Ondare eta Oskarbi elkarteek “Irun historia erraldoia” liburua publikatu dute elkarlanean

Liburua hiriko denda ezberdinetan edo Ondare elkartearen bitartez eskuratu ahalko da

Ondare eta Oskarbi taldeek “Irun historia erraldoia” liburua publikatu dute elkarlanean. Liburuan Ondare kultur elkartearen erraldoiak biltzeaz gainera, Irungo historiaren errepaso azkarra egiten da. Liburua idazteko elkarteak Oskarbi taldeko hainbat idazleen kolaborazioa izan du.

“Irun historia erraldoia” liburuan Ondare kultur elkarteko erraldoiak dira protagonistak. Erraldoien argazkietan oinarrituz, hiriarekin loturiko istorio, bitxikeria eta pasarte ezberdinak biltzen ditu liburuak eta bi urteko lanaren emaitza izan da. Izan ere, Iñigo Mangas Ondare kultur elkarteko presidenteak azaldu duenez, azkenaurreko erraldoien aurkezpenenaren ostean sortu zen liburu bat sortzeko ideia. Lehen ideia esku-orri bat publikatzea izan zen, baina, ideia eraldatu eta liburu formatuarekin argitaratu da azkenean.

Liburuan egun Ondare kultur elkarteak dauzkan erraldoi guztien inguruko informazioa irakur daiteke. Besteak beste, jenerala, zalditeriako kantinera, atxeroa, lastargina, Luis Mariano, Irugurutzetako meatzaria, mugazaina, trenbideetako langilea, amona baserritarra eta amabitxiaren dira argitalpen honetako protagonistak. Elkartearen erraldoi ezagunez gainera, pandemiaren ondorioz oraindik aurkeztu ezin izan diren elkartearen erraldoi berrien informazioa eta argazkiak biltzen ditu liburuak. Informazioaz gainera, liburua argazki eta zirriborroekin osaturik dago, elkartearen erraldoiekin loturiko historia laburbilduz. Iñigo Mangas Ondare elkarteko presidenteak adierazi bezala, “Irungo entitate eta norbanako ezberdinek parte hartu dute liburua osatzeko materialen bilketan”.

Ondare elkartearen erraldoietan oinarritua, baina, liburua Oskarbi taldea osatzen duten idazleen kolaborazioari esker argitaratu ahal izan da. Izan ere, eskualdeko idazle ugarik idatzitako testuekin osatu baita liburua. Bakarne Atxukarro idazleak azpimarratu duenez, “oso lan polita izan da, proiektua aurrera ateratzeko hiriko bi elkarte batu baikara”. Batura horri esker, Iñigo Mangasek adierazi duenez, testuen idazleen artean horrelako izen irundarrak aurkitu daitezke: Mikel Aia, Barkarne Atxukarro, David Barón, Felipe Cambon Pereña, Javier Gil, Eva Huerba, Román Huarte, Juanjo Peña, Luis Sagüés, Aitor San Martín, Itziar Sistiaga, Mateo Vergara eta Izaskun Zubialde.

Hiriko gertakarien adierazle
Bakarne Atxukarro eta Iñigo Mangas bat etorri dira Ondare elkarteko erraldoiak hiriaren historiaren gertakariak laburbiltzeko modu aproposa direla adierazterako orduan. Hain zuzen ere, erraldoiak begiratuz Irungo iragana markatu duten hainbat gertakari oroitu daitezke. Era berean, Irunen iraganarekin loturiko pasarte berezienak etxeko txikienei erraldoien bitartez hurbiltzeko modu aproposa izan daiteke. Zentzu horretan, Irundik kanpo bizi diren horientzat Ondare eta Oskarbi elkarteek elkarlanean sortutako proiktu hau bereziki erakargarria izan da. Bakarne Atxukarrok azaldu duenez, “kanpoan bizi diren irundarrei haien haurtzaroaren zati bat gogoratzen lagundu diegu”.

Oskarbi elkarteko idazleak adierazi duenez egun Irunen bizi diren hiritarrentzat “Irun historia erraldoia” liburua bereziki atsegina izan daiteke. Izan ere, irudiz lagundutako testuen bitartez hiriaren iragana eta gertakari ezberdinak ezagutu daitezke testu irakurterrazen bitartez. Atxukarrok nabarmendu duenez, liburua “biho- tza ukitzen duten” istorioez osaturik dago, argitalpena esperantza eta ilusioz idatzia izan dela ziurtatuz. Lana atsegin handiz egin dutela azalduz, Bakarne Atxukarrok adierazi du “idazleek emaitza guri lana egitea gustatu zaigun bezain beste gustoko izatea espero dugu”.

Liburua eskuratzeko bideak
“Irun historia erraldoia” liburua hiriko leku desberdinetan eskuratu daitke 20 euroren truke. Zehazki, Beds koltxoi-dendan (Aldapeta kalea, 1 zk.), Casa Mirón (Colón pasealekua, 7 zk.) eta Kiosko 33 (Argentinar Errepublika kalea, 13 zk.) dendetan eskuratu daiteke. Hortaz gain, Ondare elkartetik ere zuzenean salduko da. Iñigo Mangas Ondare elkarteko lehendakariak azaldu duenez sortzaileek haien kabuz editatutako liburua da, “lan askori” esker argia ikusi ahal izan duena.

Aurkezteko aukeraren zain
Ondare kultura elkartea erraldoien familia handituz doa. Azken eransketak Bidasoa klubaren erraldoia eta erromatar bikotea izan dira. Erraldoiak amaituak izan arren, pandemiaren ondorioz, ordea elkarteak ez du erraldoi berriak aurkezteko denborarik izan. Bidasoako erraldoia klubak duela 25 urte, 94/95 denboraldian, Europako txapeldun titulua lortu zuela ospatzeko ekitaldien barnean aurkezteko zen. Osasun krisialdiaren ondorioz, aldiz, ospakizun ekitaldi horietako asko bertan behera gelditu ziren. Erromatar bikoteak, berriz, hiriaren iragan erromatarrarekin lotura zuzena du eta, era berean, haien aurkezpena osasun krisialdiarengatik baldintzatuta egon da.

Pandemiak indarrak galdu eta erraldoiak berriro hiriko kaleak dantzatu bitartean, liburu honek itxaronaldia atseginago egiteko proposamena dakar.

 

Liburuaren aurkezpenaren bideoa Txingudi Online webgunean ikusi daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude