Goizeko hamarretan, Luis Marianoko jubilatuen etxearen aurrean elkartu dira hogei gizon-emakume inguru. Prest daude osteguneroko ibilaldiari ekiteko. Eguzkiak gogor jotzen du jada. “Baten batek nahiago izan du hondartzara joan”, igarri du Juan Ramón Pérezek. Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko langilea da, eta taldea gidatuko du Ttipi-Ttapako irteeran. 60 urtetik gorako irundarrei zuzendutako ekimena da. Eusko Jaurlaritzaz gain, Osakidetzak, Irungo Udalak eta Nagusilan elkarteak parte hartzen dute antolaketan.
Colon ibilbidera bidean irten da taldea, argazkia atera ondoren. Iparralde Etorbidea hartzerako, multzotan banatzen hasi da. “Ezinezkoa da denak erritmo berean ibi-ltzea. Gu, normalean, atzean gelditzen direnekin joaten gara”, azaldu du Juan Ramón Pérezek. Hendaiara doaz, Kaneta Portura. Ondoan dituen gizon-emakumeekin hitz egiten ari da Pérez, larunbatetan adinekoek Ficoban izaten duten dantzaldiaren inguruan. “Helburu nagusia ariketa fisikoa egitea den arren, giza harremanak sustatzea ere bilatzen dugu”, baieztatu du Pérezek. Hirurogeita hemezortzi urte dituen Feli Godoyk berretsi ditu haren hi-tzak: “Nik urte asko eman ditut etxetik atera gabe. Adinekoak alferrak gara, askotan nahiago izaten dugu etxean telebista ikusten gelditu”.
Batzuetan ez da nagikeria kontua izaten, badelako familia loturarik edo senideekin harremanik ez duenik. Baina Ttipi-Ttapako taldean, integrazio arazorik ez dago. Berriketan egin dute Kanetarainoko bidea. 3,5km-ko ibilbidea osatu dutela esan du Juan Ramón Pérezek. Guztira zazpi kilometro egingo dituzte. Ariketa onuragarria izango da parte har-tzaileentzat. “Arazo kardiobaskularrak eta gaixotasun koronarioak ekiditeko, primerakoa da oinez ibiltzea. Gainera, tentsio muskularra mantentzen du, eta artikulazioak mugitzeko ona da”, adierazi du Pérezek. Ibiltzea merkea da, eta ez du ahalegin handirik eskatzen. Horregatik, aproposa da adineko pertsonentzat. Hala ere, denborak eta distantziak eragina izaten dute azkenean. Ibilbidearen azken zatian, nekea agerikoa da Ttipi-Ttapa ekimeneko parte hartzaileen artean. Bereziki, Iparralde Etorbidearen zatirik maldatsuenean.
Erritmo ezberdinean, baina denak iritsi dira azkenean Luis Marianora. Bakar ba-tzuk leher eginda diruditen arren, ibilbidearekin pozik daude. “Zenbat eta gehiago ibili, orduan eta gehiago nahi izaten dut hurrengoan. Gero eta hobeto sentitzen naiz”, onartu du Feli Godoyk. Datorren ostegunean, beraz, ez du hutsik egingo. Probatu duten gehienek “errepikatu” dutela aipatu du Juana Mari Erro Nagusilan elkarteko presidenteak. Bueltatzen diren horiek erabaki zuzena hartu dutela uste du: “Bilobak zaintzea ondo dago, baina norberarengan ere pentsatu beharra dago”. Ostegunero, goizeko hamarretan irteten da Ttipi-Ttapako ibilaldia, Luis Marianoko jubilatuen etxetik.
Ariketa fisikoa, funtsezko
Adineko pertsonen kopurua gora egiten ari dela, agerikoa da. Datuek ere hala esaten dute. Aurreikuspenen arabera, populazioaren %25ak 65 urte baino gehiago izango du Gipuzkoan 2020an. Joera horrek, dependentziaren edo gaixotasun kronikoen moduko arazoen gorakada eragingo du. Horiek ekiditeko, ariketa fisikoa egitea ezinbesteko baldintza da. Munduko Osasun Erakundeak astean 150 minutuko ariketa fisiko moderatua egitea gomendatzen die 65 urtetik gorakoei. 2013ko Euskal Osasun Inkestaren arabera, Gipuzkoan, adin tarte horretako emakumezkoen %39ak eta gizonezkoen %25ak ez du gutxieneko ariketa fisikoa egiten.