Maiatzaren 7an “Erraldoien bizkarren gainean. Euskal arkeologiaren historia” behin behineko erakusketa berria estreinatu genuen Oiasso Museoan. Erakusketa irailaren 25a arte egonen da gurean eta euskal arkeologiaren historiaren ibilbidea azaltzen du zenbait pieza arkeologikoren bitartez. Bertan, euskal arkeologiak izandako eboluzioa eta diziplinaren aldaketa metodologikoak, kontzeptualak eta interpretaziozkoak ikusiko ditugu, batetik, bai eta, bestetik, beren ikerketekin, askotan aitzindariak, arkeologia zaletasun bat baino askoz gehiago ez zena, zientzia bihurtu zuten pertsonak ere. Gure aitzineko pertsona horiei guztiei eskainia dago erakusketa hau, gaur egungo gure ezagutza horien gain eraikitzen baitugu. Bertan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako objektuak ikusi ahal izanen dira, azken 150 urteetan gizartean izandako aldaketen isla direnak.
Erakusketa osatzen duten pieza horien artean Gipuzkoan topaturiko erromatar garaiko aldare-harri edo opagai bat dago. Luis Pedro Peña Santiago eta Fermin Leizaolak 1971an argitaraturiko Real Sociedad Vascongada de Amigos del País aldizkariko 27. alean ematen digute lehen aldiz pieza honen berri. Urte berean identifikatu omen zen aldare-harri hau, Aitamarren baserriko Agapito Oyarbide artzain zegamarraren txaboletako baten paretan zegoen, Aitzgorri mendilerroko Oltze dermioan. Pieza harearriz egina dago eta tamalez anepigrafikoa da, hau da, jatorrizko inskripzioa ezabatuta dago. Dena den, opagaiaren tamainak eta goi eta beheko partean dituen moldurek pieza epigrafiko erromatar bat dela adierazten digute. Bere neurriak honako hauek dira: 36x20x15 cm eta inskripzioa egon beharko lukeen erdialdeko zatian, orain dela ez horrenbeste eginiko gurutze kristau txiki bat dauka. Aldare-harria artzain txabolako ateburuaren gainean zegoen, paretan sartuta. Antza, etxola hau 1938. urtean berritu omen zen, bere hormetako batean adierazten denez. Bertako artzaina zen Agapito Oyarbideren esanetan, 1971an 78 urte zituenak, pieza erromatar hau Zalduondo ingurutik ekarria izan zen. Artzainaren testigantzaren arabera, aldare-harria Aitzgorriko Santo Kristo ermita egiten zebiltzan hargin batzuek eraman zuten bere txabola ingurura. Dena den, pieza hau eraikuntza material gisa berrerabili bazen ere, nolabaiteko balio berezia izaten jarraitu zuela erakusten digu bertan txertatutako gurutzeak.
Esan bezala, Oltzeko aldare-harriak jatorria Araban duela uste da, baina Aitzgorri mendilerroaren bi aldetara topaturiko aztarna erromatarren multzoarekin bat egiten duela esan beharra dago. Iturri idatzi eta arkeologikoek arabar lautadan Iter – XXXIV Asturica-Burdigala (Astorga-Bordele) galtzada erromatarra eta honen inguruan kokaturiko bizigune batzuen presentzia adierazten dizkigute. Ordea, ez dugu gisa bereko garaiko iturririk Goierriko eskualdean. Hala ere, Oria arroan barrena topaturiko aztarna arkeologikoek aipaturiko galtzada eta gipuzkoar kostaldetik zihoan erromatar itsas bidea -via maris- lotuko zituen ardatz bat marrazten dutela dirudi. Hegoaldetik iparralderako gutxi gora beherako noranzkoan, Goierriko aztarna arkeologikoak lirateke: San Adrian tuneleko aztarnategi arkeologikoa, Zegamako San Pedro ermitako inskripzioa, Idiazabalen agerturiko txanponak eta Atauneko Otadizelai eta Jentilbaratza dermioetan eta zenbait kobazulotan (Lokatza, Limurita eta Sastarri IV izenekoak) topaturiko txanpon eta bestelako objektu eta zeramika zatitxoak. Aurkikuntza hauek, San Adrianeko pasabideaz gain, Etxegarate eta Lizarrustiko igarobideak ere erabiltzen zirela adierazi dezakete. Oriaren arrotik gora, itsasoranzko norabidean, erromatar garaiko asentamendu ugari ditugu, batzuk aire zabalean (Bidania-Goiatzeko Sanpedroburu; Tolosan Laskoaingo San Esteban; Belauntzako San Joan Bautista eliza; Andoainen Goiburuko San Esteban; Usurbilen Irigain…) eta beste batzuk kobazuloetan (Intxurmutegi Tolosan; Beondegi I Albizturren eta Txispiri III Gaztelun), Andoain eta Villabonan agerturiko txanpon solteekin batera. Esan bezala, Oltzeko ara aurkikuntza hauen testuinguruan ulertu behar dugu.
Gaur egun Aitzgorriko pieza erromatar honek Gipuzkoako Gordailuan hartzen du atseden. Dena den, gorago aipatu dugunez, irailaren 25a arte Oiasso Museoan izanen dugu ikusgai “Erraldoien bizkarren gainean. Euskal arkeologiaren historia” erakusketaren baitan. Badaezpada, gure ordutegiak gogorarazten dizkizuegu: asteartetik larunbatera 10:00-20:00; igandetan 10:00-14:00. Gainera, larunbatero erakusketa honen inguruko bisita gidatuak izanen dira 3€-ren truke, bai euskaraz bai gaztelaniaz. Anima zaitez!
Jokin Lanz