Omenaldi ekitaldia egin da CBA liburutegian Pío Barojaren jaiotzaren 150. urteurrena gogoratzeko

Liburuz betetako apalategien artean gogoratu da Pío Barojaren jaiotzaren 150. urteurrena. Azaroaren 23an CBA liburutegiak hartu zuen hirian bereziki estimatua den idazlea gogoratzeko ekitaldia. Omenaldian, Irungo Udaleko talde politikoetako ordezkariez gain, Pío Baroja institutuko eta Irungo Musika Eskolako ikasleek, Pío Caro Barojak eta Myriam Pérez artistak parte hartu zuten. Elkarrekin idazlearen bizitza eta obra gogoratu zuten.

Hasiera batean, omenaldia Zabaltza plazan egitekoa zen. Izan ere, leku horretan 2006. urteko urriaren 30az geroztik, idazlearen heriotzaren 50. urteurrena gogoratzeko, Pío Barojaren omenezko brontzezko eskultura bat dago. Hala ere, ohi bezala, eguraldi txarraren iragarpenak hasierako planak deuseztatu zituen eta beste babesleku bat bilatu behar izan zen. Nola ez, liburutegia izan zen Pío Barojaren omenaldia egiteko aukeratutako lekua. Bertaratutako pertsonez gain, apalategietan bildutako literatur lanek harrera beroa egin zioten bihotz bidasotarreko idazleari.

Ekitaldia Irungo Udal Musika eskolako ikasleek markatutako erritmoan hasi zen, Jules Massenetek konposatutako “Meditación de Thaïs” lanaren interpretazioarekin, “El Arbol de la Ciencia” liburuko pasarteak off ahotsean entzun ziren bitartean. Soka laukoteak jasotako txaloen ondoren, Eunate Encinas Kultura arloko zuzendariak omenaldi ekitaldia ireki zuen hitza José Antonio Santano alkateari emanez.

Irungo Alkateak aitortu zuen berarentzat plazer handia zela “garai guztietako idazle irakurrienetako bati” eskainitako omenaldi ekitaldiaren lekuko izatea. Santanok gogoratu nahi izan zuen Barojaren lanek Irungo hiriarekin eta, oro har, Bidasoa eskualdearekin izandako hurbiltasuna. Izan ere, Pío Barojak “Bidasoko herrialdea” hitzak erabili zituen behin baino gehiagotan eskualdeaz hitz egiteko. Alkateak azaldu du, “Pío Baroja jaiotzez donostiarra izan arren, bihotzez Bidasotarra zen”. 98ko Belaunaldiko idazleak bere bizitzan zehar egindako lana aitortzeko, Irunek Barojaren izena daramaten institutua eta kalea ditu.

Jarrain, Pío Caro Baroja idazlearen biloba txikiak hartu zuen hitza. Idazlearen oinordekoak Barojaren bizitza errepasatu zuen. Idazlearen hastapenei arreta berezia eskaini zien Barojak Bidasoarekin eta Irunekin izan zuen lotura azaltzeko. Idazlearen biloba txikiaren hitzetan, “Irun Gipuzkoako hiriburu bihurtu da Barojari dagokionez”. Horrela, Pío Caro Barojak hirian azken urteetan idazlearen ekarpena eta lana gogoratzeko egin diren ekitaldi guztiak eskertu ditu. Era berean, omenaldira gonbidatu izana eskertu du eta, aldi berean, adierazi du “honelako ekitaldi kulturalen balioa goraipatzekoa dela”.

Lekukoa institutuko ikasleen esku
Ekitaldiak aurrera egin zuen eta Irungo Musika Eskolako ikasleek Erik Satieren “Oda intermedia: Three Gymnopédies” pieza eskaini zuten. Musika emanaldiarekin amaitzeko, berriz, Luis Gianneoren “Lamento Quichua” interpretatu zuten. Ostean, Pío Baroja institutuko ikasleen txanda iritsi zen eta, horrela, hitzek musikari lekua kendu zioten. Izan ere, omenaldia antolatzeko Irungo Udaleko Kultura arloa eta Pio Baroja institutua elkarlan estuan aritu dira. Ekitaldian institutuko lehenengo eta bigarren mailako ikasleek parte hartu zuten. Institutuko ikasleek Pío Barojaren testuak abiapuntutzat hartu zituzten beren hausnarketa propioak idazteko eta gogoeta horietako batzuk liburutegian ozen irakurri zituen ikasle talde txiki batek, ikaskide guztiak ordezkatuz. Hala ere, hori ez zen izan ikasleek Pio Baroja gogoratzeko egin zuten jarduera bakarra; izan ere, egun horretan bertan, CBA liburutegian horma-irudi bat eta girlandak jarri zituzten apaingarri bezala, ikasleek bildutako idazlearen esaldiekin.Ekitaldiaren itxieran Myriam Pérez artista irundarrak dantza omenaldia eskaini zuen. Dantzariak omenaldirako propio sortutako dantza-proposamen batekin harritu zituen bertaratutakoak.

Idazlea gogoan
Liburutegian ospatutako ekitaldia Irungo Udalak eta Pio Baroja institutuak Baroja gogoratzeko antolatu dituzten ekitaldietako bat baino ez da. Izan ere, Irungo Udalak ikasleekin eta irakasleekin lankidetzan jarraituko du, bereziki, Pío Baroja institutuko arte batxilergoko bigarren mailako ikasleekin. Larraitz Ugartemendia irakasle eta artistaren laguntza eta bitartekaritzarekin, eraikinaren fatxadetako batean instalatuko den olana handi bat diseinatu dute. Urte amaieran inauguratzea espero da, eta ikus-entzunezko beste proposamen batzuk ere izango dira, ikasleek sortutakoak.

Liburuaren eguna izan zen idazlea gogoratzeko beste ospakizun garrantzitsu bat. Kixotearen irakurraldi tradizionalari ekin aurretik, Irungo alkateak Pío Barojaren “Zalacaín el Aventurero” liburuaren pasarte bat irakurri zuen. Gainera, Zabaltza plazako liburu azokan idazlearen zenbait obra bildu ziren bitrina batean erakusketa txiki bat osatuz.Bestalde, 2022 honetan CBAra joaten diren guztiek Pío Barojari Madrilgo Retiro parkean egin zioten argazki bat ikusiko dute, binilo handi batean erreproduzituta. Irudi horretan inspiratua da, hain zuzen, Zabaltza plazan 2006ko urrian, idazlearen heriotzaren urteurrenean, instalatu zen eskultura.

Irungo udalak Barojaren urteurrenaren oihartzuna sare sozialetara ere zabaldu nahi du. Horrela, interesa dutenak Pío Barojari buruzko hausnarketak, testuak edo idatziak partekatzera animatu dituzte. Ekarpen guztiak biltzeko #PioBaroja150 trahola erabiltzea proposatzen du udalak, Twitterren eta Instagramen @irun_informa kontuak aipatzeaz gainera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude