ONCEko afiliatuek usaimenaren, ukimenaren eta entzumenaren bidez ezagutu dute Oiasso museoa

Ikusmena izan ohi da museo baten bisitan gehien erabilitako zentzumena. Irailaren 29an, ordea, ONCE elkarteko afiliatuek Oiasso museoa usaimena, ukimena eta entzumena erabiliz ezagutzeko aukera izan zuten.

Ekintzak “Oiasso zure eskuetan” izena du eta horren bitartez Oiasso Erromatar Museoak Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartu du. Europako Kontseiluak martxan jarritako ekimena da, ondarearen balioa azpimarratu, herritarrak ondarera erakarri eta ondarea kontserbatzearen garrantziaz kontzientziatzeko. Juanjo Jiménez, Oiasso Museoko zuzendariak azaldu duenez, “museoaren helburua Oiassorekin zerikusia duen ondare historiko eta kulturala publiko guztiei zabaltzea da”.

ONCEko bisitariek museoaren bilduma iraunkorra ikusteko aukera izan dute. Oiasso barnean egindako ibilbidea egokitu egin dute ikusteko desgaitasuna duten pertsonentzat. Itxaso Bikuña Oiasso museoko hezkuntza jardueren arduraduna izan da bisita gidatuan zehar taldea zuzendu duen gidaria. Bikuñak azaldu duenez, “bisitaren helburua Oiasso ezagutzea da” eta bisitariek Irunen aurkitutako aztarna arkeologikoak ezagutzeko aukera izan dute. Denboran atzera egiten hasteko, Portu aretoko bideoaren azalpenak entzun dituzte erromatar garaiko ohiturak eta bizimodua hobeto ezagutzeko.

Portu aretotik atera aurretik, ONCEko bisitariek hainbat objekturen erreplikak ukitzeko aukera izan dute. Beren eskuekin ukitu dituzte “terra sigillata” izenez ezagutzen diren zeramika piezak eta beirazko piezak, “denario” deituriko txanponez gainera. Horretaz gain, Higer lurmuturrean aurkitutako Isis, Minerva, Helios eta Marte jainko eta jainkosen apaingarriak erakutsi zaizkie bisitariei eta txundituta geratu dira pieza horien pisuarekin, brontzezkoak baitira.

Ukimenaz gainera, usaimena ere funtsezkoa izan da bisita gidatuaren ildoa jarraitzeko. Izan ere, Itxaso Bikuñak banan-banan bisitarien sudurretara hainbat katilu hurbildu ditu erromatarrek erabiltzen zituzten saltsa eta ongailuen osagaiak asma zitzaten. Bakoitzak bere usteak ozenean esan ditu, taldekideei lagunduz eta, azkenean, taldea gai izan da osagaien artean, adibidez, oreganoa eta oliba beltza hautemateko.

Ibilbidean Andrearriaga bezalako hilarrien formak eta erliebeak eskuen bitartez deskubritzeko aukera izan dute. Bisita amaitu aurretik, Oiasso maketa inguratu eta haztatu dute, erromatar garaian Irunek nolako itxura zuen jakiteko. Izan ere, maketak agerian uzten du nolako garrantzia zeukan garai hartan itsasoak hiriak ezartzeko unean. Gainera, egurrezko erreprodukzioak Ama Shantalen baselizaren, termen edo portuaren kokapena erakusten du eta hiria osatzen zuten eraikinak eta zuhaitzak nolakoak ziren jakin daiteke.

Kultura irisgarria
Ondarearen Europako Jardunaldien aurtengo edizioaren leloa ‘Ondare inklusiboa’ izan da, ondarea herritarrengana hurbiltzeko modua berraztertzeko eta zabaltzeko proposamena. Roberto Doval ONCEk Donostian duen ordezkaritzako zuzendariaren ustez oso garrantzitsuak dira inklusioaren eta irisgarritasunaren gisako kontzeptuak. Donostiako ONCEko zuzendariaren iritziz, “ONCE eta antzeko elkarteek ordezkatzen dituzten gizarte-taldeen integrazioa eta normalizazioa lortzeko ezinbesteko tresna da kultura”. Horrela, Donostiako egoitzara afiliatutako beste hamabi bisitariekin batera museoak eskainitako baliabide historiko eta kulturalez gozatzeko aukera izan du Dovalek. Horretaz gain, baliabide irisgarrien eta interaktiboen beharra ere gogoratu du Dovalek, “baliabide horiei esker lehen mailako herritarrak garela senti dezakegu, beste edozein pertsona bezala”.

Juanjo Jiménez Oiasso Museoko zuzendariak gogoratu du sorreratik museoaren helburuetako bat irisgarritasuna izan dela, instalazioak hobetzeko eta ahalik eta jende gehienarentzat eskuragarri bihurtzeko orduan kontuan hartu baita. Oiassoko zuzendariak adierazi duenez, “kolektibo horiei guztiei Irunen dugun erromatar garaiko ondarea hurbildu nahi diegu”. Itxaso Bikuña museoko hezkuntza jardueren arduradunak gogoratu duenez, 2009. urtean Europako Museo onenen izendapenen artean egon zen Oiasso, besteak beste, irisgarritasun irizpideak zaintzeagatik. Dagoeneko Oiassok museoaren aretoetako informazioa braillez irakurtzeko aukera eskaintzen du euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez. Dena den, Juanjo Jiménezek aurreratu duenez, “guztion artean kulturaren erabateko irisgarritasuna lortzeko lanean jarraituko dugu”.

Liluratutako bisitariak
Beatriz Nocedak “Oiasso zure eskuetan” jardunaldiari esker lehen aldiz bisitatu du Irungo museoa. Esperientziaren inguruan galdetuta, “bisita oso bitxia izan da eta esperientzia itzela iruditu zait” adierazi du ONCEko kideak. Beatriz Nocedaren hitzetan, “zoragarria iruditzen zait nola eboluzionatu dugun ezagutu ahal izatea edo beste alderdi batzuen bilakaeran hainbeste aldatu ez garela ikustea”. Museoko piezen kopiak hartu eta ukitu ahal izatea oso esperientzia aberasgarria izan dela azaldu du, “sentsazioak bilatzeko” aukera eman diotelako. “Ez nuen espero Irunen hain polita den zerbait genuenik, beraz, uste dut merezi duela mundu guztiak museoa bisitatzea”, gaineratu du Beatriz Nocedak.

“Bisita oso bitxia izan da eta esperientzia itzela iruditu zait”

Beatriz Noceda, ONCEko kidea

Cristino Burgoarentzat, aldiz, ez da izan museora egin duen lehen bisita, baina jardunaldia “asko” gustatu zaiola azaldu du. Cristinok, oro har, historia gustuko duela azaldu du eta erromatar garaikoa, bereziki, interesgarria iruditzen zaiola adierazi du. “Historia bizi naizen hiriarekin lotuta badago, are gehiago interesatzen zait” onartu du irundarrak. Oiassora egindako aurreko bisitekin alderatuta, Cristino Burgoak azaldu du azken hau bereziagoa izan dela, ukimenaren bitartez gauza berriak ezagutzeko aukera izan baitute. “Piezak ukitzea, saltsak usaintzea eta dokumentala entzutea asko gustatu zait”, gehitu du historiazaleak.

“Piezak ukitzea, saltsak usaintzea eta dokumentala entzutea asko gustatu zait”

Cristino Burgoa, ONCEko kidea

Oiasso ezagutzen
Bestetik, “Oiasso ezagutzen” jarduera asteazkenero eta ostiralero egingo da urrian, museoan. Beste leku batzuetatik etorri berriak diren eta hizkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak hartzen dituzten ikastetxeei zuzendutako jarduera da. Gainera, laborategiko arkeologia eta ikerketako tailer bat egingo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude