Dagoeneko Ola sagardotegiko kupelak husten hasi dira. Ohiturari jarraituz, San Anton eguna ardatz hartuta, urtarrilaren 23an Meakako sagardotegiko kupelak ireki eta mahaikideek urteko sagardo berria dastatzeko aukera izan dute. Jendeak gogoz erantzun dio Irungo sagardotegitik egindako gonbitari eta burdinolako mahaiak bete dira, pertsonen arteko distantzia gordez.
Egurrezko eserlekuetatik altxatu gabe izan bazen ere, erromeria giroa izan zen nagusi urtarrileko azken aurreko asteburuan Olan. Horrela, sagardotegiak urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat berreskuratzeko aukera izan zuen, ohiturak neurri ezohikoekin tartekatu zituztelarik. Izan ere, sagardotegirako sarrera era tartekatuan egin zen, ohiko sarrera bateratuko jende pilaketak saihesteko. Era berean, kupelera hurbildu eta zuzenean sagardoa hartzeko debekuari aurre egiteko, aurreko denboraldian egindako moduan sagardoa mahaietan pitxerretan zerbitzatu zen.
Baserritarrei aintzatespena
Txotx irekieraren inguruan sortzen den giro berezia aprobetxatuz, Ola sagardotegiak baserritarrek sagardogileekin batera egindako lana eta ahalegina eskertu zituen. Ahaleginik gabeko saririk ez dagoenez, horri esker aurten Olak Ekolurra eta Euro-hostoa ziurtagiri ekologikoak lortu ditu. Lorpena ospatzeko, Olak sagardo berriarekin Etxezabal, Basobeltz eta Tristanea baserrien lana saritu nahi izan du.
Esteban Aristi eta Eustakio Aristi aita-semeak Zarautzeko Basobeltz baserrian ekoizten dituzte Olan sagardoa egiteko erabiltzen diren sagarrak. Eustakio Aristik azaldu duenez, Olan jasotako omenaldia urte askotako lanaren aitorpena izan da, beraz, pozik hartu dute gonbidapena. Estebanek, Eustakioren aitak, gaineratu duenez, “beti da eskertzekoa zurekin batera lan egiten duen kideaz gogoratzea”. Basobeltz baserriak aspalditik egiten du lan Ola sagardotegiarekin, beraz, elkarrekin hasi zuten Eusko Label jatorri izena lortzeko prozesua eta, oraingoan, ekologikoa lortu dute.
Pandemia tartean badago ere, Eustakio Aristik Sagardotegiek baserritarrei ekoizpen guztia erosi dietela azaldu du. “Ostalaritza sektoreko profesionalen egoera nahiko pattala dela ulertzen dugu”. Hala ere, Basobeltz baserriko semeak azaldu du, etxean bada ere, jendeak sagardoa kontsumitzen jarraitzea espero dutela.
Etorkizuna bermatuta dago
Egungo testuinguruak Sagardotegiak bizi dugun panorama aldakorrera moldatzera behartu ditu. Aldaketa garai hau aprobetxatuz, Iñaki Bengoetxeak sagardotegian lan egiten duten alabei dakien guztia erakutsi eta pixkanaka-pixkanaka familia negozioa haien esku uzten hasi da.
“Garai bateko pentsamoldea aldatzen ari da eta emakumeek gero eta paper garrantzitsuagoa dute sagardotegietan”
Ainhoa Bengoetxea, Ola Sagardotegia
Ainhoa Bengoetxeak azaldu du bi direla batez ere sagardotegian lan egiten duten Iñakiren alabak eta haien asmoa dela negozioa aurrera ateratzen jarraitzea. “Garai bateko pentsamoldea aldatzen ari da eta emakumeek gero eta paper garrantzitsuagoa dute sagardotegietan”, adierazi du Iñakiren alabak. Berak sei urte zituen Ola sagardotegia ireki zenean. “Ikusiz asko ikasten da, baina praktika ere oso inportantea da”, gehitu du Ainhoa Bengoetxeak. Beraz, etxeko adibidea ondo ikasita, Ola sagardotegian aurtengo denboraldiaz gain, beste hainbat ere bermatuta daudela dirudi.