Eskualdean osasun sistema publikoaren hobekuntza eskatzeko helburuarekin jaio zen plataforma da Osasun Bidasoa. Hasiera batean, Bidasoa ospitaleko instalakuntzak berritu ahal izateko ebakuntza gelak Donostiara eramatea saihesteko biltzen hasi ziren. Gaur egun ordea, Bidasoko biztanleek eskura duten osasun zerbitzuarekin loturiko hainbat arazo eta gabezia salatzeaz arduratzen dira.
2022ko maiatzaren 2rako zegoen aurreikusita Bidasoa ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko obren hasiera. Herritarrek eta osasun arloko langileek eskatzen zuten bezala hasierako proiektua bertan behera gelditzea lortu zen. Harrezkero, Eusko Jaurlaritza proiektu alternatibo bat diseinatzeko lanean ari da. Osasun arloko agintarien lehen asmoa izan zen obrek irauten zuten bitartean ebakuntza gelak Bidasoatik Donostiako Onkologikora eramatea.
Osasun Bidasoa plataformako kideek azaldu dutenez, ebakuntza gelen aldi baterako lekualdaketa gelditzeko eskualdean antolatutako mobilizazioak ezinbestekoak izan ziren. Juan Carlos de Benito Nagusilan elkarteko eta Osasun Bidasoa plataformako kidea da eta bere hitzetan: “Obrak gelditzea herritarren bultzadari esker lortu zen”. Hain zuzen ere, proiektua ezagutarazi zenetik 6.000 pertsona baino gehiago batu ziren eskualdean antolatutako kontzentrazio eta mobilizazioetara.
Azken aldian ez da gaiaren inguruko nobedaderik izan. “Bidasoa Ospitaleko gerentziarekin izandako azken bileran esan ziguten egoera erabat geldi dagoela, Gasteizko agintaritzara aurkeztutako erreforma-proiektu berriarekin zer gertatuko den esperoan”, adierazi du Juan Carlos de Benitok. Dena dela, adierazi du Osasun Bidasoa plataforman ez dakitela zertan datzan aurkeztutako proiektu berria. Nolanahi ere, ospitaleko instalakuntzak berritzeko beste bide batzuk bilatu behar direla aldarrikatzen dute. Juan Carlosek aipatu duenez, “egungo espazio arazoaz gain, obrek zikinkeria eta kutsadura asko sortzen dute eta pazienteek hori sufritu behar izatea saihestu nahi dugu”.
Plataformak berriz, hasierako aldarrikapenei eusten die. Conchi Indakoetxea Txingudiko Elkarte Feministako kidea da, Osasun Bidasoa plataforman parte hartzeaz gainera, eta elkartearen proposamena horrela laburtu du: “Ebakuntza gelak berritzeko Bidasoa Ospitalean bloke kirurgiko berri baten eraikuntza eskatzen dugu”. Plataformako kideek mobilizazioen hasieratik etengabe errepikatu dute eskakizun hau. Conchi Indacoecheak gaineratu duenez, “Bloke kirurgikoarekin ospitaleko instalakuntzak zabaltzeaz gain, beharrezkoa ikusten dugu Irungo Oñaurre auzoan anbulatorio bat eraikitzea”.
Lekurik gabe
Bidasoako ebakuntza gelen gaiak bi urte inguru daramatza hautsak arrotzen. Dena dela, ez da azkenaldian eskualdeko osasun sistema publikoan hobetzeko atzeman den gabezia bakarra. Izan ere, bloke kirurgikoak agerian utzi du Bidasoa Ospitaletik zein eskualdeko gainontzeko osasun zerbitzuetatik salatzen ari den espazio falta. Manel Ferrán medikuak azaldu duenez, “zerbitzua eman ahal izateko leku nahikorik ez dutenez, ospitaleko ekitaldi-aretoa ari dira erabiltzen lan egiteko”.
Ospitaleaz gain, Irungo anbulatorioetan espazio falta nabaria da aspaldi. Pandemiaren iritsierarekin Irun Erdialdeko anbulatorioaren kanpoko aldera eraikuntzan erabili ohi diren barrakoiak iritsi ziren zerbitzua osatzeko. Ordutik, bertan jarraitzen dute, anbulatorioaren atzeko patioan, eraikinean leku falta aparteko zerbait ez dela baieztatuz. Manel Ferránek duela gutxi erretiroa hartu du Irun Erdialdeko Anbulatorioko Lehen Mailako Arretako unitate buru gisa. “Irun Erdialdeko anbulatorioak 65 urte baino gehiago ditu eta Euskal Autonomia Erkidegoan biztanle gehien artatzen dituen zentroa da”. Manel Ferránek azaldu duenez Dunboako anbulatorioa apur bat modernoagoa da, 1991. urtekoa baita, baina txiki geratu zen aspaldi.
Espazio falta nabarmenaren aurrean, duela 20 urte baino gehiagotik Irunek proiektu bat du Oñaurren hirugarren anbulatorio bat eraikitzeko. Hala ere, oraindik ez da proiektua martxan jarri. Irungo Udalak hirugarren anbulatorio bat eraiki ahal izateko orube bat laga zuen duela 10 urte baino gehiago. “Ezinezkoa da lehen mailako arreta hobetzea profesionalek lan egiteko espazio fisikorik ez badute”, azaldu du Manel Ferrán medikuak. Plataformako kideen ustez Irunen lehenbailehen hirugarren anbulatorio bat eraikitzea beharrezkoa da, egungo premiak ez baitu etorkizunera begiratzen duten proiektuen zain egoteko astirik ematen.
Gabeziak nonahi
Osasun Bidasoa plataformak bere gain hartu ditu bidasotarren osasun sistemarekin zerikusia duten arazo horiek guztiak. Osasun-zerbitzuaren arrazoietako bat langilerik eza da. Ferrán medikuak azaldu duenez, osasun arloko profesionalak falta dira eskualdeko hainbat esparrutan. “Uztailetik urologia arloko medikuak falta dira”. Izan ere, eskualdean urologia medikuentzako 4 postu badaude ere, une honetan 2 baino ez dira zerbitzua ematen ari, kontuan hartuta zenbait profesionalen dedikazioa lanaldi partzialekoa dela. Urologoez gain, lehen mailako arretan familiako medikuen eta pediatren falta ere nabaria da. Manel Ferrán medikuak bere kezka azaldu du. “Susmagarria da profesionalek Bidasoa bezalako eskualde batean lan egiteko interesik ez izatea”.
Ferránek adierazi du langile faltak erakusten duela gauzak ez direla behar bezala egiten ari, baldintzek ez baitituzte profesionalak erakartzen. Bestetik, Juan Carlos de Benitok ohartarazi duenez, “ez da ahaztu behar orain lanean ari diren profesional asko baby boomaren belaunaldikoak direla eta hemendik urte gutxira langile falta are nabariagoa izango dela”. Nagusilan elkarteko kideak salatu du Osakidetzak etorkizunean areagotuko den profesionalen falta aurreikusi behar zuela eta orain arte arazoa saihesteko ezer gutxi egin duela.
Itxaron-zerrenda amaigabeak
Ganorazko espazio eta profesional faltaren emaitza itxaron-zerrenda amaigabeak dira. Azken hilabeteetan eskualdeko profesionalek salatu dute Bidasoko osasun sistemako zenbait espezialitateetan itxarote zerrendek ez dutela amaierarik. Manel Ferrán mediku ohiak azaldu du osasungintzan bi motatako itxarote zerrendak daudela. Batetik, itxaron zerrenda kirurgikoak, ebakuntza bat egiteko itxaron beharreko denboraz hitz egiten dutenak eta legez 6 hilabetetik beherakoak izan behar dutenak. Bestetik, familiako medikuek pazienteak espezialistengana bideratzen dituztenean espezialitate bakoitzean sortzen diren itxaron zerrendak daude eta horiek dira gaur egun eskualdean buruhauste gehien eragiten ari direnak.
Manel Ferránek elkarrizketa egin zen aste berean, urtarrileko bigarren astean, eguneratutako hainbat datu eman zituen. Horien arabera, urologia espezialitateko itxaron zerrendak itxita daude uztailaz geroztik, zerbitzuko profesional faltaren eraginez. Traumatologiaren kasuan itxaron zerrenda 215 egunekoa da eta ekografia bat egiteko 300 egun itxaron behar dira. Kardiologia eta digestiboaren espezialitateetan itxarote denbora bi hilabetekoa da.
Ferrán medikuak azaldu du osasungintzako kalitate estandarrek diotenaren arabera itxaron zerrenda bat hilabete batera iristen denean marra gorriaren ertzean dago. Beraz, kalitatezko zerbitzua eskaini nahi bada itxaron beharreko denbora bi hilabete edo luzeagoa izatea “pentsaezina” dela gaineratu du. Gaur egun Bidasoko espezialitateetan ikusi daitezkeen zifrek “herritarren osasuna arriskuan jartzen dutela” gehitu du medikuak.
Eta ez hori bakarrik, ondorioz, lehen mailako arreta kolapsatu egiten da. Juan Carlos de Benitok adierazi duenez, itxaron zerrenda amaigabeen aurrean, jende askok “lasterbidea” ikasi du, eta larrialdietara jotzen dute azkarrago artatuak izateko. Nagusilan elkarteko kideak salatu du “horrelako portaerek larrialdietako zerbitzuak kolapsatzea eragiten dute”. Era berean, argitu du jokabide horiek ulertzen dituela arretarik ezaren aurrean. Are gehiago, Juan Carlos de Benitok adierazi du atzerapen horrek antsietate handia eragin dezakeela pazienteen artean, batez ere gaixotasun baten diagnostikoan proba garrantzitsu baten zain daudenen kasuan.
Etenik gabeko borroka
Eskualdeko osasun sistemak bizi duen egoera eta gabeziak salatzeko hainbat mobilizazio antolatu ditu Osasun Bidasoa plataformak. Azken mobilizazio zikloa 2022ko abenduan eta 2023 urtarrilaren artean egin zuten, Bidasoko lehen arretako zentroen aurrean elkarretaratzeak eginez. Elkarretaratzeak arratsaldeko 14:00etan egin ohi dira, osasun zentroetako langileen parte hartzea errazteko. Manel Ferránen hitzetan, “mobilizazio guztietara jende asko joan da, eta horrek erakusten du jendea benetan kezkatuta dagoela”.
Orain arte egin duten bezala, etorkizunean ere kalera irteten eta osasungintzarekin lotutako bidegabekeriak salatzen jarraitzeko prest daude plataformako kideak eta herritarrak. Conchi Indacoecheak irmoki adierazi du “plataformaren helburua protesta egiteko kalera ateratzen jarraitzea dela, Oñaurreko anbulatorioaren eta ospitaleko bloke kirurgikoaren eraikuntza lortu arte”. Horrela, Osasun Bidasoa plataformak bere sorreran erabilitako leloari eusten dio oraindik ere beraien eskakizunak egiteko: “handitu, berritu, hobetu”.