Ondare Kultur Elkarteak 6 erraldoi berriak aurkeztu ditu. Azaroaren 10ean Amaia Kultur Zentroan egindako “Irun, historia erraldoia” ikuskizunean aurkeztu ziren Ondareko erraldoien konpartsa osatuko dituzten sei kide berriak, Irungo historia errepasatu zuen ekitaldi batean.
2011 urtean sortu zen Ondare Kultur Elkartea erraldoi eta buruhandien inguruan lan egiteko asmoarekin. Denborak aurrera egin ahala eta, ekintza desberdinetan parte hartu ostean, elkartearen oinarrizko helburua berreskuratu nahi izan dute 6 erraldoi berri hauen bitartez. Juncal Eizaguirre Kultura Arloko ordezkariak azaldu duenez, “Irun arro sentitu daiteke sei erraldoi berriak eta Ondare elkartea edukitzeaz”
“Irun arro sentitu daiteke sei erraldoi berriak eta Ondare elkartea edukitzeaz”
Juncal Eizaguirre, Kultur arloko ordezkaria
Erraldoi berrien sorkuntzarako Irungo historia eta ondarea mantendu eta berreskuratzeari garrantzi handi eman dio beti Ondare elkarteak. Iñigo Mangas Ondare Kultur Elkarteko kideak adierazi du, “askotan kanpora goaz gauza berriak ezagutzera, etxean daukaguna baloratu gabe”.
Hiru tamainetako erraldoiak sortu dituzte. Erraldoi txikien bikotea Irugurutzetako meatzaria eta “Chocolates Elgorriaga” fabrikako langileak dira eta 4 urtetik aurrerako haurrek dantzatzeko prestaturik daude. San Martzialetako gaiarekin jarraitzeko, erraldoi ertainek atxero eta antortxera bat irudikatzen dituzte eta 13-17 urte bitarteko gazteek dantzatzeko pentsatuak daude. Azkenik, erraldoi handienak trenbide geltokiko burua eta opila eskuan daraman amabitxia islatzen dituzte eta, haien pisua eta tamaina dela eta, helduek dantzatzeko eraikita daude.
“Askotan kanpora goaz gauza berriak ezagutzera, etxean daukaguna baloratu gabe”
Iñigo Mangas, Ondare Kultur Elkarteko kideak
“Irun, historia erraldoia”
Azaroaren 11ean Amaia Kultur Zentroan aurkeztu ziren erraldoiak “Irun, historia erraldoia” izeneko ekitaldian. Erraldoiez gain, Irungo historia izan zen ekitaldiko protagonista, erraldoi bakoitzak islatzen duen garaira itzuliz. Izan ere, erraldoi batzuek egun ikus daitezkeen pertsonaiak irudikatzen dituzten arren, beste batzuk aspaldiko graietakoak dira. Ondare elkarteko kideek adierazi dutenez, Irungo Artxiboaren eta Bakarne Atxukarro idazlearen lana ezinbestekoa izan da berreskurapen lana aurrera eramateko.
Hiri erraldoia
Ondare Elkarteko Iñigo Mangasek azaldu duenez, datorren urtean Irun Euskadi mailan erraldoi eta buruhandi gehien izango dituen hiria izango da. Izan ere, Ondare, Bidasoa eta Atsegiñako erraldoi eta buruhandiak batuz, 29 erraldoi eta 28 buruhandi izango ditu hiriak. Gainera, Ondareko eskolara hurbiltzen diren haur guztien ondoroiz izen-emateak eten behar izan dituzte. Horregatik, datorren urtera begira, erraldoien familia handitzen jarraitzeko asmoa du Ondare elkarteak, izen-emateak berriro zabaldu eta haur guztiei erraldoiak dantzatzeko aukera eman ahal izateko.