Osasunaren Aldeko Miliak egitasmoak duatloi formatuan Colón pasealekua hartuko du ekainaren 19an

6. Osasunaren Aldeko Miliak jardunaldia ekainaren 19an ospatuko da. Bidasoa Atletiko Taldetik bultzatutako egitasmoak nobedadeak dauzka. Izan ere, ohiko moduan igande goiz osoa hartuko duen jardunaldia izango da eta Irungo erdigunean egingo da, baina ekintzetako batek duatloi formatua izango du Irungo Txirrindulari Elkartearen lankidetzari esker. Aurreko edizioetan bezalaxe, helburua izango da biztanleriaren sektore guztietan jarduera fisikoa sustatzea.

Eguna, ohi bezala, adineko pertsonekin hasiko da Ttipi-Ttapa ibilaldi osasungarriarekin, baina ekintza ordu erdi aurreratu da eta goizeko 9:30ean hasiko da. Jarraian taldekako 4×1 miliako lasterketan talde herrikoiez gain, bigarren hezkuntzako ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dute.

Aniztasun funtzionala duten kirolariek ere beraien gaitasunetara egokitutako probak izango dituzte. 11:00etan gurpildun aulkiek eta handbikek hartuko dute Cólon pasealekua. 11:15ean, berriz, aniztasun funtzionala duten kirolarien txanda izango da eta nahi duten pertsona guztiek lagundu ahalko dituzte mila bat eta erdiko luzera izango duen ibilbidean.

Ondoren, 11:30ean, estreinatuko da Juanma Garate Txiki duatloiaren lehen edizioa, orain arte egindako binakako lasterketa ordezkatuz. Duatloia gaztetxoek parte hartzeko prestatu da, hau da, benjamin, kimu eta haur kategorietako haurrentzat. Izena emateko hiru euro ordaindu beharko dira eta ekarpena Gipuzkoako minbiziaren aurkako elkarteari laguntzeko erabiliko da. Iñigo Eseberri Bidasoa Atletiko Taldeko ekitaldi arduradunak azaldu duenez, “oso ohikoa ez den proba bat da, lasterketak txirrindularitzarekin lotzen dituena, kategoria eta adin bakoitzari egokitutako distantzietan”. Era berean, duatloian parte hartzera datozenei autoa Ficobako aparkalekuan aparkatzea gomendatu die Bidasoa Altetiko Taldeak. Era berean, Iñigo Eseberri klubeko ekitaldien antolakuntzako ordezkariak baieztatu duenez, Zabaltza plazan bizikletak gordetzeko kontsigna zerbitzua antolatuko da.

Edariz, frutaz eta gailetez osatutako anoa postuak egongo dira proba guztietako parte hartzaileentzat. Hala ere, egunean zehar antolatuko diren proba guztiek ez dute txapelketa izaera izango. Beraz, Milia egokituetako eta errelebo lasterketetako parte-hartzaileentzako bakarrik izango dira sariak.

Proba guztietarako izen emateak zabalik daude Kirolprobak webgunean. Dena den, jardunaldiaren egunean bertan ere izena eman ahalko da goizean zehar egingo diren probetarako. Lasterketen prezioak mantendu egiten dira: 7 euro pertsonako – 28 euro 4×1 miliako taldeek. Duatloiak 3 euroko prezioa izango du. Lasterkariaren poltsaren bilketa irteeran egingo da zuzenean, igandeko 8:45etik aurrera.

Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol ordezkariak Iñigo Lavado jatetxean egindako prentsaurrekoan adierazi duenez, udala horrelako ekitaldien antolaketarako ahal bezain beste erraztasun ematen ahalegintzen da, baina Bidasoa Atletiko Taldea edo Irungo Txirrindulari Klubak bezalako entitateek egiten duten lana eta ahalegina gabe ezinezkoa litzateke halakorik antolatzea. Borja Olazabalek adierazi du, “pozgarria iruditzen zait Irungo erdialdea bi klubek elkarlanean antolatutako proba horrekin bete ahal izatea”. Horrelako ekintzek igande goizetan Colón pasealekuan auto, ke eta zarata desagerraraztea laguntzeaz gain, ekintza osasungarriak sustatzen dituztela gogoratu du ordezkariak. Gainera, Kirol ordezkariak, kirola sustatzeko helburuaz gain, probaren izaera solidarioa azpimarratu du.

Elkartasunaren aldeko jarduera
Osasunaren aldeko miliak, biztanlerian kirol jarduera sustatzeaz gain, beste helburu solidario bat izango du. Ekitaldiaren antolaketaren bitartez bildutako diru guztia Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak jasoko baitu. Eguerdiko 13:00etan Milia solidarioa izeneko eguneko azken lasterketaren txanda izango da. Parte-hartzaileek ibilbidea oinez edo korrika egiteko aukera izango dute. Iñigo Eseberrik gogoratu du ekarpenak egiteko modua oso erraza dela; goiz osoan zehar dortsal solidarioak eta probako kamisetak salduko dira Zabaltza plazaren inguruan. Egun horretan zehar boluntarioek biltzen dituzten diru ekarpen guzti-guztiak Gipuzkoako Minbiziaren aurkako elkarteak jasoko ditu.. Gainera, aurten ekitaldiaren oroimenezko kamisetak ere erosi ahal izango dira 5 euroren truke.

Gemma Landatxe Bidasoako Minbiziaren Aurkako Elkartearen egoitzako gizarte langilea da eta jardunaldiaren irabaziak hirugarren urtez jarraian beraien elkartearentzat izatea asko eskertu du. “Horrelako diru ekarpenak Bidasoako egoitzan minbiziarekin loturik egiten diren jarduera guztietarako ekarpen zuzenak dira”, adierazi du Gemmak. Elkartearentzako ekarpen ekonomiko garrantzitsua jasotzeaz gain, gizarte langileak azpimarratu du Osasunaren Aldeko Miliak jardunaldiaren bitartez Bidasoa Atletiko Taldeak Minbiziaren Aurkako Elkartearen jarduera ezagutarazten eta zabaltzen duela. Era berean, ekarpen ekonomikoak elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak zabaltzeko aukera ematen dio elkarteari. Diruaz gain, Gemma Landatxek elkarteak boluntarioen behar handia duela gogoratu du.

Bidasoa Atletiko Taldeak eskerrak eman dizkio Salto Systems enpresari lasterketa antolatzeko emandako babes garrantzitsuagatik. Ane Zabala Salto Systems enpresako ordezkariak adierazi duenez, “Salto Systemsentzat ohore handia da kirola eta elkartasuna batzen dituen proba honen antolakuntzan lagundu ahal izatea”. Era berean, antolakuntzak eskertu du Irungo Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Osakidetzaren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren, Kirol Egokituaren Federazioaren eta Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen Gipuzkoako Ordezkaritzaren laguntza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude