Oporretatik eskolara: nola egokitu?

Udan gaude: ze plazerra!!! Oporretan edo lanean, giro argi eta eder honek gure bizi-sen-tsazio positiboak bideratzen ditu. Ez dugu presarik, beranduago joan gaitezke lotara, denbora lasai pasatzen uzten dugu. Haur edo gazteek ez dute eskolara joan beharrik eta, nahiz eta gurasook zenbait betebehar eskatu, lasai daude, oso, trankil-trankil. Non geratu da estresa???
Sentsazio hau gure barnean gorde behar genuke, argazki baten moduan, datorren ikasturtean zehar gogoan eduki eta datorkigun estresari aurre egiteko. Laster amaituko dira oporrak, eskolara edo lanera bueltatzeko unea iritsiko da. Ez da erraza izaten erritmo lasai eta ardura gutxikotik erritmo azkarrera  bueltatzea. Beraz, azter ditzagun eskolara buelta-tzeko baliagarriak izan daitezken zenbait ohar:
• Has gaitezke poliki-poliki laster eskolara hasiko garela adierazten, haien sentimenduak eta emozioak jasoz. Gehienak haserre edo beldur agertuko dira; baina, atsegina ez bada ere, sentitzen dutena onartzea lagungarri izango zaie.
• Mezu positiboak ematea garrantzitsua da oso: lagunak ikusi, gauza berri interesgarriak ikasi edo gustuko dituzten eskolaz kanpoko ekintzak egingo dituztela azaldu. Batzuetan gurasook haurrak eskolan hasteko gogoa izaten dugu, gure lanean edo errutinan normaltasunean aritu nahi baitugu, eta nahi gabe adierazten dugu haurrak eskolara hasteko dugun irrika. Garrantzitsua da hori zaintzea, haurrek gure beharra dute eta zama direla sentitzeak eskolara joan nahi ez izateko jarrera susta dezake.
• Eskola garaiko ordutegia berreskuratu behar da emeki-emeki: etxera lehenago iristen, afalorduak eta lotarako ordutegia aurreratzen… Hmapiwebau progresiboki egitea egokitzapenerako garrantzitsua izan daiteke. Irailean ere uda giroa dugu eta eguraldi ona baliatuko dugu eskolara hastean ere.
• 0-3 urteko haurrek eskoletan egokitzapena egiten dute. Ez da erosoa gurasoentzat, batez ere lanean ari direnentzat, hasieran haurra eskolan denbora gutxi geratzen delako. Baina horren garrantzia islatu nahi nuke:
Haurra adin tarte horretan mundua deskubritzen edo ezagutzen ari da; inguruko gauzak behatzen ditu, hartu eta esploratu, eta harremanetan jartzen da beste pertsonekin zein inguruarekin. Behaketa eta esplorazio hauek haurrari bere garapen kognitibo eta afektibo positiboa egiten laguntzen diote. Horretarako, mundura ireki eta deskubritzeko segurtasuna ematen dion oinarri bat behar izaten du, eta horri a-txikimendu-irudia deitzen diogu. Haurrak pertsona helduekin egiten duen harreman afektiboa da atxikimendua, eta harreman mota hori segurua izatea oinarrizkoa da. Lehen harreman eta lotura horiek eragina izango dute haurrak etorkizunean izango duen segurtasun eta babes emozionalean, bai eta egingo dituen harreman positiboetan ere.
Adin tarte horretan gurasook gara atxikimendu-irudi nagusiak, baina irakasleek ere garrantzi handia har-tzen dute. Beraz, haurrek irakasleekin atxikimendu lotura eraiki behar dute, eta horretarako denbora behar dute. Irakaslearekin eta eskolako espazioarekin lotura emeki eta lasai egiteak garrantzia handia du. Haur bakoitza mundu bat da, bakoitzak bere denbora eta erritmoak behar izaten ditu. Haurrak lotura segurua egiten badu, poliki sartuko da giro berrian eta gustura joango da eskolara. Beraz, ikastetxeetako egokitzapen prozesua ulertzea eta errespetatzea funtsezkoa da.
• Haur guztiek, baita gazteek ere, segurtasunezko lotura bat behar dute irakaslearekin; batik bat, babes afektiboa sentitzeko eta eskolako eremuan lasaitasunez ibiltzeko. Ziklo aldaketak ere kontutan hartu behar dira. Haurrek ikaskide, irakasle edo eskola berriak izan ditzakete, eta aldaketa horiek guzti- ek beti urduritu edo beldurtzen gaituzte. Haurrari zerk kezkatzen duen galdetu eta segurtasuna emango diogu: aurretik berarekin joango den ikaskide batekin geratu, eskola berria ikustera joan, irakaslea ezagutu, behar diren gauza guztiak prestatu…
• Haurrak eskolan ongi daude, zainduak daude; baina argi eduki behar dugu gure haurren hezitzaile nagusiak gu geu garela, gurekin bezain ongi ez direla inorekin izango, gu baikara haien erreferente nagusiak. Beraz, ikasturte hasieran ez ezik, ahal dugun neurrian haurrak gurekin egotea beharrezkoa da: ahal dugunean etxera bazkaltzera ekarri, jolastokietara eraman lagunekin jolasteko, elkarrekin gustuko planak egin… Gurasook gara haien erreferentea eta eredua, haien afektibitate eta babes emozionalaren sortzaile nagusiak.
Beraz, gogora ditzagun udako une lasai eta eder hauek, eta ikasturtean zehar mantentzen ahalegindu. Ez da erraza, baina hori da nire buruari ipiniko diodan ikasturte hasierako helburu edo amets. Izan zoriontsu eta disfrutatu momentuaz!!!!!

Mapi Urresti Ortiz
KUTTUN AHOLKULARITZA PSIKOPEDAGOGIKOA
kuttun@kuttun.net

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude