ekologikoa ekoiztea. Ez dakit hori lortzea posible izango den, baina saiatu saiatuko naiz.

Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude