Oroitzapenak ahanzturatik berreskuratuz

Bearnoko Gurs errefuxiatu-kontzentrazio esparruari buruzko dokumentala egin du Askatasunarte elkarteak

Gurs. Recuerdos desde el olvido dokumentalaren estreinaldia hartu zuen Amaia Kultur Zentroak irailaren 19an. Nazioarteko dimentsioa duen gaia lantzen du filmak, 1939tik 1946ra arteko epean, hainbat herrialdetako errefuxiatuak eta presoak pasa baitziren bertatik. 60.000 pertsonatik gora, guztira. 1073 hilobi, eta hiltzera bidalitako 12.000 gizon-emakume. Horiexek, Gurseko esparruak utzitako zenbait ondorio. Natalia Cambronero ekoizle irundarrak argudiatu du aurkezpenerako bere hiria hautatu izanaren arrazoia: “Irunek muga irudikatzen du, Gurserako pasabidearen sinboloa da. Nabarmendu beharra dago, era berean, Irungo 300 familia pasa zirela Gurseko esparrutik”.

Kasualitatez izan zuten Natalia Cambronerok eta Alejandro Santosek Gurseko esparruaren berri. Lasaitasun bila heldu ziren Gurs herrira, hiritik aldendu eta landan etxe bat erosteko asmoz. Irundik ordu eta erdira dago Gurs, Bearnon, Gave d’Oloron ibaiaren haranean. Bertan bizi dira gaur egun, Cambronero eta Santos. Kontzentrazio esparru izandako gunean, interpretazio zentroa dago, eta bisita egin zioten, handik bizirik irtendako gizon batekin. “Adinagatik, edo ezjakintasunagatik, ez genuen Gurseko esparruaren historia ezagutzen. Harrituta geratu ginen”, aitortu du Alejandro Santosek.

1939 urtean eraiki zuten esparrua, Frantziako gobernuaren aginduz, Espainiako Gerra Zibileko errefuxiatuak hartzeko. Halako hogeita bost esparru egon ziren, guztira, Frantzia hegoaldean. 28 hektareako espazio batean, 382 barrakoi eraiki zituzten. 5x30m-ko neurria zuten barrakoiek, eta bakoitzean, 60 lagun ere sartu izan zituzten. 1939ko maiatzean, 19.000 errefuxiatu zeuden Gursen, horietatik 6.500, euskal herritarrak. Espainiako estatuko beste lekuetakoak, eta Nazioarteko Brigadetan parte hartu zuten boluntario atzerritarrak ere bazeuden. Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, eta denbora labur batez, Frantziaren etsaiak ziren herrialdeetako presoak kontzentratzeko erabili zuten.

1940an Frantziak eta Alemaniak armistizioa sinatu eta gero, Vichyko gobernu kolaborazionistaren mende geratu zen Gurseko esparrua. Hortik aurrera, judutarrak, ijitoak, homosexualak, eta Alemania naziarekiko disidente politikoak giltzaperatu zituzten Gursen. Alemaniako sarraski-esparruetara bidali zituzten horietako asko. Natalia Cambronerok eta Alejandro Santosek azpimarratu dute bereziki deigarria iruditu zitzaiela esparruaren barruan, alanbradetatik atea gabe, errefuxiatuek lehenengo, eta presoek ondoren, aurrera eraman zuten kultur mugimendua. Cambronerok azaldu du: “Bi fase egon ziren: Gerra Zibilaren ondorengoan, ez zen kontsakratutako artistarik egon. Adierazpen artistikorako, eskura zuten bakarra erabili zuten: buztina. Salaketa artea izan zen, batez ere. 1940-41etik aurrera, artista kontsakratuak agertu ziren, Alemanian erakusketak egindakoak, eta Hitlerrek degeneratutzat hartu zituenak”.

Erakusketa lehenengo, dokumentala ondoren

Lehen bisita haren ondoren eratu zuten Askatasunarte elkartea, artearen lengoaia erabilita, Gurseko esparruan egondako jendea omentzeko helburuarekin. 2014an martxan jarri zuten, eta nazioarteko arte lehiaketa bat izan zen haien lehen ekimena. “Munduko leku askotako artisten parte hartzea lortu genuen. Ondoren, mugaz gaindiko erakusketa bat antolatu genuen lan haiekin. Erakusketarekin batera, Gurseko esparruaren historia kontatzen zuten panel batzuk zeuden. Bertan egon ziren artista batzuen obrak ere utzi zizkiguten”, adierazi du Alejandro Santosek.

“Behin eta berriro birplanteatu dugu proiektua, eta aberastuz joan da denborarekin”
Alejandro Santos, zuzendaria

Erakusketarekin alde batetik bestera zebiltzala, esparruan egondako eta bizirik irtendako jendea ezagutu zuten. Horrek dokumentala egitera bultzatu zituela aipatu du Santosek: “Iruditu zitzaigun sekulako zortea zela jende hori ezagutzea, eta denbora luzez biziko ez zirenez, haien testigantzak grabatzea erabaki genuen”. Hasieran, proiektuak ez zuen aurreikuspenik ezta egiturarik ere. Denborarekin, ordea, dokumentalari forma emanez joan ziren. Artxiboko filmaziorik ez dago, eta argazkiak topatzea ere, zaila izan zitzaien. Pauen dagoen Pirinio Atlantikoetako departamentuko artxiboan ekin zioten bilaketari. “Pixkanaka, informazioa eta kontaktuak lortuz joan ginen”, adierazi du Alejandro Santosek: “Urte eta erdiko lana izan da. Behin eta berriro birplanteatu dugu proiektua, eta aberastuz joan da denborarekin”.

Hiru ildo nagusi ditu dokumentalak: testigantzak, azalpen historikoak eta hausnarketak. Gursen egondako mugimendu artistikoari ere tarte zabala eskaini diote. “Gursen historiak, XX.mendeko arorik ilunenean milaka lagunek bizi izan zuten deserrotze hura irudikatzen du. Baina era berean, giza eskubideen, demokraziaren eta berdintasunaren aldeko borroka ere irudikatzen ditu”, hausnartu du Santosek.

“Oso pozik gaude orain arte izan duen harrerarekin, eta ibilbide oparoa izan dezan espero dugu”
Natalia Cambronero, ekoizlea
Ezagutza, akatsak errepikatu ez daitezen

Dokumentalaren zuzendariek uste dute erdietsi duten lorpenik handiena, jende askorentzat ezezaguna zen historia azaleratzea izan dela. Arte erakusketari esker, 12.000 lagunengana iritsi ziren. Dokumentalarekin, Bilbon, Baionan, Altsasun, Huescan eta Madrilen dituzte emanaldiak, oraingoz, urtea amaitu aurretik. Datorren urterako, frantsesera itzuli eta Bordelen eta Parisen emango dute. “Oso pozik gaude orain arte izan duen harrerarekin, eta ibilbide oparoa izan dezan espero dugu”, aitortu du Natalia Cambronerok.

Iragana ezagutzeaz harago, arazo garaikideez hausnartzeko aukera ere ematen du Gursen historiak. Zentzu horretan, errefuxiatuen egoera gogorarazi nahi izan du Santosek: “Beti esaten da akatsak ez errepikatzeko gogoratu behar dela iragana. Baina ez dakit 70 urte barru ez ote garen antzeko gauzak planteatzen ariko”. Momentuz, belaunaldi berriek ere Gursen historia ezagutu dezaten, Iparraldeko eta Hegoaldeko zenbait ikastetxetan landuko duten ikus-entzunezko materiala prestatzen ari dira Askatasunarte elkarteko kideak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude