Oporrak Bakean proiektuak EAEko 300 familia behar ditu uda honetan haur saharar errefuxiatuak hartzeko

Oporrak Bakean udan haur errefuxiatu sahararrak Euskadira ekartzeko programa da. Saharako Euskadiko Ordezkaritzako, Oporrak Bakean programa laguntzen duten udalak eta ekimena posible egiten duten harrera elkarte eta familietako ordezkariak Donostiako Ernest Lluch kultur etxean bildu dira datorren udarako komunikazio-kanpaina berriaren eta helburuen berri emateko.Uda honetarako EAEko 300 familia behar dira haur saharar errefuxiatuak hartzeko.

Mohamed Fadel Mojtarrek, Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkariak, haur sahararrak udan hartzeko programaren testuingurua azaldu du, baita programa horrek errefuxiatuen osasunerako duen garrantzia ere. Horrez gain, sahararrak Marokoko erregimenak okupatutako lurraldean, errefuxiatuen kanpamentuetan eta diasporan sakabanatuta egotera behartzen dituen Mendebaldeko Saharako gatazka eta egoera ezagutarazteko ere balio duela adierazi du.

Errefuxiatutako sahararren bizi-baldintzak nazioarteko laguntza humanitarioaren eta gero eta larriagoak diren muturreko klima-baldintzen mende daude. Medicos del Mundoren arabera, ohiko osasun-arazoez gain, Saharako hiru haurretik batek bakarrik jasotzen du hazkuntza egoki bat izateko behar duen dieta. Horrek Oporrak Bakean programa arnas gune bilakatzen du, bai parte hartzen duten adingabeentzat, bai haien familientzat, zeinekin oso harreman estuak sortzen diren.

Harrera familien bila

Garazi Etxebarria Hamadako Izarrak Elkarteko kideak argitu du nola kudeatzen den, 30 bat elkarteren eta erakunde publiko ugariren artean, Oporrak Bakean programa Euskadin, eta zein helburu ezarri dituzten aurten Izan ere, pandemia garaian bi urtez geldirik egon ondoren, oraindik ez da lortu aurreko urteetako kopuruetara iristea (153 parte-hartzaile 2022an eta 183 2023an). Uda honetan 300 umeri parte hartzeko aukera eskaini nahi diete, beraz familia kopuru bera beharko da, edo aterpetxeetan hartzeko baliabide nahikoak eskuratzea.

“Ez da erraza Oporrak Bakean ekimena aurrera eramatea”, ziurtatu du Garazik; izan ere, “Saharako, Aljeriako eta Espainiako gobernuek, autonomia-erkidegoek eta foru- eta udal-erakundeek esku hartzen dute, gizarte-zerbitzuetako eta lankidetzako sailen bitartez. Konplexutasunez betetako engranajea da, pertsona askoren bultzada eta borondate onik gabe bideratuko ez litzatekeena. Horietako batzuk dira gaur hemen bildu direnak”.

Azkenik, Estibaliz Barriok zure familia propioan haur saharar bati harrera egitea nolako esperientzia den azaldu du. Udako bi hilabete horietan izaten diren zailtasunak, beldurrak eta pasadizoak kontatu ditu, baina, batez ere,familiarentzat, haurrarentzat eta haien senideentzat suposatzen duen esperientzia pertsonala nabarmendu du. “Sekulako abentura”, ziurtatu du Estibalizek.

Jarduera aipagarrienak bisita medikoak, hondartzara edo igerilekura egindako txangoak, udalerrietako harrera jaialdiak… dira, eta, horretarako, Euskadiko saharar kolektiboaren, Saharar Ordezkaritzaren, Oporrak Bakean sustatzen duten elkarteen eta Saharako enbaxada txiki honi esperientziak eta bisitak eskaintzen dizkioten klub eta pertsonen babesa dute.

Oporrak Bakean programai buruzko informazio gehiago nai izanez gero, oporrakbakean@gmail.com helbidera idazteko edo 606 775 429 telefono zenbakira deitzeko aukera dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude