Oskarbi taldea erreferentziazko taldea da euskal kantagintzan. Orain dela 55 urte sortua, 13 disko dauzka euskal taldeak bizkarrean. Kide irundarrak dauzkan musika taldeak IGA abesbatzarekin elkarlanean kontzertu bat eskaini du duela gutxi. Oskarbi taldeko Jose Luis Trekuk musika taldearen bilakaera errepasatu du.
Oskarbi ibilbide luzeko musika taldea da, izan ere, 55 urte dira musika munduan hasi zinetela?
Bai. Nik uste euskal kantagintzan Oskarbi taldea dela hainbeste iraun duen talde bakarra, Benito Lertxundirekin batera. Esan nahi dut, Ez Dok Amairu sortu genuenen artetik oraindik irauten dugun bi artista gaude, Benito Lertxundi eta gu.
Sorrerako testuinguruak eta egungoak ez du inolako zerikusirik?
Bai, esan bezala, kantagintzan eta musika munduan aldaketak izan dira. Noski, Oskarbi taldean ere, nahiz eta haria mantentzen saiatu, aldaketak izan ditugu bai jende aldetik bai musika aldetik.
Tartean pandemia bati aurre egin behar izan diozu. Nolako eragina izan du taldean?
Noski eragin digula, baina uste dut azkar etorri garela berriz gure onera. Adibidez, 2021ean 5 kontzertu eman genituen eta gurea bezalako talde batentzat hori ez da zerbait erraza. 2020an, kanpoan ibili ezin ginenez, talde barneko lan handia egin genuen. Horrela, denbora disko berria prestatu eta grabazioak egiteko aprobetxatu genuen.
Denboralearen ostean, uste duzue musika mundua ere egonkortzen hasi dela?
Bai, orain arte kontzertu dezente emateko aukera izan dugu eta pentsatzen dugu hori normaltasunaren adibide garbia dela. Gainera, disko berria kaleratu dugu eta horrek bultzada txiki bat eman digu.
Oskarbi Taldean kide irundarrak dauzkazue?
Momentu honetan gutxienez bi kide irundar dauzkagu. Gontzal Iñarra eta Oihana Lekuona. Hendaian bizi den beste kide bat ere badugu, Iñaki, baina Irundik asko ibiltzen da. Orain arte ere Maite Lopez de Arbina izan dugu gurekin.
Erraza izan da 13. diskoa argitaratzea?
Bai, pandemiaren etenaldiak sorkuntzan lagundu zuen. Adibidez, pandemiak grabazioaren une zailenean harrapatu gintuen, estudiora grabaketak egitera joateko aukera besterik ez genuelako, indarrean zeuden murriztapen neurriengatik. Abesbatzarekin grabatzeko ordea, arazoak izan genituen. Oskarbi taldeko 10 kide eta Loinaz abesbatzako 30 kideak elkartzea ez zen batere erraza izan teknikoki, eta pandemia testuinguruan are gutxiago.
Diskoaren bereizgarria da abesti gehienak zeuek sortu dituzuela, ezta?
Oskarbi taldearen ibilbidean gure jarduera nagusia euskal kantu herrikoiak guk abestea eta jendearen artean ezagutaraztea izan da. Beste gauza bat da sorkuntza propioa, hau da, zerotik abiatu eta kantu berriak egitea. Azken disko honetan alor hori asko landu dugu, soilik bat edo bi kantu herrikoi sartu ditugulako, gainontzekoak guk sorturikoak direlako.
Nolako harrera izan du diskoak publikoaren artean?
Hori neurtzea ez da batere erraza. Orokorrean publiko nahiko iraunkorra dugula esango genuke. Beste edozein musika generorekin alderatua apur bat mugatua da, kultukoa, baina orokorrean jarrera ona izan da.
Hasieratik taldearen musika estiloa asko hazi da?
Egia da gure sorreratik lerro nagusi batzuk jarraitzen ahalegindu garela. Hasieratik ahots talde bat izan gara eta azkenaldian, berriz, instrumentu gehiago sartu ditugu gure abestietan. Baina beti oinarria mantentzen saiatu gara. Kantuak lantzeko dugun modua ere berezia da, normalean ez baikara partituretatik abiatzen. Lehenengo melodia bat sortzen dugu eta gero ahotsak sartzen ditugu. Sorkuntza hori entseguetan gauzatzen da, bai ahots zein instrumentuekin probak eginez. Taldera batzen diren musikariak gure lan egiteko era ezagutzen dutenean harritu egiten dira, belarriz edo inprobisazioz funtzionatzen dugulako.
Orain dela gutxi IGA abesbatzarekin kontzertua eskaini zenuten. Nola moldatu zineten elkarrekin eszenatoki gainean?
Benetan diot oso esperientzia polita izan dela. Oskarbi bezalako talde heldu batek gazte abesbatza batekin lan egitea oso esperientzia polita izan da. Beraien dinamika eta gure esperientzia elkartu ditugu eta lehenengo egunetik oso ondo ulertu gara. Orain arte hainbat abesbatzekin lan egin dugu, baina hauekin hasieratik lotura sentitu dugu. Entsegu gutxi egin ditugun arren, primeran ulertu gara.
Oskarbik beti elkarlanean aritzeko prestutasun handia izan du?
Azken urte hauetan partitura asko egin ditugu eta horrek abesbatzekin batera kantatzeko aukera eman digu. Herriz herri hainbat abesbatzarekin lan egin dugu eta, horrela, hiru edo lau kontzertu egiteko aukera izan dugu. Argi dago horrek lan gehiago suposatzen duela, abesbatzekin harremanetan jarri edo herrietara joateko. Abesbatza askok aukera eskertu digute, izan ere, pandemiaren ostean asko dira noraezean dabiltzanak.
Zeintzuk dira Oskarbi taldearen hurrengo kontzertuak?
Orain arte lau kontzertu izan ditugu. Hurrengoa apirilean izango dugu Lazkaon, Kantaka abesbatzarekin. Ondoren, Eibarren egongo gara Coliseo antzokian hango abesbatzarekin. Uztailean Oiartzunen izango dugu kontzertua, herriko elizan. Udazkenean beste hiru edo lau kontzertu izango ditugula aurreikusten dugu, besteak beste, Aretxabaletako abesbatzarekin, Atarrabiakoarekin eta Gernikakoarekin.
Nola ikusten duzue taldearen etorkizuna, oskarbi edo lanbrotuta?
Talde guztiek dute beren amaiera eta Oskarbik ere izango du. Ez dakigu zer data jarri amaiera horri. Azkenaurreko diskoa gure azken diskoa izango zela esan ziguten arren, beste disko bat kaleratzea lortu genuen ostean. Uste dut oraindik ere beste disko bat kaleratzeko gai izango garela, baina oraindik ez dugu epe zehatzik buruan.
Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.